Lekua eta eguna: Bilbo (Arriaga) 2014-09-28. Testua: Mixel Etxekopar. Errejenta: Nicole Lougarot.
Ederlezi buhameen udaberriko jaia da, hala nola horri buruzko abestiaren titulua. Abesti berezi hau hizkuntza askotan kantatzen da, buhameek aztarna utzi duten herrialde adina, seguruenez. Zeren Europan ia ez dago herririk buhameengandik ondare kulturalik jaso ez duenik, nahiz eta, tamalez, buhameak zapaldu edo baztertu dituen herririk ere ia ez dagoen.
Euskaldunok ez gara salbuespen ez lehenengo aspektuan ez bestean ere, eta horretaz dihardu, hain zuzen, Mixel Etxekoparrek idatzi eta Nicole Lougarotek zuzendu pastoral ez-ohiko hau. Ijito familia baten istorioa ardatz hartuta, XVII. mendeaz geroztik herri zahar horrek gurean izandako nekeak eta lanak kontatzen baititu ikuskizunak.
Buhameek bezala, pastoral honek izaera desberdin bat dakar berarekin; jokatzeko modu berezi bat. Antzezle talde txikia du lanak eta egitura eszeniko soila —eramangarria—. Errejentaren funtzioa taulan kolokan jartzen da eta pastoralaren berezko manikeismoa desitxuratzen. Antzematen da, oro har, ohiko pastoralaren solemnitatea apurtzeko borondatea; jostagarri eta berritzailea izan nahi duen izpiritu bat. Eta ez da falta Lougarotek buhameei buruz proposatu teoriaren isla obran: alegia, maskarada buhameek Zuberoara eramandako tradizioa delako hipotesia. Horrez gain, Amaren alabak taldeko abeslariek momentu hunkigarriak eskaintzen dizkiote publikoari. Hala musika nola dantza molde desberdinetan emanak dira, eta emaitza ederrak lortzen dira kasu bietan.
Batzuek galdegingo dute pastoralaren muina diren kodeak desitxuratzearen egokitasunaz; beste batzuek ordea, aldaketarik gabe ez dagoela etorkizunik pentsatuko. Denboraz aparte ezerk ez digu esango zer aldaketa diren apropos eta zein hutsal.
Edozelan ere, horra hor Arriaga antzokiko publikoaren txalo zaparrada eta emozio bizia, pastoral tradizionalek eragiten dutenaren neurrikoa zalantzarik gabe. Bizkaitik Zuberora omen ijitoek, Zuberoatik Bizkaira egin du pastoral ibiltari honek, eta plazer izugarria izan da bizkaitarrontzat zuberotarren oparia. Zer esanik ez, estimatzekoa da baita ere buhameen historia kontatu izana, beste herrien barnean —edo bazterrean— bizi den herri txiro eta aberats horren testigantza ematea.