Konpainia: Khea Ziater. Zuzendaritza eta dramaturgia: Alex Gerediaga. Testua: Alex eta Jon Gerediaga. Antzezleak: Arrate Etxeberria, Leire Ucha, Txubio Fdz de Jauregi, Jon Ander Urresti, Ainhoa Artetxe. Arropa eta eszenografia: Azegiñe Urigoitia. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Otsailak 17.
Khea Zeater taldearen La sed del Minotauro-k (Minotauroren egarria) aurreko lanen dramaturgia beretik edaten du, bete-betean. Hartara, antzezlana film eszeniko moduan definitu du konpainiak, eta ezin beste deskribapen hobeagorik eman. Winona eta Grace, Oymyakon: habitación 101 (Oymyakon: 101 gela) eta Malmö ditugu, beraz, La sed del Minotauro honen aurrekari argi eta zuzenak, eta horrek antzerkizaleak pozten ditu, badagoelako beste konpainia bat teatro poetika propioa duena, berariazko estiloa, nortasun sendoa.
Taldeak badu bere publikoa eta aretoa beteta zegoen. Hasieran serio denok, baina kontakizunak aurrera egin ahala, askatasun handiagoaz sentitu ginen barre egiteko. Il laberinto ostatuan aletzen diren maitasun goseak zein haien inguruko gezurrak, tragikoak izan beharrean, tonu arin eta goxoan bilduta zetozela ulertu genuenean, baimena eman genion geure buruari barre egiteko. Eta une horretatik aurrera, Txubio Fdz de Jauregiren —hainbeste miresten dugun aktorearen— lanaz biziki gozatzen hasi ginen.
Il laberinton, Jani kartzelatik atera berri den Beniren zain dago. Bizitza berri bati ekin nahi diote lehenbizikoaren herentziarekin. Lisak (Ariadnak) hilabete batzuk eman ditu Internet bitarteko harremanetan Enzo (Teseo) izeneko gizonarekin, eta gaur ezagutuko du kafetegi berean. Pertsonaiak zain dauden bitartean, haien nahiak eta mixeriak ezagutuko ditugu, baina muturreko tonu tragiko batera iritsi gabe, greziar dramaren edota noir zinemaren tonu ilunera iritsi gabe. Bada, gainera, Duque pertsonaia, istorioari buruzko filosofia umoretsua ez ezik, halako misterioa ere zabaltzen duena eta benetan asmazio ederra dena. Duque dugu gertatukoaren memoria egiten duena eta kontalaria.
Antzezlanak badu endredo komediatik zerbait, Roman Chalbauden El pez que fuma (Erretzen duen arraina) zein Casablanca-tik zerbait; badu —behintzat ikusle honentzat— Lost in Translation filmaren oihartzunik zein Pulp Fiction-i omenaldirik ere. Baditu Pablo Messiezen Gestos-ekin kointzidentziak, badu, finean, nork bere erreferentzia zinematografiakoak ikusteko aukera.
Eta badu aipamen berezia merezi duen Jesus Pueyoren bideoen erabilera. Ez dira, ez, osagarri bat edota apaingarri bat. Bideo horiek argumentuko zati garrantzitsuak dira. Jakiteko Il laberintoren kanpoaldean zer gertatzen den, edo, pertsonaien barne-kezkak zeintzuk diren. Bideo zati horiek —gure gozamenerako— antzezlana zinematografikoagoa bihurtzeko ez ezik, denbora jauzia bideratzeko ere balio dute.
Kafetegiko barra hornitzen, antzerkiari zein zinemari aitortza horma-irudietan: Kantorren La classe mort antzezlanaren eta Wong Kar Wairen In the Mood for Love filmaren posterrez gain, Chris Markerren La jetée-rena ikusgai. Antzerkia eta zinemarekiko miresmena urtu egiten dira La sed del Minotauro-n, Khea Ziaterren estiloan bete-betean. Kaurismaki, Fassbinder eta Cassavetes zuzendarien gidoia izan zitekeen, baina Khea Ziaterren sormen lana dugu. Bejondeigula!