Konpainia: Kamikaz kolektiboa. Noiz: Irailak 25. Non: Gazteszena (Donostia).
Ederra lasaitua hartzen dena kortse bat askatzen denean. Hogei bat botoi, batak bestea gehiago estutzen eta arnasa itolarrian. Obra honetako pertsonaiek ez dute, ez, bizkarreko minik, gorputz femeninoak estilizatzeko jantzi dute prenda hau. Tente mantentzen ditu, erortzeko aukerarik ez baitiete ematen euren buruei. Azukrea mendeko bihurtzeraino dastatu dute ohikoa dirudien merienda batean, edo agian, batu eta euren gauzez hitz egitea da benetako adikzioa. Brandya, esango nuke, antzezlanaren nolakotasunaren zaporea dela, absurdoaren garapena, erridikulua dena are patetikoagoa bihurtzeko ahalegina. Eta era berean aktoreen errealitatea islatu nahia.
Fikzioa fikzioaren barruan. Bridgerton telesail ospetsuan oinarritu dira obra honetako aktore eta sortzaile diren Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias eta hura parodiatu dute. Pasteltxoek eta teak identitaterik gabeko hiru emakume batu ditu mahaiaren bueltan: emakumea I, emakumea II, emakumea III. Ezer interesgarririk ez dute hizketagai, bizpahiru esaldi xalo eta Joshua, hirurek maite duten gizona. Hasi da jolasa: imitazioa, mugimenduen errepikapena, ahotsaren tonu agudoak, ibilera mekanizatuak, postura arraroak eta giroa bihurritu duen hainbat jarrera. Aktoreen arteko konexioak eta interpretazioak arretaz mantendu du ikuslea lehen eszena luze honetan, erritmoa eta musikaltasuna emanez, barrea ahotik ahora kutsatzera helduz. Hiru emakume elegante, politikoki zuzenak izateko saiakerari eusten eta, era berean, gizon bera gustuko dutelako borrokan. Azukre guztia odolean, gehiago ez mahai gainean. Intentsitatea gora, algarak ere bai.
Kontsumitzen dugun fikzioari leku fisikoa eman diote obran, literalki lauki baten barruan eginez interpretazio hori. Lerroa gainditzean, ordea, pertsonaiak desagertzen eta aktoreak azaltzen dira, bizitakoa euren errealitatera ekarri eta, antzezteari utzi gabe, hausnarketara bultzatuz, Kodea hori da. Antzezlanak Kamikaz kolektiboaren zigilua darama garbi, antzerkia eta genero problematika batzen dituen proposamena baita, feminismoaren aldarriak ardatz dituena eta, era berean, antzerki konbentzionalaren mugekin jolasten duena adierazteko moduari dagokionez.
Obrak emakume guztiek identitatea libreki garatzeko beharrari eusten dio, eraikitakoa hautsi nahian. Eraikitako hori erakusteko, ordea, Bridgerton gisako goi mailako familia aristokrata bateko emakumeen eredua erabili dute, zeintzuen bizitza ikuspegiak gainontzeko emakumeonganako boterea zein pribilegioak dakarzkien. Konparazioa egokia ote den galdetu diot neure buruari. Mezuak edo problemari aurre egiteko proposamenak ezer berririk kontatzen ez duela iruditu zaidan arren, ezagutzen dituenak zer ikusiko duen badaki, eta aretoa beteta zegoen.