Sorkuntzaren bizipenak
Agus Perez
ehaze.eus, 2022-12-08
“Matriuska”

Konpainiak: Kamikaz kolektiboa eta Ttak teatroa. Sorkuntza eta interpretazioa: Iraia Elias, Amancay Gaztañaga. Lekua: Aiaraldea Ekintzen Faktoria (Laudio). Eguna: Azaroaren 27a.

      Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktoria ezagutu berri dugu Matriuska antzezlana han eman behar zelako aitzakiarekin. Lokal polita benetan. Kanpotik inguruko industria-pabiloien itxura dauka, baina behin atea zeharkatuta, gauza askotarako balio duen espazio argi, atsegin eta ondo antolatu batean sartu gara, eta bisitatzen genuela plaka batean irakurri dugu Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak sari bat eta guzti eman ziola gunearen atontze eredugarriari.

      Bertan burutzen diren ekimenen artean Emakume Sortzaileen Zikloa dugu, 2022an irailean hasi eta urtea amaitu arte iraungo duena. Hona hemen haren leloa: “Emakumeak ardatz, zazpi pieza, hamaika modu sorkuntzaren bizipena gorpuzteko”.

      Matriuska antzezlana estreinatu eta gutxira ikusi genuen Donostian, eta orain Laudion zegoela jakitean ez dugu dudarik egin bigarrenez ikusteko orduan. Pieza borobilak eta ausartak ez dira ugariak gure kultur panorama pobretuan, eta urrea balira bezala miretsi behar dira, gure izpiritu gaixoa ere pobretzea ez badugu nahi.

      Alaitasun betean sartu dira atzeko atetik Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga, ikusleei agur pertsonalizatuak egiten eta Bilbotik etorritako bikote bati txantxa bereziak dedikatuz, haiek bitan edo hirutan ikusi ei dutelako obra eta, hala ere, “ez dute deus ere ulertu”.

      Eta ni behintzat ados nago, Matriuska honetan ez dagoelako gauzak bide logikoetatik ulertzerik, bide emozionaletik baizik, hau da, erraietatik. Dantzan bezala, ez dugu argumentu zehatzik bilatu behar: abandonatu gaitezen, ordea; utzi diezaiogun gure barruko izaki erreprimituari aske izaten; eduki dezagun konfiantza zoroak, burugabeak, arraroak eta, batek daki, arriskutsuak eta guzti izan daitezkeen emakume sinestezin hauengan! Zer daukagu galtzeko, bada? Ala fede gehiagorik jarri behar dugu odola goitik xurgatzen diguten gizon-emakume trajedun horiengan?

      Zeren eta, arraro itxura badute, eduki ere. Oinetaraino luzeak diren berokiak jantzita agertu zaizkigu: Iraia Elias bibote handi batez hornitua eta Amancay Gaztañaga kokotseko bizar dotore batez edertua. Lehena erlatibitatearen inguruko argibide ustez zientifikoak emanez eta bigarrena haren menpeko, oharrak akta-liburu handi batean etengabe hartzen. Desadostasun une batean, buruzagiak metro bateko txistor bat atera du bragetatik, eta morroiak hamar zentimetroko txorizoa. Beraz, buruzagia txapeldun.

      Ez pentsatu, ordea, halako gauza zabarretan galduta ibili direnik, esandako hori anekdota txiki bat besterik ez delako izan, eta emanaldian zehar denetarik gertatu delako. Zer esan, adibidez, logika zeharo hotzari egindako kritikaz?; zer esan, maisuki gorpuztu duten komikotasun erdi grotesko erdi parodiakoaz?; zer esan, azkenik, Godoten esperoan lez goiko kontrolatzaile ezezagunarekin antigoaleko telefono batez izandako dei antzuez?

      Amaitutakoan izandako elkarrizketa atseginean —txokolate kikara bana eskaini digute ikusleoi— jakin dugu honako hau Matriuska-ren akabuko emanaldia izan dela. Pena sentitu dugu, harribitxi hau ez dugulako hirugarrenez ikusiko. Baina poza ere bai, emakume sortzaile hauek, sorkuntzaren bizipenak zelan gorpuzten dituzten azaltzeaz gain, beren oraingo proiektuaren berri eman digutelako —Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi— eta baita ere euren hurrengoaren notizia, zehaztasunetan sartu barik, ordea.

      Faktoriako ziklo honen amaiera ere aurkeztu digu Nerea Iglesias moderatzaileak: abenduaren 30ean izango da, Araialdeko emakume sortzaileen diziplinarteko ikuskizun batekin. Galdu barik, gero!