Flakezia bertute
Agus Perez
Berria, 2011-03-18

 

      Berriz ere izan dugu esku artean Donostiako Arte Eszenikoen Feria —dFeria— eta heldu da balorazioak egiteko garaia. Dudarik gabe, aurtengo aipagai nagusia da nolabaiteko normaltasunera bueltatu izana, zeren eta, denok gogoratzen dugunez, iazkoa bertan behera geratzeko zorian egon zen, krisiak sortutako murrizketak zirela eta. Azkenean, ordea, sena nagusitu eta Euskal Herriko ekoizpenen erakusleiho airosoa bihurtu zen feria hiru egunez.

      Aurtengo edizioak, ordea, betiko formatuaren ezaugarriak berreskuratu ditu, baina bidean bost egunetik laura igaro da eta uztaileko lehen egunetatik martxo erdira etorri da, nahiz eta data hauetan ekitaldi asko izaten diren: Eibarko Antzerki Jardunaldiak, Bi Harriz lau Xori, Korrika Kulturala.... Hala ere, saio pilaketa horrek ez dio ikuslerik kendu eta emanaldien inguruko jakin-mina eta solasaldiak beti bezain animatuak izan dira kaleko ikusle soilen eta eskarmentu handiagokoen artean. DFeriak hitzordu garrantzitsua izaten jarraitzen du sektoreko profesionalentzat, eta horren lekuko dira egunotan ezartzen diren kontaktu informal ugariak eta alboko jarduerak. Esate baterako, aurten berebiziko ikusmina sortu du Besteok izeneko plataformaren aurkezpenak.

      Hala ere, euskaldunon aspaldiko kezka da euskarak dFerian duen pisu urria. Donostiako euskarazko programazioa aztertuta, feriaren aurreko eta osteko asteburuetan euskarazko bi lan programatu dira —Baginaren bakarrizketak eta XL town— eta hilaren amaieran Errautsak antzeztuko da Victoria Eugenia antzokian. Beraz, ezin esan euskarazko lanik ematen ez denik, baina aldi berean, deigarria da feria barruan programatu ez izana.

      Horretarako argumentu nagusia izaten da dFeriara Espainiako programatzaile asko etortzen direla, baina aurten Koreako Cho-in Theatrek korear hutsez ekarri du bere lana eta Teatro de Marionetas do Portok ingelesez eta portugesez aurkeztu du berea. Lehena euskarazko zein gaztelaniazko goi-tituluekin ikusi zen eta bigarrenean hori ere ez da behar izan. Beraz, eta Espainiako lagunek hizkuntzak ulertzerakoan jaiotzetiko arazorik pairatu ezean, guztiz posiblea da euskarazko emanaldiak goi-tituluekin ematea. Gainera, nik uste dut oraingo flakeziari buelta emanda, bertute ere bihurtu ahal dela: gure feriak bere alde ditu giza ekipoaren gaitasuna eta dedikazioa, eta baita ere programazioaren antolamendua eta espazioen egokitasuna. Baina, esandakoaz gain, nortasun plus bat lortu ahalko luke euskarazko produktuen kalitatea jatorrizko bertsioan eta beren itzulpenekin aurkeztuta.

      Azkenik, aurtengo programazioari begira, argi daukat hautu okerra egin nuela Etxepare Institutuaren aurkezpena galtzean astearteko emanaldi makalak ikustearren, baina trukean, kalitatezkoak edo interesgarriak izan dira beste proposamen asko. Haien artean bereziki aipatuko nituzke Dantzaz konpainiaren Mintzo eta Tanttakaren No me hagas daño, bata zein bestea orriotan aspaldi komentatuak, eta baita ere Natxo Monteroren Carni di prima qualitá harrigarri kementsua, Noemi Vianaren Menu del día artegagarria eta, nola ez, Portokoen Wonderland zoragarria. Beste guztien gainetik, ordea, korearren Hotel Splendid nagusitu da, II. Mundu Gerran 200.000 neskatok japoniarrengandik jasandako sexu-esklabotza era poetiko eta soilduan eszenaratzeagatik. Emanaldiaren amaieran ikusle askok zutik txalotu zuten lanaren bikaintasuna. Beste asko, ordea, besaulkitik altxatu ezinik geratu ginen, gaiaren benetako gordintasunak jota.