Leioa (Kultur Leioa), 2014-02-23. Bertsolaria: Andoni Egaņa. Deklamatzailea: Oier Guillan. Musika: Rafa Rueda, Iban Urizar, Naia Membrillera. Ikus entzunekoak: Alain Urrutia. Aktoreak: Ainhoa Alberdi, Iraia Elias. Sorkuntzalagun: Xabier Monasterio.
Gabriel Arestik ez zuen nahi bere izena kaleak izendatzeko erabil zezatenik. Hala utzi zuen idatzita poema batean, seguruenez gehien traizionaturiko erregutea dena. Hain zuzen ere Aresti izeneko ikastetxe, plaza eta kale artean bizi den jendarte honen aurrean “Arestiren pertsona eta lana eguneratzea” izan da Gabriel Aresti Kultura elkartearen asmoa antzezlanarekin. Iruditzen zait niri bai Arestiren poema hura bai elkartearen ekimen hau kezka beretik sortu direla: azaleko izenaren ustiatzeak maiz barneko izanaren ahaztea dakarrela.
Antzezleek poeta bilbotarra izandako hura gogoraraztean batek erreparatzen dio bere literaturaren baliorik handiena literaturaren beraren balioa kolokan jartzea dela. Helburu ez baizik eta tresna gisa baliatzea poesia, bidegabekeria salatzeko eta gizakia aldarrikatzeko, gainerakoak beste maila batean utzita.
Izan ere, bati ia ahaztu egiten zaio antzezlanak planteatu diziplinen nahaste erakargarria; Arestiren ondareari genero ikuspegia eranstearen egokitasuna; Rafa Rueda eta lagunen poemen musikatze eder eta estilo anitzekoa; Egaņaren bertsoak, noiz poetiko noiz bihurri; edota Iraia Eliasen freskotasuna eta berezko gaitasun komikoa. Bati ia ahaztu egiten zaio gozatzen ari dela emanaldiarekin, eta bat-batean Anton eta Gilen besterik ez dira ikusten oholtzan, Arestiren langile pairatzaileen sinboloak.
Obraren hasieran planteatzen da kontua ez dela nork, nola edo zer idatzi baizik eta zertarako. Bada Anton, Gilen eta orain Mohamed-engatik: itsasoan itotzear dauden gizakiei pilotakada oldartzen zaiela ikusi ostean, zertarako balio dezake poesiak edo teatroak, ezpada arreta horretan paratzeko?
Arestiren sentikari teatral hau, ezeren gainetik, beharrezkoa zen. Hasiera batean pentsa dezakezu ideia ona izan dela kaleratze eta xenofobiaren garai honetan Aresti plazara ateratzea, baina berehala ohartzen zara egoerak berak inbokatu duela, gauzak zeinen gutxi aldatu diren ikustarazteko, eta berez ez direla aldatuko gogorarazteko.