Memoria eginez baina betiko esentziarekin datoz 40. Euskal Antzerki Topaketak
Maialen Etxaniz / Ihintza Elustondo
Uztarria, 2022-10-13

      40. Euskal Antzerki Topaketak egingo dituzte azaroaren 1etik 20ra. Herriye antzezlanak zabalduko du egitaraua; 50 azpeitiar baino gehiagok parte hartuko dute obran, eta lau emanaldi eskainiko dituzte. Antzezlanak ez ezik, erakusketak, mediazio saioak, 40. Topa ekitaldia nahiz horma irudiak izango dira aurtengo menuan.

      Ez da edonolako zenbakia aurtengoa; izan ere, 40. urteurrena beteko dute Euskal Antzerki Topaketek. Urtemuga zenbakia berezia izanik, aurtengo aldia ere modu berezian prestatu nahi izan dute Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak. Urteurrena aitzakia hartuta, memoria ariketa egin nahi izan dute, baina horrek ez du esan nahi betiko esentzia galduko duenik egitasmoak. Hala, urteroko gisan, egitarau oparoarekin egingo dituzte Topaketak azaroaren 1etik 20ra bitartean. Guztira, 11 antzezlan izango dira ikusgai herritar denentzat, eta beste zazpi eskola antzerkiaren programazioaren barruan emango dituzte.

      Aurtengo edizioan ohi baino parte hartze handiagoa izango dute herritarrek. Herriye antzezlanak zabalduko du Antzerki Topaketen egitaraua, eta badu berezitasun bat obra horrek: 50 azpeitiar baino gehiagok parte hartuko dute antzezlan horretan, zuzenean edo zeharka. Xanti Agirrezabala da obra horren zuzendarietako bat: “40. urteurrena ospatzeko, zer hobeto herri produkzio bat baino?”, esan du hark. Haren arabera, umorea eta komedia uztartuko dituzte antzezlanean. Gurutze Eizmendi ere obra horretan murgilduta dabil buru-belarri, eta hark zera adierazi du: “Azpeitiarra baldin bazara, etorri beharra daukazu”. Izan ere, hitzordura joaten direnen artean udalean bizitza osorako lanpostu bat zozkatuko dutela aurreratu du.

      Antzezlan horrenaz gain, beste bi estreinaldi izango dira aurtengo menuan: lehen aldiz ikusi ahal izango dira Metrokoadrokaren Zeozertan dabil, baina ez dakit zertan eta Mairuren Intxaurra obrak, hain zuzen ere. Era berean, etenaren ostean, eskola antzerkia itzuliko da. Egitasmo horren barruan, zazpi emanaldi egingo dituzte azaroaren 14tik 16ra, herriko gaztetxoen artean antzerkizaletasuna bultzatzeko helburuarekin. Amezketako, Azpeitiko eta Errezilgo antzerki eskoletako artistak izango dira protagonista. Bestalde, Corrado Masacciren txotxongilo erakusketa izango da azaroaren 1etik 15era Betharram aretoan, eta Azpeitiko Argazki Elkarteak Topaketetako argazki zaharrekin osatutakoa azaroaren 1etik 20ra Sanagustin kulturgunean.

      Antzerki emanaldiez eta erakusketez gain, bestelako ekitaldiak ere prestatu dituzte. Batetik, bi horma irudi egingo dituzte. Lehena dagoeneko ikusgai dago Soreasuko tunelean; topaketetako edizio guztietako kartelekin apaindu dute pasabidea. Bigarren murala Soreasu auzoan egingo dute, 40 urteotan Topaketen parte izan direnei keinu eginez. Horma irudi hori azaroaren 12ko 40. Topa ekitaldiaren barruan aurkeztuko dute. Egun hori Topaketen ibilbidean herritarrek egindako lana eskertzeko eta elkarrekin topa egiteko baliatu nahi dute antolatzaileek.

      Bestetik, mediazio saioak ere egingo dituzte gaztetxoekin. Zehazki, Dinamoko sormen egonaldietan garatutako obrak ikastetxeetako gaztetxoengana iritsiko dira. Mediazio tailerretan parte hartuko dute Horman Poster kolektiboak, Tripa kolektiboak eta Metrokoadroka taldeak. Saio horien bidez, antzerkizaletasuna sustatzeaz gain, gaurkotasuneko gaiak landuko dituzte ikasleekin.

      Aurtengoan, gainera, Euskal Antzerki Topaketek “sarera salto” egitea nahi izan dute sustatzaileek. Hori horrela, antzerkitopaketak.eus ataria sortu dute; bertan, Topaketen inguruko informazioa, egitaraua eta sarrerak erosteko gunea aurki daitezke. Gainera, sare sozialetarako saltoa ere eman du egitasmoak. Era berean, euskarazko Wikipedian orrialdea garatu dute, Wiki elkartearekin batera.

 

Atzera begirada

      Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak herriak euskarazko antzerkiaren alde egin duen apustua azpimarratu du: “40 urte hauen atzean lan asko eta antzerkigintzari emandako azpeitiar ugari daude, baita antzerkiarekiko maitasun handia ere”. Gaur egun, euskarazko antzerkigintza bultzatuz Euskal Antzerki Topaketak egitea “apustu bat” dela adierazi du, eta “duela 40 urte hautu hori egiteko ausardia izan zutenak” eskertu ditu. Bereziki, Imanol Elias aipatu du eskertzan.

      Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak nabarmendu duenez, hiru ardatz izango dituzte aurtengo Topaketek: euskara, herritarren parte hartzea eta transmisioa. “Herri honen helburua da kultura bere osotasunean sustatzea”, esan du.

      Aitor Bengoetxea Kulturazeko kidearen hitzetan, “egiteko modu bat” sortu da kulturan Azpeitian: “Komunitatea, euskara, herri sorkuntza, eragileen arteko lana… uztartu ditugu, eta helburu beraren alde egiten dugu lan. Bide horretan, udalarekin elkarlanean, hazten ari gara”.

      Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abian jarritako Arnasguneak antzerki sorkuntzarako bekaren bidez sortutakoa da Mairu antzerki kolektiboaren Intxaurra obra. Dinamoan egin dute antzezlana prestatzeko egonaldia, eta Topaketetan estreinatuko dute obra. Gaizka Sarasola Mairu taldeko kideak azaldu duenez, lanketarako eta gogoetarako “ohi baino denbora eta baliabide gehiago” izan dituzte, eta “plazera” izan da hori. Azpeitiko emanaldiaren ostean, obra arnasguneetan, komunitatean nahiz herriz herri aurkezteko aukera izango dute, eta “gustura” azaldu da Sarasola.