Konpainia: Metrokoadroka. Zuzendaritza: Marina Suarez Ortiz de Zarate, Oier Guillan. Aktore sortzaileak: Maite Aizpurua, Edurne Azkarate, Javier Barandiaran. Eguna: Apirilak 30. Lekua: Niessen auditorioa, Orereta.
Kronika bat idazteko asmoz obra bat ikustera esertzen naizenetan, soinean libreta bat eramaten saiatzen naiz, ideiak apuntatzeko. Kasurik onenean, ikuskizunak harrapatzen nau eta ez dut gogorik izaten oharrik hartzeko: nire hitz laburrak txiki, xume, ahul eta aspergarriak egiten zaizkidalako.
Halakoetan desafio bat izaten da, amaieran antzokiko ateak zeharkatu ahala, gorputzean dar-dar egiten duen zirrara paperera itzultzea; eta are gehiago, antzezlanari ohore egitea. Oraingoan ere, nabarmen zaildu dute nire lana Metrokoadroka-ko kideek, “sitcom”-a eta poesia bisualaren artean kokatzen den obra honekin. Helburu izan badute publikoa deskolokatzea, barrearaztea minetik, absurdotik edo nahasmenetik; hausnarketa sakonen gailurrera eraman, eta segidan, zapla! pisua arinduko duen zartako jolasti batez goxatzea, lortu dutelakoan nago.
“Sitcom”ak, —ikertu aurretik neuri bezala— ezer ez esaten dionarentzat, telesail ipar-amerikarren komedia-ereduari egiten dio erreferentzia: gurean ezagunak diren Friends, edo The Simpsons delakoak, adibidez. Eredu klasikoenean, aktoreen arteko dialogoan eten bat egin, eta horiek keinu xelebrea muturrera eramaten duten bitartean, barre enlatatu bat entzuten dugu. Ironikoa izan daiteke barrea, satirikoa, miseriari egiten zaiona, edo zentzugabekeria, mozolokeria bati.
Lengoaia horri ezin hobeto egokitzen zaion gai bat darabilte bueltan: familia, afektuak, maitasun harremanetan eman eta hartu beharreko —“behar”eko?— hori. Zer eman, noiz, noraino, nondik? Familia eredu berriak, bikote harreman irekiak, sexu-askatasuna, sexu-aniztasuna… Eredu tradizionalak dakartzan gatazkak eta krisiak, berrien —mendebaldeko gizartean berritzat ditugunak— iraultza… Iraultza eboluzioa da halabeharrez? Tranparik gabe dator?
Pasatako pandemiak hausnartzekorik ekarri du, eta kasu honetan, Metrokoadrokako kideek bizilagunaren etxera egin nahi izan dute bidaia, abentura handi bat bizitzeko ez baita herrialde exotikoetara espediziorik egin behar: norberaren eta aldamenekoaren zokoak arakatu, alfonbrak astindu eta ilunpean zegoena argiztatu besterik ez dago. Izan ere, itxialdiak norbere etxeetara mugatu gintuen, eta ondorioz, metro karratu horiek konpartitzen genituen pertsonekin bakarrik harremantzera —horrek dakarren guztiarekin—.
Antzezleek sorkuntza prozesua bera agerian jarri eta ez dute erantzunik bilatzen, edo ez behintzat erabatekorik, hertsirik. Gaineratzen dute: nor gara gu halako antzezlan bat egiteko? Zergatik aukeratu dugu gai hau? Badugu zilegitasunik galdera hauek egiteko? Erantzunak bilatzeko, zerbait ondorioztatzeko?
Gertatzen ari denak atzetik aurrera, aurretik atzera, aldebikoan zeharkatzen gaitu teatroaren momentua konpartitzen dugun guztiok.
Poesia bisualari dagokionez, esan gabe dago eszenografia, argiak eta jantziak bereziki zainduta daudela eta hartara, irudiak indar handia hartzen duela. Isiluneei denbora utzi eta antzezleek erritmoa pausatzeko aukera hartzen dute. Begirada ez da nekatzen, ez aspertzen ikusten ari denaz, ez dio betarik ematen ere, ikusten ari den hori analizatzeko.
Objektuek bizia hartzen dute, antzezleekin fusionatzen dira, denek dute identitate bat, zeregin bat taula gainean. Familietan lez. Ez…?