Izenburua: Kortxoaren dilema. Konpainia: Tartean Teatroa. Antzezleak: Patxo Telleria eta Mikel Martinez. Egilea: Patxo Telleria. Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Tokia: Errenteria, Niessen aretoa. Eguna: Azaroaren 19a.
Intelektual ezkertiar bat, unibertsitatean filosofia politikoko irakasle ohia, dilema handi bati aurre egitekotan da: bere printzipioei eutsi eta bizia galdu, edo bere ibilbide pertsonal eta profesionalean zehar defendatu duenari uko egin eta bizia salbatu. Patuak honako eszenatokian jarri du publikoki erreferentea den beteranoa: minbizi terminala dauka eta osasungintza publikoak ez du irtenbiderik ikusten… baina azken esperantza bat sortu da: puntako teknologiarekin proba esperimental bat egitea. Kontua da baliabide berri hori aberats ezagun baten dohaintza “filantropiko” bati esker eskuratua izan dela, eta gainera, gaixoa haren aurka agertu dela iraganean; konbentzituta baitago aurpegia garbitzeko egiten duela. Marxista zaharrarentzat, zerga-sistema zorrotz bat da neoliberalismoaren aurka geratzen zaigun azken trintxera: hots, aberatsenei zergak ordainaraztea.
Komunikabideak katedratikoak hartuko duen erabakiaren zain dauden bitartean, panorama are gehiago konplikatzera iritsiko da, kontu eske, haren ikasle ohi bat.
Komediaz publikoaren erresistentzia jaitsi eta tentsioa eszena batetik bestera, in-crecendo areagotzen duen thriller bat da hau. Euskal Herriko prozesu politikoari erreferentzia egiten dion arren, unibertsaltasunez mamituta dagoela esango nuke: bai zentzu kultural, politiko edo geografiko batean, eta baita gizakiaren zentzu intimoenera jotzen duelako ere.
Jakina da —esperimentu sozial asko egin dira gai horren harira— edonor muturreko egoera batera eramango bagenu ezin jakin daitekeela nola erreakzionatu dezakeen. Askotan, geure buruaz uste dugunaren kontra joka dezakegu, eta ezusteko galanta har lezake bai gure inguruak eta bai guk geuk ere.
Emanaldiaren ostean, Dejabu konpainiak antolatutako “Atarian” solasaldian parte hartu dut, neure barne dilemen hotsak entzuten nituelarik: egunerokoak, txikiak, eta baita sakonak, handiak, beldurgarrienak ere… dudarik gabe, Patxoren testuak zirikatu gaitu. Hainbat lagun bildu gara obraren inguruan gure iritzia eman eta hausnartzeko, eta, ardo kopa eskuan, honako hau komentatu du ikusle batek: galdera bat gelditu zaiola bueltaka, aktoreari entzun diogun azken esaldia berretsiz: “Nor zara zu?”.
Argitsua iruditu zait guztiz. Izan ere, ba al dakigu egiatan nor garen? Gure printzipio edo baloreei traizio egitean, nori egiten diogu traizio? Nori gatzaizkio leial?
Norbere buruarekin eseri eta koherentziaz hitz egiteko —eta zergatik ez, haren kontura barre egiteko— aukera paregabea Tartean teatroak eskaini digun hau.