Egilea: Pier Paul Barzaitz. Titulua: Harizpe Pastorala. Aktoreak: Muskildiko biztanleak
Joan den larunbatean, urtarrilaren 18an, Arriaga Antzokiko eszenatokian Harizpe Pastorala ikusi ahal izan genuen. Zuberoako Muskildi herriak prestatua eta antzeztua.
Pastorala oso antzerki mota berezia da, gaur egun Zuberoan soilik irauten duena. Zuzendaria eszenatokian bertan dago aktore moduan eta bere zuzendaritzapean ekintza garatzen da, 26 koadrotan. Zenbait arau hertzi ta aldaezinei jarraituz: aktoreen higidurak, pertsonaia bakoitzaren ezaugarri argiak, eszenatokirako sarrerak zien irteerak, etengabe aldizkatzen diren musika, dantza eta kantaturiko deklamazioak...
Harizpe Pastoralarekin Muskildi herriak antzerki mota honen aintzinako arau zurrunak errespetatu ditu eta era berean ikuskizun bizia, interesgarria eta sakona aurkeztu du. Horrela da: Harizpe Pastoralak kalitate handiko lan artistikoa lortzen badu ere, ez du batere bere herri izaerarik galtzen.
Beste alde batetik zenbait alderdi gaurkotu izan dira lan honetan, ikuskizun erakargarriagoa eta oraingoa egiteko. Kanta batzutan tratamendu desberdin bat somatzen da eta testu berak Harizpe Mariskala pertsonaia historikoa erabiltzen du zenbait gai iraunkorrei buruz gogoeta egiteko amodioa, gerra, euskarekiko maitasuna, euskaldunen batasuna. Guzti hau euskara goxo eta dotorez.
Antzezteko erari dagokionez. Muskildi herriko biztanleek inolako aktoreak lortzen ez duen hunkipena eta naturaltasuna ematen diote ikuskizunari, eszena ugarietan momentu zirraragarriei helduz.
Antzokia beteta zegoen eta ikusleek zutik, bero eta luze txalotu zuten lan ahanztezina eta baliagarri ahu.