Lokarturiko borrokak
Iraia Vieira Gil
Berria, 2023-04-28

      Langile borroken kriminalizazioa salatu du Anodino taldeak “Obsoletus” obra berrian. Gaur estreinatuko dute, Getxon, eta igandean Donostian izango da.

      Azkenaldian asko dira hedabideetan ageri diren arlo desberdinetako langileen protestak; hezkuntzan, osasungintzan edota metalaren industrian, esaterako. Behar bezalako hitzarmena besterik ez dute eskatzen gehienek, baina, askotan, “kriminalizatu” egiten da haien borroka. Hori hizpidera ekarri nahi izan du, hain zuzen ere, Anodino antzerki taldeak sortu berri duen antzezlanak: Obsoletus. Labur azaldu du obraren gaietako bat Aitor Fernandino antzezlaneko aktore eta gidoilariak: “Protesta egiteko moduak aldatu dira. Egun, whatsapp bidez antolatzen dira, eta lapiko jotzeak dira”. Gainerako guztia biolentziarekin lotzen dute zuzenean. “Are gehiago Euskal Herrian; dugun iraganaren ondorioz”. Gaur estreinatuko dute obra, Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri Zentroan, 19:30ean.

      Lantegi batean hasi eta bukatzen da istorioa, eta hiru pertsonaia dira, guztira, protagonistak: Ione (Aiora Sedano), Elias (Juanjo Otero) eta Txarli (Aitor Fernandino). “Greba jendetsu bat hasten dute fabrikako langileek, baina nekeak eta denborak aurrera egin ahala, eta elkarrekin dituzten gatazken ondorioz, bi pertsonak besterik ez diote itxialdiari eutsiko: Ionek eta Eliasek”. Bakoitzak, baina, aldarrikapenak egiteko bere bide propioa du. “Borroka indartsuaren aldekoa da Ione, baina boteretsuek mugak jarri dizkiote bere grina horri”. Eliasek, kontran, protesta bakezale batekin jarraitu behar dutela dio; horregatik jartzen diote Gandhi ezizena. “Nola izan daiteke euskal Gandhi bat egotea? Ba, badago. Muturreko bakezalea da Elias”. Txarli, berriz, lantegiko “pertsona garrantzitsu batekin” akordioa lortu ostean bueltatzen da lantegira, eta lidertzat hartzen dute.

      “Txarliren akordioak, ordea, baldintza bat du: langileek berehala utzi behar dute fabrika”. Momentu horretan sortzen ditu obrak, hain zuzen, hausnarketarako zenbait galdera: “Akordioa oso ona da, baina norentzat? Benetan justifikatzen al du borroka uztea? Noiz utzi behar da borroka? Zergatik?”. Komediaren bitartez, gai sozialak eta politikoak lantzea izan da Anodino antzerki taldearen helburuetako bat. Aldarrikapenak egiteko borrokari heltzea ezinbestekoa dela uste dute, eta hala ikusarazi nahi dute beren lanean. “Protesta batean, borroka egin eta erreibindikazioak azaldu behar dira, manifestazioen bidez, indartsu. Bestela, ez da ezer lortuko”.

      Mezuak bidaltzeaz harago doan borroka zaharkiturik dago egungo gizartean. “Kaleetan protestak daudenean eta edukiontziak erretzen dituztenean, politikariek eta komunikabideek indarkeria dela esaten dute. Borroka mota hori estigmatizatu eta kriminalizatzen dute”. Ideia horiek guztiak biltzeko sortu zuten, hain zuzen, Obsoletus izenburua. “Saiatzen ari dira beste borroka mota bat eragiten, baina ez da izango norberaren aldarrikapenak lortzeko egokiena”. Borrokak eta protestak esnaturik egon behar dutela defendatzen dute, ez lokarturik; eztabaidarako beste bide bat irekitzen die horrek: “Borroka batek aktibo egon behar du, eta gure antzezlana lokarturiko borrokentzako komedia da”.

      Egunerokotasuneko gai bat lantzen du obrak, eta, kontakizuna eraikitzeko, zenbait gatazka hartu dituzte oinarri Anodino Teatroko kideek. Pablo Hasel rap abeslariaren auzia izan zen, zehazki, Fernandinori burura etorri zitzaion lehenengoa. “Idatzitako letra batzuengatik atxilotu zuten, eta politikariek eta komunikabideek kaleetan gertatzen ari zen horretan jarri zuten arretagunea”. Bandalismoa, istiluak, indarkeria eta terrorismoa bihurtu zituzten hizpide, baina “benetako hori” ahaztu zuten. “Idatzitako zerbaitengatik norbait atxilotzea kontatzen zuten hori baino askoz ere gordinagoa eta gogorragoa zen”. Arretagunea aldatzea horretaz kontziente izatea da Fernandinorentzat garrantzitsuena.

 

     Errespetuz egindako lana

     “Errespetu handiarekin” landu du berak antzerkia, gai delikatua delako; komedia egitea, berriz, ez zaio zaila egin. “Komedia gustatzen zaigu, eta obra honetako pertsonaiek eta egoerek barrerako bidea irekitzen dute”. Borroken inguruan hausnartzeaz gain, elkarren arteko gatazkak ere azalarazten dituzte istorioan. “Ahaztu gabe gaia latza dela eta mamia duela”.

     Eszenografiari dagokionez, kaosaren irudikapen bihurtu du Pako Revueltas antzezlaneko zuzendariak oholtza. Lantegi guztietan aurkitu daitezkeen elementuak manifestazioetan daudenekin nahasten dira: aldamioak, mahaiak, lanparak, pankartak, fabrika utzitako grebalarien lapikoak, eta abar. “Hautsirik daude elementuetako batzuk, ehun pertsonak baino gehiagok protesta bertan behera utzi dutelako”. Fernandinok azaldu duenez, antzezteko laguntza emango dien eszenografia aukeratu dute; hasieratik bukaerara leku berean eta denbora errealean gertatzen baita istorioa.

     Bi hilabete eman dituzte entsegu lanetan, eta obra estreinatzeko irrikan dago talde osoa. “Publikoak ondo pasatzea nahi dugu, eta gure obrak, gainera, pentsarazten baldin badu, asko poztuko gara”. 2021ean hasi ziren ekoizpen lanekin, eta joan den urtean eskatu zituzten lehenengo diru laguntzak. “Prozesu luzea izan da, baina, aldi berean, polita”. Hori bai, gidoiari azken orduko aldaketaren bat egin diotela aitortu du Fernandinok. Gaur eskainiko dute lehenengo emanaldia, baina beste saio batzuk ere zehaztu dituzte: lehenengoa, igandean, Donostian.