Arte Drama Euskal Laborategiaren ekimenez izen bereko IV. Topaketak izan dira pasa den astean Aulestin. Egunero, eta diziplina handiz, euskal antzerkigintzako hainbat kidek eskolak eman eta eskolak jaso dituzte egun osoan zehar, jakitun izanik aukera paregabea zutela elkarrengandik ikasteko, ideiak eta esperientziak trukatzeko eta harreman berriak ezartzeko. Gainera, asteartetik aurrera era askotako emanaldiak antolatu dira -antzezlanak, laburmetraiak, bertso eta musika saioak...- Aulestiko zein inguruko herrietako jende piloa erakarriz.
Horrek guztiak oso panorama aberasgarria marrazten digu hiru planotan eta haietariko lehena heziketari dagokio. Euskal Herritik kanpo bizi izan ditudan antzeko esperientzietatik argi geratu zait zein eskasa den gure aktore gazteek jasotzen duten oinarrizko prestakuntza eta zein osasungarria den beraientzat kalitate eta exijentzia handiko irakasleengandik ikastea. Ildo horretatik, behar-beharrezkotzat jotzen ditut jardunaldietan bultzatutako ideia batzuk, hala nola aktorearen barne indarraren sustapena, apaindura eszenikoaren soiltasuna eta objektuen erabilera sinbolikoa.
Topaketetan jorratutako bigarren eremua herri-antzerkiarena da. Nik dakidanez, herri-antzerkiak ez du inoiz indarra galdu Iparraldean, eta Hegoaldean badirudi apurka-apurka berpiztu daitekeela, aurreko hamarkadetako atzerakadaren ostean. Eta antzerki mota horrek lan ederrak eman ahal ditu baldintzak sortzen direnean. Gogoan ditut, adibidez, Bergaran sortutako Miserableak miresgarri hura, Arrasateko Doke taldearen Actto para la Nochebuena -hiru mende dituen euskarazko testua- edota iazko udazkenean estreinatu zen Ibañeta gaurkotua. Hain zuzen ere, Iparraldeko Haize Berri elkartearekin eta hango antzezle ez-profesionalekin berritu zuen Ander Lipusek Piarres Larzabalen obra, eta Torrezelai frontoian eman zuten topaketen amaieran.
Baina herri-antzerkia ez da soilik herriko jendeak egiten duena, baizik eta herriarengandik hurbil egiten dena eta haren erantzun zuzena jasotzen duena. Aulestin emandako lan batzuk -Eta Karmele?, TxanoBarraGorro, Ibañeta bera...- alde bietatik ziren herrikoiak, baina Le Petit Theatre de Painen emanaldiak -Tartean eta Juglarea, puta eta eroa- ikusleekiko hurbiltasun froga bilakatu ziren.
Ikusten denez, Iparraldearen presentzia handia izan da topaketetan eta horrek hirugarren arlora, hau da, euskararen arlora garamatza, batez ere kontuan izanda Euskal Herriko leku askotatik datozela ikasleak eta irakasleak. Izan ere, jardunaldiak gauza askoren elkargunea dira eta haietan era askotako hartu-emanak gertatzen dira, baina euskarari dagozkionak izan daitezke aberasgarrienak, euskalki urrunduetako hiztunek jarduera guztietan aurkitzen baitute nork bere hizkeran hitz egiteko eta besteen doinua entzuteko aukera.