Argi gorritxo bat
Agus Perez
Berria, 2010-05-23

 

      Argi gorritxo bat piztu zitzaidan, Bilbon beste antzoki bat zabalduko zutela jakin nuenean. Izan ere, Campos Eliseos antzokia hainbeste urtetan itxita egon ostean, ia-ia ahaztuta genuen bertan eta hiriko beste areto batzuetan ere -tartean Arriaga zaharreko goi-goiko besaulki gogorretan- zaletu ginela gutariko asko arte eszenikoekin.

      Horrek esan nahi du garai batean Bilbon bazegoela antzerkirako zaletasuna, nahiz eta -nire gogorapenetan behintzat- publikoa oso polarizatuta zegoen: mutur batean Madrildik Aste Nagusian zetozen emanaldi atzerakoiak zeuden eta bestean abangoardia eta antzerki iraultzailea. Dena dela, hiria gainbehera kultural sakon batean murgilduta zegoen, eta desertu eiteko zenbait urte igaro behar izan ziren ikusleen zaletasuna biziberritu arte. Hala ere, inguru horretan ere sortu ziren euskararekin konpromiso sendoa duten hiru konpainia esanguratsu -Maskarada, Ez dok hiru / Bikoteatro eta Antzerkiola imaginarioa- eta izaera alternatiboko lokal batzuk: Mina espazioa, Ressistens, Kontainer, Haceria...

      Orain gutxi, gainera, garai bateko Gran Via zinemaren lekuan beste areto bat zabaldu dute, arte eszenikoetarako egokituz eta, esan didatenez, haren dotoretasun zimeldua errespetatuz. Baina argi gorritxoa piztu zait berriro, zeren eta berehala galdetu diot neure buruari ea areto gehiegi ez ote den, Bilboren neurriko hiri baterako, batez ere kontuan izanda urteroko denboraldi eszeniko batzuk -BAD jaialdia, Dantzaldia...- beste leku batzuetan ematen direla (Euskalduna, Guggenheim, Bilborock eta haren alboko ikastetxean...), eta inguruko udalerriek ere -Barakaldo, Santurtzi, Leioa, Basauri...- programazio egonkorreko antzokiak dauzkatela.

      Burura datorkidan bigarren galdera eta seguruenik potoloena da ea nola uztartu ahal diren batzuen eta besteen programazioak, elkarri trabarik ez egiteko eta ikusle koitaduek beren denbora eta dirua hainbeste besaulkitan eman ahal izateko. Areto nagusien rola aztertzen hasita, Arriaga antzokiak ez du honezkero ezer frogatu behar bere eskaintzaren sendotasuna defendatzeko; La Fundicion aretoak, berriz, hasieratik bete zuen joera berrien aitzindaria izatearen rola, baina aitortu behar dut bere proposamenek gutxitan erakartzen nautela aspaldiko partez; Campos-eko emanaldiak, ordea, SGAEren irizpideen arabera ekarriko dira Bilbora eta, azkenik, Kale Nagusian zabaldu berri den aretoa Arriagaren ardurapean dago eta badirudi han jarri ezin diren gauza txikiak eta ertainak eskainiko dituela.

      Bitartean, euskarak leku guztiz sinbolikoa betetzen du esandako leku guztietan eta, Arriagako emanaldi solte batzuk kenduta, Kafe Antzokia da bere babesleku finko bakarra. Horrenbestez, Bilbok arte eszenikoen hiria bihurtu nahi badu, eszenatokietan gure hizkuntza sustatzeko plan sendo, iraunkor eta kementsua beharko du, gaztelaniaren eremuko edozein txokoren itxura hartu nahi ez badu behintzat.