Gizakia ala tximinoa?
Agus Perez
Berria, 2023-07-04
“Tarzan”

Konpainia: Mar-mar. Euskaratzea: Idoia Barcelo. Zuzendaritza: Jose C. Garcia. Dramaturgia: Kike Diaz de Rada. Musika: Fran Lasuen. Jantziak: Noemi Loiti. Argiak: Ion Chavez. Atrezzoa: Javi Tirado. Antzezleak: Eriz Alberdi, Irene Hernando, Gabriel Ocina, Aritza Rodriguez, Javi Tirado. Lekua: Zestoako Caravan Park pabiloia. Eguna: Uztailak 1.

      Zestoako Antzerki Asteari amaiera emateko, Mar-mar konpainiaren Tarzan ikusi dugu, hango Caravan Parkeko aulki guztiak eta behegaineko kuxinak helduek eta umeek betetzen zituztela. Izan ere, umeak oso kontuan hartzen ditu Amancay Gaztañaga Zestoako Antzerki Eskolako gidariak, eta astea ezin zen amaitu gurasoei eta euren seme-alabei zuzendutako antzezlan bat eskaini gabe. Alde horretatik, ba al dago Tarzanen figura baino gauza aproposagorik?

      Seguruenik, irakurle askoren gogoan daude Johnny Weissmuller igerilari olinpikoak interpretatu zituen film zaharkituak, baina mitoak askoz gehiagorako eman du erromatarren garaietatik honaino, betiere salbaia onaren ideian oinarrituta. Tazitorengandik hona jorratu dutenen zerrenda ez dut hemen egingo, baina bai gomendatu François Truffauten L'enfant sauvage filma (1969), ene uste apalean agerian utzi zituelako alde ebolutibo, kognitibo eta psikologikotik horrelako egoerek gizakiengan dakartzaten disfuntzio larriak.

      Mar-mar taldearen antzezlanean goitik beheraino aletu digute Afrikako oihanetan kokaturiko erdi-gizaki erdi-tximuaren kontakizuna, eta horrek nolabaiteko nahasmena ekarri dio proposamenari, batez ere kontuan izanda ikusleen erdiak nagusiak zirela eta beste erdiak umeak. Normala denez, ezinezkoa da hain multzo desberdinak aldi berean kontentatzea, baina bai antzezleek bai zuzendariak eurenak eta bi jarri dituzte xede horren zerbitzura.

      Taula gaineko bost antzezleetatik lau beltzez jantzita agertu dira Tarzanen ama, amama eta beste senide batzuen roletan, eta Tarzan bera tonu berdeetan jantzi da, haren pertsonaia besteengandik errazago bereizteko. Esploratzaile ingelesetan zeuden pertsonaiek salakot estiloko kasko eta sonbreiruak erabili dituzte, baina, oro har, oso nahasia eta zaila egin zaigu argumentuaren bihurguneei ganoraz jarraitzea, eta une askotan kontakizunetik kanpo geratzeko arriskuan aurkitu gara piztien orro eta oihuen artean eta dramaturgian txertatutako efektu eszenikoen zaparradaren eraginez.

      Kontrako platerean, oso elementu gutxirekin eratu dute guztia, irudimena lagun: teknikarien kutxak ezkutaleku eta atabal bihurtu dira, mikrofonoen kableetan lianak ikusi ditugu, haien oin metalikoekin aterpeak eta adarrak irudikatu dituzte, oihaneko piztiak trapuzko animaliekin ordezkatu dira eta antzezle guztiek denak emanda jardun dute, batez ere Aritza Rodriguezek, bere gaitasun atletiko eta akrobatikoaz baliatuta, eta Gabriel Ocinak, sano gozatzen txantxa eszeniko ugariez eta dialogo askoren gatz eta piperraz.