Normaltasunean berririk ez
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
Argia, 2024-02-09
“Almazenean”

Konpainia: Txalo Produkzioak. Aktoreak: Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga. Noiz: Otsailaren 2an. Non: Antzoki Zaharrean (Donostia).

      Soldatapeko lana erdigunean dago gure bizitzetan. Orduak eta orduak ari gara besteentzat, behar baino gehiago. Gure bizitzak baldintzatzen dituen arren, onartu egiten dugu. Denbora hori ezin da berreskuratu.

      Egunerokoa den egoera bat topatuko du ikusleak agertokian, lanegun bat. Burnizko mastak eta hagak ekoizten dituen enpresako almazenera sartu gaituzte. Arduraduna da protagonista, biltegiaz arduratzen den langile bakarra. Datozen bost egunetan, ordea, gazte batek egingo dio konpainia, jubilatzeko eta lekukoa emateko falta zaion denbora da hori. Zein baino zein desberdinagoak diren bi pertsonaia espazio berean kokatu ditu egileak. Pentsamendu eta funtzionamendu nahikoa kontserbadore eta metodikoa duen langile zaharra eta bazterrak nahastera datorren langile berria, legeak eta aginduak gutxi asko inporta zaizkionak eta energia soberan duena.

      Pertsonalitateon bateratzeak umorea eragin du nahitaez ikuslegoan, eta talka haien artean. Denbora eta espazioa da komunean duten bakarra. Enpresak ezer gutxi ekoizten duenez, bien arteko elkarrizketak dira gertatzen diren gauza bakanak. Ez dago apenas ekintzarik ezta mugimendu handirik ere, baina, egia esanda, ez du gehiago eskatzen. Antzezlan honetan testuak du garrantzia handia, eta isiluneek ere bai. Denborari eta egon beharrari merezi duen lekua eman diote, esklabutza zenbait modutan ematen dela irudikatu eta langile klaseko bizitza guztietan dagoen zama begien aurrean jarrita. Ziur naiz tristura, nostalgia eta angustia sentitu dituela ikusleak gure bizitzak eszenan bezala pasatzen ari direla sentitutakoan. Lanera joatea bazkaltzea bezain normala dela sinesten dugun gizartean, umorearen atzean kritika ulertzea lortu duenak behintzat.

      Dena den, sakontasuna falta zaiola esango nuke. David Desole dramaturgo katalanaren obra horrek Hermanos Machado saria jaso zuen 2003. urtean. Haren estiloa umorea eta drama egitea da, eta hau ere genero horietan kokatu du. Era berean, kritikotasuna da gidoilariari esleitzen zaion beste ezaugarrietako bat, eta hori jakinik hurbildu nintzen antzokira. Txalok aurkeztutako sinopsiak ere promesa bera egin zidan, “galtzaileen kontzientzia” eta “komedia zorrotz eta garratz honek lan munduan pairatzen den esplotazioaz eta kapitalismoaz hausnarketa egiten duela” irakurri nuelako. Aurreiritzi horrek zirrara piztu zidan, baina erdizka bete du agindutakoa. Badu kritikotasunik, nabari da ahalegina eta asmoa, ideia bera abiapuntu kritikoa da, baina ez da barruraino sartzen. Irudipena dut pertsonaien izaeretan kokatu dutela gehienbat istorioa, zentzu humanistikoa nabarmenduta. Garbi dago pertsonaiak ez direla haien kondizioaren jabe, baina publikoak beharko luke eta horretarako ahalegina hankamotz geratu zait. Noraino esplotatu nahi den esplotazioa, hori da kontua. Ez geratu denboraren lapurrei begira, zazpi minutu asko dira.