Ezer garrantzitsuagorik ez balego bezala jaso gaituzte Maite Aizpuruak eta Intza Alkainek Taba tabernako atarian. Mugak markatzen dituzten edo alde batetik bestera pasatzen uzten ez duten posteak alde banatan eta zu erdi-erditik, alfonbra gorrian bazina bezala. Hura zapaltzen duen oro da garrantzitsua, hau da, ikuslegoko partaide bakoitza, zu barne. Hori izan da hasieratik zabaldu duten bidea.
Bai, haiek dira aktoreak eta haiek protagonistak. Ikuslearekiko distantzia txikitu nahian eta pertsonala kolektibo egitearen ideia mahai gainean jarrita hartu duten erabakia dela esango nuke. Maite eta Intza. Lehen pertsonan zutaz hitz egiten ari direla irudikatzeko asmoa ulertu dut, eta nik uste, edozein sentitu dela uneren batean identifikatuta.
Laguntasuna da gaia. Edo laguntasuna definitzeko ikuskera zabala. Edo zabaltzea, hori da asmoa. Harremantzeko erak, gehiegizko ilusioak, frustrazioak, apegoa, dezepzioa, jeloskortasuna, kontrola, mugak, deskonfiantza, konfiantza, momentuak eta bakardadea, batez ere bakardadea, ikuslea bere ondorioetara irits dadin. Bizitza ez al da bakardadea bere osotasunean? Harreman bat ez al da bakardade bat gehi beste bat baino ez? Ez gara ezer eta dena gara eta bakoitzak bere lekutik hitz egin beharko luke. Guztiak gara lagunak eta era berean ez dugu lagunik. Harkaitz Canoren hitzak errepikatuta: “Bizitza lagunak galtzen zoazela onartzea da”. Maitek eta Intzak betiko lagunak gonbidatu dituzte antzokira, baina oraingoan ere ez dira azaldu. Publikoko jendeari egiten diote, orduan, laguntasunaren gonbita.
Txikitatik elkar ezagutzen duten bi pertsona haien harremanaz hitz egiten ari zaizkigu. Anekdota ugari kontatzen. Badu penatik eta baita pozetik ere. Badu beldurretik eta haserretik. Badu errealismotik, baita surrealismotik ere. Bi aktore hauek ezagutzen dituenak sobera daki bihurrikeria eta lotsagabekeria ez dela haien obra batean faltako, absurdoak leku pribilegiatua izango duela eszenan, barrea zergatik eragin dizun ulertuko ez den zerbait. Era berean, eta honekin bat eginik, kontrastea bilatu dute: gai sinple batek dituen korapiloak erakustea edota alfonbra gorriko harrera pijaman egitea.
Antzezlan hau 2024ko Donostiako Poltsiko Antzerki Jaialdiko sariduna izan da. Espazio txikietan antzezten diren formatu txikiko antzezlanak dira jaialdian protagonistak, hainbat taberna eta txokotan aurkezten direnak. 1991. urtean izan zen lehen edizioa eta aurten bost estreinaldi egongo dira, guztiak euskaraz, hori baita berezko helburua: euskaraz egiten diren formatu txikiko antzezlanak bultzatzea. Epaimahaiak Promesa berdina egin diegu lagun guztiei antzezlanean jarri du konfiantza, azkenaldian euskal antzerkian pil-pilean dauden gaiei segida emanda. Ikusle modernoa mugitzen duen gaia hizpide edo hain modernoa ez den ikuslea hezteko asmo hauskor edo progresista bat.