Gure bideak aurkitzen
Agus Perez
Berria, 2011-05-03

 

      Barka nazatela Dejabu konpainiako lagunek beren azken lanaren izenburua eraldatzeagatik testu honetan jartzeko, baina geure bideak aurkitzearen ideia buruan dabilkit Aulestiko Antzerki Topaketen kontura.

      Artedrama Euskal Laborategiaren ekimenez eta Aulestiko udalaren erabateko laguntzarekin antolatzen diren topaketok sei urte bete dute aurten eta beren ezaugarriak aztertuz gero, honako hauek nagusitzen dira: erdal eraginetik kanpo aritzea; antzezle eskarmentudunen eta hasi berrien arteko hartu-emanak bultzatzea; Euskal Herri osoko ikuspegitik jardutea, loturak Iparraldekoekin bereziki sendotuz; herri-antzerkia babestea eta aro garaikidean kokatzea... Ez da gutxi, gero!

      Lanaldi osoko ikaste eta trukatze jardunaren ostean, iluntzero izan dira antzerki emanaldiak udal aretoan eta frontoian. Apirilaren 25ean Urki Muguruzaren Munstroa taularatu zen, baina aitortu behar dut seguruenik gauza interesgarri bat galdu nuela, lanaren gaia eta berau tratatzeko era kontuan izanda. Hurrengo egunean zinemak hartu zuen lekukoa —Sagarren denbora—, topaketek gizartearen kezkekin duten konpromisoa berretsiz.

      Hortik aurrera ikusitakoari errepasoa eginez, Dejabu konpainiaren Gure bide galduak laster estreinatuko da Oreretan, baina bitartean gauza ezinago landua eta ondo asmatua da, eta era harrigarri samurrean irudikatzen ditu 70etako urte ilun eta gogorrak, baserritik giro kaletarrera joandako neska baten bizipenetan. Taldeari dagokion legez, zoragarria da objektu apalei emandako balio metaforiko eta sinbolikoa, baina harribitxi eszeniko honetan pertsonaien diseinu eta egikera garbia eta denbora eta espazioaren maneiua ere nabarmendu behar dira.

      Stereo izan zen lehen pieza apirilaren 28ko egitarauan. Miren Gaztañagaren lan hau hobeto ulertzen da dantzaren ideiatik urrunduta, eta performance-aren arloan sartuta, horrela hartu zutelako beren benetako esangura interpretearen inplikazio pertsonalak eta berarekin elkarrizketan jarri ziren irudi proiektatu deserosoek. Gau bereko bigarren zatian Metrokoadroka sormen laborategiaren Herio heroi etorri zen. Oier Guillanen testuak Cafe Bilbao saria jaso zuen eta abilezia handiz murgildu gintuen argumentuak planteatutako mundu paranoikoan, egoera zoroak, hitz-joko aberasgarriak eta umorea parra-parra erabiliz. Emanaldi osoan ezer ez zen zirudiena, eta lau antzezleek, gitarristak barne, arima eta gorputza eman zieten pertsonaiei, denen artean irudikatzeko erabateko logikak sortu ahal duen absurdua.

      Azken emanaldia aparte utzita —Errautsak, orriotan aspaldi komentatua— Iduzkilore izan zen lanik handiena. Topaketek herri-antzerkiari emandako garrantziari kasu eginez, ezinbestekoa zen Iparraldeko lan hau ekartzea, eta, hain zuzen ere, Aulestin bukatu da muntaiaren ibilbidea. Joseba Aurkenerenak eta Peio Chipik idatzi zuten jatorrizko testua, eta Manex Fuchsen zuzendaritzapean Lapurdiko zenbait herritako aktoreek 1609ko sorgin ehiza antzeztu zuten lapurtera jasoan, baliabide eszeniko apalak baina indartsuak baliatuz eta kemen pertsonal handia erakutsiz. De Lancreren rolean, gainera, Michel Brust zegoen, eta berari dagokio garai batean Larzabalen Matalaz non eta Baionako antzokian antzeztu izanaren ohorea. Horra hor belaunaldien arteko eta euskararen lurraldeen arteko zubi-lan eredugarria!