Bidaia existentzialista, auskalo nora
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Argia, 2023-12-03
“Badon”

Badon* antzezlanaren aurrestreinaldia egin dute Azpeitian, azaroaren 23an. Estreinaldi ofiziala abenduaren 1ean egingo dute, Gasteizen.

      Batzuentzat izango da jauzi lunatiko bat, beste batzuentzat Ipar Polora bidaia. Gutxien axola duena horixe da: nora. Ohiko eskemetatik kanpo, alkimia bat da Badon*, asterisko-asterisko-asterisko. Inboluzio bat ere bada. Opera garaikidea deitu dioten antzerki postdramatikoa, AEK-k eta Korrikak antolatutako kultur sorkuntzarako bekaren irabazlea, euskal kultura eta haren kanonak —zentzu batean binarismoa ere bai— berrikusteko asmoz egindako lana. Etorkizun utopiko espekulatibo bat dakarkigute Ines Osinaga, Marina Suarez, Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala, Patxi Suinaga eta Itziar Garaluzek. Norberak hausnar dezala nora garamatzaten. Irundik Baionara egingo du bidaia Korrikaren lekukoak, hori ziur; esan dezakeguna da beste esfera batzuetan mugitzen dela bidaia hau.

     Utopian murgildu gaituzte Azpeitiko Soreasu antzokiko bisitariok. Itzali mugikorrak eta ohiko betebehar zerrendarekin batera, geure buruak ere hegaldi moduan jartzeko gonbita egin zaigu. Irten behar duena orain irten dadila; hori esan eta ez da inor altxa eserlekutik. Hegaldi moduan jartzeko lehen urratsa, begiak itxi eta arnasari erreparatzea. Burmuinak hackeatu-ko dizkigutela abisatu dute. Prestatu, beraz. Jendartean horrela egotera ohiturik ez gaudenontzat, apur bat bortitz suerta daiteke ilunetan eta hainbat minutuz ahots bat altu aditzen eta agintzen egotea, baina ez beldurtu gehiegi, ez da luze egiten-eta. Arimak askatzeko behar dira horrelako pausak. Bidaia existentzial baterako sarbidea markatzen du hasierako tempoak, eta antzerkiak bere-berea duen ezaugarria ere bada ikuslegoa deseroso jartzea. Eserleku erosoak ditu Soreasuk, aurrestreinaldi honen ostean antzoki majoak beharko ditu Badon*-ek, funtzioa ondo ezaugarritzeko nahitaezko, muntaia, besteak beste, handia baitu zinez. Ordu eta erdiko saio bizigarri eta atsegina izan da, eta Euskal Herrian barna ziur bira polita egingo duela.

     Opera batek berezko duen dramaturgiaz gain, bestelako baliabide garaikideak ere uztartzen ditu proiektuak, musika elektronikoa kasu. Duen iruditeria zinez da aberatsa, egiten dituzten itzal-jokoak, erritmo demasak, eta literatur errezitaldi klasiko gisa hauteman genitzakeenak beste zerbait bihurtzen dituzte, mila eta bat buelta eman gabe.

     Opera bat dela esango dizute, eta opera bat da, baina ez zentzurik klasikoenean. Operak ez ditu zertan ohiko eskemak jarraitu. Zisneak ikusiko ditugu operan, lakurik gabe ordea. Elitismorik gabeko iruditeria duen opera bat ikusiko dugula kontatzen zuen Marina Suarezek Berrian. Elegantzia handia du Badon*-ek, alajaina.

     Abenduaren 1ean estreinatuko da, ofizialki, Gasteizko Principal antzokian. Donostian izango dira 17an, urte berriarekin batera Bilbon, eta hortik aurrera Euskal Herriko hiri eta herri askotan ziur —besteak beste, udaletako kultur teknikarien topaleku izan zelako Soreasu—.