Kontraste adierazgarriak
Agus Perez
Berria, 2012-03-17

 

      Igaro berri da Donostiako Antzerki Feria, eta heldu zaigu balorazioak egiteko garaia. Urtero legez, dFeriaren antolamendu eta egitura ezin hobeak abagune aproposa sortu du sektoreko hainbat elkartetako profesionalak biltzeko —Sarea, Eskena...—eta bertoko zein kanpoko konpainiak eta programatzaileak erakartzeko. Bertaratutakoen artean bereziki adierazgarria iruditu zait Iparraldeko eragile batzuen interesa —Baionako Scene Nationale eta Chimeres/Translatines-eko ordezkariak, Mizel Theret koreografoa...— eta, kontrako platerean, aurten oso txikia izan da Latinoamerikaren presentzia, seguruenik aurrekontu-murrizketak direla kausa.

      Emanaldien jatorria aztertuz gero, Euskal Herrian sortuak izan dira haietariko gehienak, Espainiatik bospasei emanaldi aurkeztu dituzte eta Argentinak, Portugalek, Herrialde Katalanek eta Italiak konpainia bana ekarri dute. Hortaz, krisialdiaren urtean gertatu zen bezala, geure produktuen erakusleiho bihurtu dira egun hauek eta, hain zuzen ere, hori berori izan daiteke dFeriaren indar-gune nagusietariko bat gerora begira.

      Baina dFeria, profesionalen elkargunea izateaz gain, ezohiko programazioa ikusteko parada eskaintzen du eta hori da niri gehienbat dagokidan esparrua. Azoka batean normala denez, era askotako emanaldiak eskaini dira, eta orriotan aspaldi jasotako lan bikainak alde batera utzita —EliralE konpainiaren Ninika, Dantzaz konpainiaren Arte-an eta Tanttakaren Ipar haizearen kontra— gainontzeko aipagarrienak komentatuko ditugu.

      Eskastasunaren muturretik hasita, lekuz kanpokoa iruditu zitzaigun Madril aldeko Metamorfosis taldearen Agosto, cuadros de amor y humor fresco, haren umore zaharkitu eta planteamendu baztergarriengatik, eta beste plano batean, dezepzio handia sortu zuen Italiatik etorritako Cantica II ikuskizunak, emanaldiaren lehen minutuetatik agortu baitzen proposamena, eta hasierako ikusgarritasunak berehala eman baitzion bidea ideien erabateko idortasunari.

      Beste lan batzuk, ordea, kalitatearen eremuan kokatu dira argi eta garbi —Valentziako L'Om Imprebis konpainiaren Tio Vania dotore eta neurtua, Sevillako El puntoren Animal's Party zoragarria...—, eta berebiziko interesa eduki dutenen artean Jose K. torturado aipatu behar dugu lehenik eta behin. Javier Ortiz kazetari donostiarra zenaren testuak terrorismo itsuaren aldeko ekintzaile baten ikuspegia eta haren torturapeko bizipen lazgarriak elkartzen ditu, eta Pedro Casablanc aktoreak sinesgarritasun osoa eman zion antzezpenari kristalezko kutxa batean sartuta. Antzezlanak hautsak harrotu ditu Euskal Herritik kanpo, baina jakin beharra dago gurean torturaren gaia askoz sakonago jorratu duten hiru lan ikusi direla orain gutxi: Translatinesen harira Txileko Villa y discurso eman zen Miarritzen eta Donostian, azkeneko BAD jaialdian Pako Revueltasen Aqui no pasa nada ikusi genuen Bilboko zezen-plazako harategian eta 2010ean Meme Tabares espainiarraren El jardin del mundo —hiruretan gogorrena— aurkeztu zen Eibarko Antzerki Jardunaldietan.

      Eta harribitxien eremuan sartuta, Gasteizko Factoria de fuegos kolektiboaren Itzulera nabarmenduko dugu. Printzipioz Dejabu konpainiaren Gure bide galduak sarituaren gauza bera zirudienak laster batean hartu zuen beste norabide bat, Kattalin izeneko protagonistak —zinez diotsuet talde biek ez dutela elkarren berri izan— irteerarik gabeko bidaia iniziatiko batean sartu zenean. Proposamenak era pertinentean nahasten ditu euskara, ingelesa eta gaztelania, eta emanaldian zehar ganora osoz elkartu ziren istorioaren esangura sakona, antzezleen inplikazioa, zuzenean jotako musika, irudi proiektatu aberasgarriak eta eremu eszeniko dinamikoa, ikusleok antzezleen artean genbiltzala.

      Araban finkatu den Miguel Muñozek (Zanguango teatro) zuzendu du Aqui va a pasar algo zoragarria, antzerki txiroaren osagai guztiak erabateko maisutasunez menperatuz eta testuei nahiz egoera eszenikoei etekin harrigarria ateraraziz. Txubio Fdez. de Jauregi (Trapu Zaharra) eta Miguel Garces elkarlan miresgarrian aritu ziren eta harreman berezia ezarri zuten taula gaineko elementu ugariekin, berbaldi surrealistak elkarren segidan botatzen zituzten bitartean. Izan ere, inprobisazioetatik irtendako solasaldi zoroak erabat koherenteak izan ziren aktore bien lan gozagarriarekin eta mailarik gorenera eraman zuten gaualdia.

      Baina, dudarik gabe, Anakrusa kolektiboaren Tempus, -i bihurtu da dFeria honetako errebelazioa. Administrazioaren bide korapilatsuak direla-eta dantza izendapenarekin etorri zaigu produktua, baina egiatan zenbait arlotako sortzaileen elkarlanaren fruitu eredugarria izan da. Oier Guillanen hitz-jolas artegagarriak, Iñigo Ortegaren antzezpen kementsua, Noemi Viana eta Eneko Gilen dantza garaikide bikaina, Dejabukoen zuzendaritza eszeniko poetikoa, Ebi Soriaren soinu-banda inguratzailea… bat etorri ziren haiek guztiak goiari eusteko eta, esanguratsuena dena, emanaldiak euskara hutsean izan arren berdin piztu zuen kanpotik etorritakoen entusiasmoa.

      Azkenik, dFerian eduki dut Act of God euskaraz ikusteko parada, Gazteszena aretoa ondo beteta zegoela. Ertza konpainiaren sorkuntza honek erlijioaren kontua hartzen du aztergaitzat baina ez da ohiko errazkerietan jausten, eta trebezia handiz konbinatzen ditu sakoneko galdera etikoak eta taldekako pasarte dantzatuak. Harkaitz Canoren testu dibertigarriak salmodia eran errezitatu zituzten dantzariek eta Bachen maiestate mistikoa dantza garaikidearen oinarri bihurtu zen. Izan ere, ez da batere erraza musika barrokoaren geometria gaurko askatasunarekin elkartzea, baina argi dago Asier Zabaletaren eskuetan elkarren osagarri izan direla.