“Mamut”, kaletik antzokietara jauzi egin duen Markeliñeren proposamena
Amaia Ereñaga
Gara, 2022-12-28

      “Nolakoak ziren Paleolitoko gizakiak?” galderatik abiatu da “Mamut”, Markeliñe konpainiak gaur arratsaldean Zornotza aretoan estreinatuko duen lana. Kaleko antzezlan gisa sortutako “Mamut” honek antzokien bidea hartu du eta familiei zuzenduta dago... azken garaiotan haur ikusleria asko “gaztetu” zaiela ohartu dira, ordea: nerabe gutxi eta 4-5 urteko ume. Gijongo Feten jaialdi ospetsuak hautatu du lana.

      “Gu hasi ginenean ez zegoen antzokirik; frontoietan eta aterpeetan muntatzen genituen guk geuk antzokiak teloiak, kableak, fokuak eta abar jarrita”, esan du Jon Kepa Zumaldek, Markeliñe antzerki taldeko partaideak. Baina zein urteri buruz ari gara? “Lehenengo lana 198koa da, eta kooperatiba gisa 86an eratu ginen. Nik 35 urte ‘besterik ez’ daramatzat”, erantzuna.

      37 urte daramatzate, beraz, antzerki munduan, antzezlan propioak sortzen oso estilo pertsonalarekin: mutuak, keinuen bitartez jorratutakoak, objektuei eta lengoaiei buruzko ikerketa etengabearen isla. Denbora honetan guztian mota guztietako publikoari zuzendutako istorioak sortu dituzte, bai helduentzat bai haurrentzat.

      Zornotzan finkatutako konpainia hau Euskal Herriko talde beteranoena dela esango bagenu ez ginateke, beraz, oker ibiliko. “Hasiera haiek oso gogorrak izan ziren, baina gaur egun gozamena da ikustea herri bakoitzean antzoki edo gune bat dagoela zuzeneko ikuskizunak sentitu eta disfrutatu ahal izateko. Lanbide bezala ere sozialki aldatu da, dagoeneko ez gaituzte aktoreak gaizki begiratzen”, azaldu du Jon Kepa Zumaldek.

 

      Kilometro ugari

      Etxera itzuli berri harrapatu ditugu taldekoak. Hiru egunetan milaka kilometro egin dituzte furgonetan: Valladolidetik Alacantera, eta bihar, beste emanaldi bat. Hiru toki, hiru antzezlan desberdin, gasolina mordoa xahututa... baina berdin kobratzen dute beraien antzezlanengatik. 2022. urtea ez da erraza izan. “Halere eskertzekoa da, pozik gaude”, aitortu du.

      Zazpi antzezlan dituzte esku artean egun. Mordoa. Eta zortzigarren bat prestatzen hasi dira. Kaleko ikuskizuna izan behar zuenak, alegia “Mamut”-ek, antzokietarako bidea hartu baitu. Titirijai jaialdian ikusi ahal izan zen muntaia gaur Zornotzan estreinatuko dute (18.00etan), eta otsailean Feten-erako bidea hartuko du, Gijonen ospatzen den arte eszenikoen jaialdi honek (otsailaren 26tik martxoaren 3ra) aurten berriz hautatu baitu Markeliñeren lan bat. Haur eta gazteen antzerki jaialdirik ospetsuenetarikoa da Europan Feten.

      “Ohartu ginen ‘Mamut’ oso poetikoa zela, mimo handiarekin sortua eta kalean ikusleriaren arreta mantentzea zaila gertatuko zitzaigula. Asko pentsatu ondoren, ‘honek antzokirako izan behar du’ erabaki genuen. Gauza asko aldatu dizkiogu, Xabier Zeberioren musika erantsi diogu... askoz ederragoa da”, esan du Markeliñe taldeko kideak.

 

      Primitibo haiek

      Taularen gainean Nerea Martinez, Fernando Barado, Maite Bayon eta Gaizka Chamizo, duela milaka urteko gure arbasoen azalean. Hau abiapuntua: Paleolitoan, gizatalde bat otsoez inguratuta dago, eta mamut handi baten hezur arrastoen ondoan babesten da. Baina ez dago haragi arrastorik gosea baretzeko. Inguratuta eta gosetuta dago gizaki taldeak, muturreko egoera horretan, hezur lehor bat dastatzen eta mastekatzen ari den keinua egin du.

      Hor lehen fartsa, fikzio edo antzerki keinua. Irudimena baita gizakion ahalmena. “Gizaki haiek irudimenarekin sor dezaketelako edozer; gero etorriko dira ametsak, desioak, kultura... elkarren arteko laguntzarekin gauza asko sor daitezke”. Emanaldi honek, hasiera-hasieratik, ikusgarritasuna bilatzen du, 4-5 urteko haurrak txundituta uzteko moduko irudiak sortuz. Baina zergatik hain ikusleria gaztearentzat?

      Zumaldek eman dizkigu egungo arte eszenikoen egoera ulertzeko zantzu batzuk. Esaterako, ikuslerian nabaritutako aldaketa: “Nerabeak galtzen ari garelakoan nago”. Haurrak gurasoekin gerturatzen dira antzokietara, baina 7 urtetik gorakoak, gero eta gutxiago. Eta nerabeak, mugikorren eta telebisten pantailei lotuta daude. “Antzerkia sozializatzeko eremua da, baina pandemiak ez du asko lagundu. Orokorra da. Laster ahaztu ditugu medikuak eta osasun arloan lan egiten dutenak. Eta guri gauza bera gertatu zaigu. Gainera, kulturaren inguruan mugitu garenok gelditu gara aisialdiko esparruan egongo bagina bezala, aisialdia kultura izango ez balitz bezala, eta gu kulturaren zutabe handi bat gara”.