Formol Laborategiak Nire Bizitzarekin Ez Dakit Zer Egin Fest jaialdiarekin agurtuko du Album obra, gaur. Euren belaunaldia omendu nahi dute.
“Asko hitz egin da gure belaunaldiari buruz. Paradigma aldaketa bortitza tokatu zaigu, eta, millennial izate horretan, galduta gabiltza. Kristalezko belaunaldia omen gara. Hala da? Edo gure bizimoduak ez ulertzearen ondorioz egin diguten epaia da? Lan honetan belaunaldi baten irudi bilduma bat osatu nahi dugu, Formol Laborategia osatzen dugunon bizipenetatik abiatuta”. Hala amaitzen zen Formoleko kideek —Intza Alkainek, Edurne Azkaratek eta Mikel Ibargurenek— talde gisa lehen aldiz beka batera aurkezteko idatzi zuten gutuna. 2019a zen orduan; 2020an, pandemiak guztia eten zuen; eta 2021eko ekainean lortu zuten, azkenik, Album, zer egiten du ostruka batek arrainontzi baten barruan? obra aurrestreinatzea, Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona Fabrikan. Harrezkeroztik, 40 emanaldi bildu dituzte “motxilan”, EHAZE eta Susaren Ganbila bilduman argitaratu dute Album paperean, lankidetzak egin dituzte nerabeekin, eta, inoiz imajinatuko zuketen “harrera onenaren” ondoren, gaur itxiko dute zirkulua, Lekuona Fabrikan bertan.
Nire Bizitzarekin Ez Dakit Zer Egin Fest deitu duten jaialdia antolatu dute horretarako, eta bertan erakutsiko dute Album azkenekoz. Ez dute orain arteko formatuan oholtzaratuko, ordea. “Album 2.0 bat sortzea izan da asmoa”, azaldu du Azkaratek. “Obra berrikusi dugu, eta sorpresa txiki batzuk prestatu ditugu, gonbidatuekin ere bai”.
Antzezlanerako sarrera guztiak bukatu dira, baina festak kontzertuekin jarraituko du gero, eta horietarako badira sarrera batzuk: Merina Gris eta Dj Miau ariko dira, 22:00etatik aurrera —21:30ean irekiko dituzte ateak—. Ordua, baina, 18:00etan jarri dute, Zumardian, eta Elektropottotte elektrotxarangarekin egingo dute handik Lekuonarakoa.
Jaialdia antolatzeko motibazioen artean, lehenik eta behin, esker ona itzultzeko gogoa aipatu dute. “Behar kolektibo handi batetik abiatu genuen antzezlan hau, eta erantzuna oso ona izan da; uste dugu lortu dugula saretzea, eta zerbait berezia sortzea denon artean”. Baina, horrekin batera, “ospakizun nahia” ere azpimarratu dute. “Beste formatu batzuetan, musikan adibidez, agurrak ospakizun handiak izaten dira, eta iruditzen zitzaigun antzerkiak ere har lezakeela sentsazio berdintsuak sor ditzakeen jai bat”. Antzezlanarekin hasi zirenean euren helburu argietako bat gazte belaunaldiak antzerkira gerturatzea zela ere oroitu dute, eta norabide horretan ikusten dute gaurko jaialdia ere.
Azken helburu bat ere aipatu du Azkaratek: euren buruari barre egiten segitzearena, zenbaitetan, “minetik” izan arren. “Biran erakutsi dugu gure kezka sakonei absurdotik erantzuteko dugun grina, eta iruditzen zitzaigun jendeak enpatizatuko zuela horrekin jaialdian ere”.
Puskatutako aurreiritziak
Formol Laborategiaren lehen lana izan da Album —Azkaratek zuzendu du, eta Alkainek eta Ibargurenek interpretatu—, eta, aurrera begira, “oinarri poliedriko bat” ezarri dutela sentitzen dute orain. “Etorkizunera begira, nahiz eta ez dugun gehiegi begiratzen, sortu dugu leku bat non gutaz gain jende askoz gehiago sar daitekeen. Ez dakigu noiz bueltatuko garen zerbait egitera, baina, artistikoki zein konpainia bezala, esparrua hainbeste zabaldu izana oso garrantzitsua izan da guretzat. Sentitu dugu, nolabait, airean zegoen zerbait lurrera ekartzea lortu dugula”.
Pozik daude, halaber, jendearen erantzunak aurreiritzi batzuk puskatzeko balio izan duelako. “Gazte jendea ez doala antzerkira, euskal antzerkiak oso zirkuitu murritza duela ez baldin bazara konpainia kontsakratu bat... horrelako esanak apurtzea ere oso gozagarria izan da”.
Album-ek “ahalduntze generazional bat” eragin ahal izan duela ere esango lukete. “Oso gazte izanik ere, uste dut behar oso handia daukagula atzera begiratzeko. Euskal Herrian, agian, ez zegoen horrelako proposamenik antzerkian, baina bai musikan, literaturan... eta, nolabait, korronte horren parte sentitzen gara”.