Joera berrien jaialdia
Agus Perez
Berria, 2008-11-04

 

      Aurtengo edizioarekin bere hamargarren urtemuga bete du Bilboko Antzerki eta Dantza (BAD) jaialdiak. Bilbon jaio eta berton bizi garenok behartuta omen gaude erakundeei darizkien handinahikeriak jasaten, eta jaialdia bera Bilboren neurrikoa izateko bokazioarekin sortu zen, segur aski udaleko kultur arduradunek uste zutelako Guggenheimeko hiriaren kultur eskaintza benetan urria zela, batez ere arte eszenikoetako arloan.

      Neuk ere artifizialtasun kutsu nabarmena hartu nion ekimenari hasierako urteetan, batez ere programazioaren eta aretoen arteko amildegia ikusita. Gogoratu dezagun, bestela, zelan ibili garen aurreko urteetan Arriaga alboko karpa batean edota Erriberako merkatuan, hotz izugarria eta arrain usaina jasaten eta kaleko zaratak entzuten, erdarazko hedabide guztiei lerdea zeriela Guggenheim eta Euskalduna jauregiaren kontura! Egia da jaialdiari distira eman nahian-edo beste leku txukunago batzuk zeudela --Arriaga bera eta La Fundicion, kasu-- baina horrek ordutegien eta prezioen bateraezintasuna zekarren eta, ordainean, ez zen benetako jaialdi itxurarik lortzen.

      Aurten Bilborocken eta La Merced ikastetxeko gimnasioan izan dira emanaldi gehienak, eta horrela dispertsio sentsazioa gutxitu egin da. Hala ere, jaialdia beti saiatu da hiriko beste lokal batzuetan egoten eta bertoko kultur eragileekin kolaboratzen --MEM jaialdia, Kafe Antzokia, Hika ateneoa...-- eta asmo horretan kokatu ahal ditugu Itineris apur bad ekimena edota La Fundicionen izandako emanaldiak. Ikusle arruntak, berriz, ez ditu Deustuko aretoan dagoena BADekin batere erlazionatzen, hango sarrera sistema eta ordutegiak ohikoak izan direlako, jaialdiaren parte ez balira bezala.

      Bilborock eta La Merced aretoen eskastasun gorria albo batera utzita, positibotzat jotzen dut aurten izandako gune kontzentrazioa, eta beharbada horren ondorioz zentratu da jaialdia bere balizko nortasun posible bakarrean, bertoko nahiz kanpoko sorkuntzei ateak irekiz eta bere burua joera berrien plataforma bihurtuz. Alde horretatik, Euskal Herriko sorkuntza interesgarriak eta kanpoko konpainia bikainak ikusi ditugu. Berbarako, Legaleon eta L'Alakran konpainien atzera begirako zikloa programatu da eta El silencio de las Xigulas mitiko hura berriz ere ikusteko aukera izan dugu. Euskarazko lan bakarrak, ostera, Le Petit Théâtre de Pain konpainiak ekarri ditu, eta Nafarroa Behereko taldeak argi utzi ditu bere planteamenduen zorroztasuna eta antzezpen maila eredugarria.

      BADek hamar bete ditu, eta bitartean bilakaera nabaria jazo da publikoaren konposizioan. Heldutasuna ailegatu ahala, desagertu egin dira hasierako ikusle nahasi eta desbideratu haiek eta oraingo jaialdiak jakinguraz datozen zaletuak eta arte eszenikoetako eragile ia guztiak elkartzen ditu. Hala izan dadila datozen hamar urteetan ere.