3, 2, 1 izena hartu zuen 2012tik 2015era iraun zuen jaialdiak. Orduan abiatu zen iraungitze data edukiko zuen ekimena, esperimentu bezala, ea zer moduz funtzionatzen zuen ikusteko. Baina, emaitzak animatuta, Prototipoak izenpean jarraitu zuen hiru urte haiek igaro eta gero. Hasieratik forma eszeniko berrien kontzeptua izan zen programazioaren ardatza, baina aurten artistiko hitzarengatik aldatu dute hasierako eszeniko hura, aspaldiko izaerari hobeto egokitzen zaiolako eta performanceen zein arte-ekimenen arteko loturari aipamen argiagoa eginez.
Maiatzaren 31n hasi zen aurtengo topaketa ekainaren 3an bukatu da, eta tarteko lau egunetan era askotako ekitaldiak, proposamenak eta esku-hartzeak gertatu dira, bertoko zein atzerriko performer eta artista batzuen gidaritzapean. Topaketaren filosofiari men eginez, jendearen parte-hartzea, hiriko kolektibo batzuekin elkarlanean jardutea eta sortze-prozesuari emandako garrantzia izan dira nagusi aurten.
Bide horretatik, argi dago ni bezalako ikusle porrokatuok desikasi egin behar dugula dantza, zirku, musikal, magia, antzerki, kantaldi edo sentikari baten aurrean egoki egoteko eta handik ahalik eta probetxu gehien ateratzeko azken hiru mila urteetan ikasi dugun guztia. Izan ere, betiko jarrerarekin bertaratuz gero, ez gara handik onik irtengo eta handia izango da gugan sortutako zapuztua. Zer egin, ordea? Ez dakit, ba. Gutxienez, lagunen bati dantza abstraktuaren aurrean behin edo behin gomendatu diodana: “Ez saiatu ezer ulertzen, utzi iezaiozu zeure buruari joaten, besterik ez”.
Baina, hala ere, gomendio horrek ez du ondo funtzionatzen arte bisual guztien muga-mugan dauden proposamenetarako. Are gehiago kontuan izanda kasu gehienetan haietatik kanpo ere daudela argi eta garbi.
Zeren eta, zer egin AZn bertan paratu duten robotika arloko erakusketa artegagarriaren aurrean? Artea ote da areto bateko landare sikuak telematikoki Minnesotako haizearen arabera denbora errealean mugiaraztea? Artea ote zen, orduan, Puigdemont telematikoki inbestitzen saiatzea? Ordea, niri bost artea den ala ez den. Kontua da artegagarria suertatu zaidala, ez robotak aktibo eta autonomo ikustea, baizik eta roboten presentzia gure baitan hain normaltzat hartzea. Beharbada, ikuslearengan sortutako artegatasun horretan datza artearen funts antzemanezina.
Bide beretik, zelan kontsideratu Jokoz kanpo delako “praktika artistikoa”? Bilboko alondegi inguruko kartel baten alboan jarri eta etxeko zein zaintza lanetan dabilen etorkin bat hurbildu eta ezkutaketan jolasteko proposatuko digu. Ariketa paregabea, benetan, ikusten ez ditugun emakume haiek ikustarazi eta beren egoera sozialaz hitz egiteko, nahiz eta jolasa teknikoki ezin traketsago antolatu den. Bestetik, zer arlotan sartu Alde Zaharreko ile-apaindegi batean San Adriango Institutuko ikasleek protagonizatu dituzten orrazketa, ile-mozketa eta tindaketa praktikak? Egia esan, edertasun morala zerion ahalduntze-ariketa eredugarri horri, eta seguru nago pelukero hasiberriekin zegoen irakasleak artea letra larrietan praktikatzen duela egunero ikasgelan.
Gizarteko kolektiboekin izandako kolaborazioetan berebiziko ikusgarritasuna hartu du Bouchra Oizguen marokoarrak Corbeaux (Belatzak) izeneko piezak Plaza Berrian izandako emanaldian. Marrakexeko dantzari eta koreografoa hango hamar emakumezko dantzarirekin etorri da, eta hemengo beste hainbesterekin prestatu du emankizuna. Kaleko jendearen artean, beltzez jantzita, zapi zuria buruan eta nolabaiteko karratu bat eginez, ordu erdi batez jardun dute burua aurrera eta atzera botaz eta esfortzuak zekartzan ufak aireratuz. Emanaldi kementsua bezain kriptikoa, zinez, baina ausazko ikusleek biziki eskertu dute, batez ere emakume marokoarrek, pieza amaitutakoan eta beren sen ez artistikoari jarraituz, beraien erako dantzan hasi direnean. Erreakzio hori, aurreko ariketa baino esanguratsua egin zait.
Zer esan, ordea, Udaletxeko zubiko kontrol-etxolan izan beharreko gertakizun paranormalaz? Esku-programak azaltzen digunez, “artistak hilabeteak eman ditu behaketan etxolan eta inguruetan” eta fitxa teknikoan hamar bat izen agertzen dira. Baina urrutiko intxaurrak, hamalau. Bitan bertaratu, etxola betiko legez itxita eta gotortuta, handik bost metrora Prototipoak-en karteltxoa besterik ez, eta noizean behin, etxola barrutik sirena moduko bat entzun zitekeen, belarria atean jarrita. Zubitik igarotzen ziren oinezkoak burutik ote geunden galdetzeko zorian egon dira, eta ospa egin dugu udaltzainak agertu baino lehen.
Duda barik, Madrilgo Los Torreznos bikotearen emanaldiak izan dira arlo eszenikotik hurbilen ibili direnak, baina AZko info-puntuan egun bitan agertu eta bietan sarrera librea zela esan ostean, kanpoan geratzeko zorian geratu gara, ikusleok auditoriumeko eszenatoki txikian egon behar ginelako —ezustean— besaulki-patio handian egon beharrean. Niri behintzat nahiko astunak egin zaizkit bikotearen Club de la comedia-ren estiloko hitz-jokoak, maila kontzeptual onekoak izan arren baina, seguruenik, pertzepzio horretan zerikusi handia eduki du antolamendu kontuengatik azken unean sortutako arazoak.