Konpainiak eta obrak: Pez Limbo (Daisy Crazy), Amaia Garrosa (Tránsitos), Kolectivo Monstrenko (Raska nazka). Lekuak: Gasteizko Alde Zaharreko zenbait areto. Eguna: Azaroak 20.
Gasteizko Antzerki Jaialdian Off lokal izeneko atala gorde dute bertako talde eta proposamen laburrentzat, eta euskarazko blokean hiru lan ikusi ditugu arrats berean. Lehen emanaldia Goiuri jauregiko kapera ohian izan da, eta han agertu zaizkigu Ane Gebara eta Josune Velez de Mendizabal erlemandoena egiten errealitate faltsua irudikatzen zuten bitxilore idilikoen aurrean.
Tranpola deitu ziren nik ezagutu nien lehendabiziko obran —Txilin hotsak bikain hura—, gero Les Bobe-Bobe izenarekin jardun zuten, eta orain Pez Limboren zigilupean aritu dira —Espe Lopez zuzendari—, betiere beren umore basati, aurreratu, lotsagabe eta buruargiarekin. Daisy Crazy honetan ezin dugu jakin emanaldian zehar gertatu dena, denetarik eta ia-ia aldi berean gertatu delako: arropa-pilaketa absurdoak, objektu askoren erabilera eta sakabanatzea, tik-tok estiloko tarte dantzatuak, Edu Hernandorekin izandako pasarte filmatu are dibertigarriagoa eta idoloen kontrako hitzak abesten zituen kanta zoragarria.
Esan bezala, ezin dugu jakin zer gertatu ote den —ote zaigun—, baina argi dugu bitan, hirutan, hamaikatan ikusi nahi dugula bikote parekaezin honen lan txoro bezain askatzaile hau, eta guztietan geratuko garela energiaz, umorez eta amorruz beteta, beraiek bezala, bide batez esanda.
Ibilbideko bigarren emanaldia garai bateko Arteen eta Lanbideen Eskolan izan da, Amaia Garrosaren esku, eta bere Tránsitos izeneko proposamenean soka zuri luze batek irudikatu ditu behegainetik bizitzaren bide konplikatuak. Bereak izan dira sormena, diseinu teknikoa eta interpretazioa, eta Iara Solanok —Sleepwalk Collective— eman dio kanpoko begirada. Ez dakigula zergatik, Garrosak frantsesez hitz egin du beti —ez ahoskera txukun-txukunean, dena esan behar bada—, eta off-eko ahotsean euskarazko eta gaztelaniazko testu intelektualak entzun ditugu. Argi joko bariatuak, egurrezko gizaki txiki baten manipulazioa eta ispilu bidez sortutako itzal-efektuak izan dira lanaren osagaiak, baina, oro har, esperimentazio pertsonalaren ideia eta, euskarari begira, pobreziaren sentsazioa utzi digu horrek guztiak.
Zorionez, harribitxi batekin amaitu da gaualdia La Monstrenka aretoan. Jason Guerrak zuzendutako Raska nazka-n Aitor Vinagretek interpretatu ditu ludopatia kasu bateko pertsonaiak, maisuki interpretatu ere, eta harrigarria egin zaigu hain elementu eszeniko gutxirekin hain ondo gauzatu izana argumentuak eskatutako egoera guztiak eta haien pertsonaiak: joko aretoko atezaina, tabernako jabea, enpresari bihozgabea, zorretan itotako ludopata... eta denetan nagusi, haren ama, eszenan inoiz agertu ez den arren.
Esan bezala, harribitxi bat topatu dugu bai lanaren planteamenduan bai antzezle bikain honengan. Espero dugu leku eta jaialdi askotan programatua izatea, baina honezkero ez dugu federik halako mirarietan.