Lekua: Principal Antzokia (Gasteiz). Eguna: otsailak 12. Testua: Bernardo Atxaga. Zuzendaria: Mireia Gabilondo. Aktoreak: Mireia Gabilondo, Iņaki Rikarte. Musikariak: Iņaki Salvador, Angel Unzu. Abeslaria: Maria Berasarte.
Bi modu daude Mikel Laboa bezalako sortzaile handi bati omenaldi artistikoa egiteko: lehenengoa, erraza eta arriskurik gabekoa, artista horren alde ezagunena gogoraraztean datza. Publikoa ohiko lekuetara eraman eta bertan estribillo ospetsuen erreditua jaso.
Bigarrena berriz, zaila eta arriskutsua da, eta omenduaren ariman barneratzea eskatzen du: bere sen artistikoaz blaitu eta horren oihartzuna eskaini, jakinda mundu guztiak ez duela artistaren parte hori hainbeste ezagutu edo estimatzen. Tanttaka taldeak azken honen alde egin du, eta eskertzekoa da.
Laboa hil zen egunean elurra egin zuelako aitzakiaz, Atxagaren testua elurraren gaineko aipu poetikoz nahiz istorio iradokigarriz ehunduta dago. Jolasari gogotsu eutsiz, Tanttakakoak pasadizo horietatik igarotzen dira obran eta are proposamen berriak egin ere. Elurraren zazpi agerpenekin collage itxura hartzen du antzezlanak, aktoreei beren moldagarritasuna erakusteko beta emanez, hala euskaraz nola gazteleraz. Salvadorrek eta Unzuek Laboaren itzal musikala hedatzen dute aretoan, eta ederra iruditu zait ohartzea, Berasarteren ahots goxoa tarteko, Portugaleko fadoak elurraren erortze geldoaren kadentzia bera duela.
Txoriak, zine mutu komikoa, Mexiko; Atahualpa Yupankiren kantak; omenduaren egunkari sentimentalaren zeharreko ibilbidea egiten dute antzezleek. Munduari Laboaz gustatzen zaiona baino, badirudi Laboari munduaz gustatzen zitzaiona erakusten zaigula, eta bere kantak ukitzen dituztenean ere, maisuaren jaidura esperimentatzaileari eusten diote.
Iruditzen zait Tanttakakoek asmatu dutela Atxagak Laboaz aipatzen zituen “askatasun sortzaile” eta “ausardia” jarauntsita, bai alde estetikotik, baita humanotik ere, Laboaren arima bikingoari egin zekiokeen omenaldirik zintzoena horixe baita.
Ni ez naute konbentzitu hartu dituzten erabaki guzti-guztiek, Laboaren den-denek ere konbentzitzen ez ninduten bezala. Baina kantariaren kasuan nola, honetan ere txalotzekoa da ahalegina, eta ikusgarria emaitza bere osotasunean. Izan ere, ausardia eta askatasun horiek izan ziren Laboa gaztea euskal kantei aurrenez gitarraz heltzera bultzatu zutenak.