Horman Posterrek formatu ertain-handiko bigarren lana taularatuko du Azpeitiko Antzerki Topaketetan. Xanti Agirrezabala eta Maite Aizpurua dira aktoreetako bi.
“Espazioa esploratzeko ametsaz mozkortutako gure hiru pertsonaiak zientziaren eta simulazioaren artean kokatzen den kanpaleku batean elkartu dira. Denboraldi batez, Espazioaren konkista entseatuko eta birpentsatuko duten astronauta analogoak bilakatuko dira”. Hori da Horman Poster kolektiboaren azken obraren abiapuntua. “Ekoantsietateak” jota, planetarteko espezie izateko grinarekin izarretara begira diren hiru pertsonaiaren arteko istorioa du ardatz Souvenir, komeria estralurtarra antzezlanak, eta espaziorako hegaldiak dagoeneko hasia du atzera kontaketa, bihar Bilbon estreinatu ondoren, konpainiak Azpeitiko Antzerki Topaketen barruan izango baitu emanaldia.
Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanaren ondotik ondu du Horman Posterrek Souvenir, komeria estralurtarra lana, eta aurreko obrak “oso fruitu onak” eman zituela eta, talde artistiko zein tekniko “oso antzekoarekin” sortu dute oraingoa ere; beste behin, Igor de Quadra aritu da zuzendari lanetan, eta Xanti Agirrezabala azpeitiarrak eta Maite Aizpurua zumaiarrak osatzen dute talde artistikoa, Matxalen de Pedrorekin batera. Aldiz, Antigone edo ezetzaren beharran aktore lanetan aritu zen Jon Ander Urresti zuzendari laguntzaile da oraingo honetan.
Bidaiaren eta turistifikazioaren inguruan hausnartu nahi du konpainiak, Agirrezabalak azaldu duenez: “Taldean Azpeitiko, Zumaiako, Bermeoko eta Bilboko pertsonak gaude, eta guztiok flyscharekin, Loiolarekin, Gaztelugatxerekin nahiz Guggenheim museoarekin lotzen ginen. Turistifikazioaz eta bidaiez pentsatzen hasi, eta bidaia estralurtarrera iritsi ginen, bidaien muturreko aldaera delako hori eta errealitate bihurtzen ari delako”. Ikuslea istoriora katigatzeko, umorea erreminta “oso indartsua” dela jakitun, kode horretan sortu dute obra. “Gai potolo horien inguruan hausnarketa egin nahi dugu, baina modu arinean eta aldarte onean”.
Sormen prozesuari dagokionez, berriz, “intuizio artistikoetatik eta irudi plastikoetatik” gidatu dira lana ontzerakoan; “Igorrek oso begi ona du horretan”, esan du azpeitiarrak. Bilboko D8 Sorkuntza Faktorian, Errenteriako Lekuona Fabrikan (Gipuzkoa), Garaion Sorgingunean (Araba), Donapaleun (Nafarroa Beherea) zein Azpeitiko Dinamoan egon dira obra sortzen: “Sormen prozesua luzea izan da; genuen materialari arnasa emateko eta ahalik eta zuku gehien ateratzeko aritu gara hain denbora luzez lanean”.
Etxeko lan guztiak eginda, Horman Posterrek bihar aurkeztuko du jendaurrean azken lana, Bilboko Arriaga antzokian. Segidan, Azpeitiko Soreasu antzokian egingo du geldialdia –igandean, 19:00etan– eta Zumaian, Errenterian (Gipuzkoa), Getxon (Bizkaia) eta Donostian jarraituko du bidaiak. Publikoa ez ezik, estreinaldirako zain da taldea bera ere: “Komeria-istorio bat sortu nahi izan dugu, eta publikoak ez ezik, geuk ere ikusi nahi dugu zer egin dugun, baita zer erantzun izango duen ere”.
Aktorearen esanetan, estetika asko zaindu dute obra honetan, eta bisualki “oso gauza ederra” izango da; “nortasuna nabari zaio”, gaineratu du aktoreak. Hain zuzen ere, azpeitiarraren iritziz, konpainiaren zigilua darama taldearen azken obrak: “Ikusleak guztiz bilatuko du Horman Posterren diskurtso zaindua, hausnarketarako bidea ematen duena”.
Hamabi urte ditu Horman Posterrek, eta duela lau batu ziren Agirrezabala, Aizpurua eta Urresti konpainiara; duela bi urte, berriz, formatu ertain-handiko aurreneko lana sortu zuen Horman Posterrek: Antigone edo ezetzaren beharra. Oihartzun handia izan zuen obra hark, eta bi sari eskuratu zituen: 2020ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetako Ikuslearen Saria eta 2022ko Donostia antzerki saria. “Antzezlan hark erreminta indartsuak zituen publikoa gerora ere konpainiarekin oroi zedin, eta lortu zituen sariek ere lagunduko zuten horretan”. Eszena handira eramandako konpainiaren bigarren obra artistikoa da bihar estreinatuko dutena, eta azpeitiarraren ustez, proposamen “berritzailea” izanagatik, aurreko lanarekin “loturak” topatuko ditu ikusleak.
Euskal Herriko arte eszenikoen panoraman “ahalik eta gehien” eragitea da konpainiaren helburua, eta azken urteetan horretan ari da lanean, egoera samurra ez bada ere: “Eskaintza oso zabala dago, eta ez da erraza lekua egitea. Toki askotan bera izaten da programazioa, eta programatzaileei kostatu egiten zaie arriskatzea eta hain ezagunak ez diren taldeei konfiantza ematea”. Zentzu horretan, Azpeitiko egitasmoa, izenak berak dioen moduan, antzerkigileen zein antzerkizaleen topaketa dela nabarmendu du aktoreak, baina hori baino gehiago ere bada konpainiarentzat: “Azpeitian ordu asko pasatu ditugu obra hau egiten, eta emanaldia bada herriari bueltan eman nahi diogun zerbait”. Izan ere, Souvenir, komeria estralurtarra Azpeitian ere sortu da, eta beraz, aktorea ez ezik, “etxean” arituko da taldea bera, herriak utzitako baliabideekin sortutako azken lana herriari eskaintzen.