Exotiko eta inbaditzailea
Agus Perez
Berria, 2024-05-04
“Eukaliptus”

Jatorrizko ideia: Jon Ander Urresti. Testuak: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro, Beñat Urrutia. Zuzendaritza eta dramaturgia: Matxalen de Pedro, Jon Ander Urresti. Soinu-diseinua: Asier Renteria. Jantziak: Igone Teso. Argiak: David Bernues. Antzezleak: Jon Ander Urresti, Beñat Urrutia. Lekua: Larrabetzuko eskola. Eguna: Apirilak 27.

      Tribiz, baserri galdue bakarkako lan haren ostean beste talde batzuen lan eszenikoetan agertu da Jon Ander Urresti, eta irrikan geunden bere sorkuntza berria noiz ikusiko. Durangoko Azokaren beka baten ondorioz lortu du oraingo muntaia aurrera ateratzea, eta Euskal Herri osoko leku askotan antzeztuko da Udalbiltzaren Geuretik Sortuak zirkuituari esker. Esandako datuak aipatzeak bere garrantzia dauka, nik uste, ekimen bizigarri horiek baitira gure sortzaileei aukerak eta hauspoa ematen dizkietenak.

      Bere lehen sorkuntzan bakarrik agertu bazen ere, oraingo honetan Beñat Urrutia dantzari eta antzezlea eduki du lagun taula gainean, eta bien artean bikote eszeniko emankorra sortu da, hala dialogo irudimentsuen alorrean nola antzerki fisikoari dagokion lengoaian. Izan ere, beren arteko solasaldi surrealistarik onenak walkie-talkie bidez izan dira, ikusleak aretora sartu bitartean. Gomendio bat, beraz: heldu zaitezte garaiz aretora. Pazientzia handiko ugazaba estresatuaren eta langile traketsaren arteko solasaldi ordainezinez gozatuko duzue.

      Eta hortik aurrera, zer? Eukalipto landaketen kontrako ohiko diskurtso naturalista entzungo ote dugu? Bada, bai eta ez. Jarrera sutsurik hartuko ote du proposamenak batzuen ala besteen interesen alde? Bada, bai eta ez, gauzak inoiz ez direlako guri gustatuko litzaizkigukeen bezain zuriak edo beltzak. Landaketa inbaditzaileak —edo exotikoak, nork aipatzen dituen— izango dira gai nagusi eta bakarra? Erantzun berbera oraingoan ere, gaia ez delako dirudien bezain erraza, emanaldian zehar datu harrigarri batzuk ezagutuko ditugulako eta antzerkia ez dagoelako gu ezertaz konbentzitzeko, baizik eta gu errealitate batean aurrean dugun rola aztertu eta, kasuan kasu, aurpegiratzeko.

      Bide horretatik, emanaldiaren planteamendua batzuetan diskurtsiboa izan da —betiere ekintza fisiko ondo diseinatuen laguntzaz— eta beste batzuetan ikusleei zuzendutako gogoetetan zentratu da. Baina askotan landaketaren ugazabaren eta bere morroiaren arteko joko dramatiko dibertigarri bezain filosofikoa izan da oinarria eta, seguruenik, plano ezberdinen arteko dialogo etengabea —filosofikoa, klase-gatazkakoa, naturari begirakoa…— izango da lan bikain honek interpelazio gehien eragingo diguna.

      Amaitzeko, eta bi antzezleen lan ezinago sendoa nabarmenduta, eremu eszenikoaren izaera dinamikoa, elementu eszeniko urrien erabilera metaforikoa eta argien diseinu esanguratsua goraipatuko ditut, haiek —eta bereziki argiak— izan direlako lan bikain honen protagonistak, antzezleak bezainbeste.