Kontsumismoaren infernuak
Iņigo Astiz
Berria, 2022-10-26

P6ko konpainiak euskara hutsean estreinatuko du Dennis Kellyren “Love & Money” antzezlana gaur, Bilboko Arriaga antzokian, eta azaroan astero hiru saio egingo dituzte Zorrotzaurreko aretoan.

      Love & Money. Maitasuna eta dirua. Bi elementu horiek daramatza izenburuan Dennis Kelly antzerkigileak sortu eta orain P6 aretoko antzerki konpainiak euskaraz taularatuko duen obrak: bi elementu horiek baino ez, eta ordena horretan. Zorretan itota daude David eta Jess, eta euren infernuetarako jaitsiera kontatzen du obrak, baina kontsumo gizartearen eta neoliberalismoaren indarkeriari buruzko satira moduko bat ere egiten du antzezlanak haien bidez. Gaur estreinatuko dute lana Bilboko Arriaga antzokian, eta azarorako beste hamabi saio programatu dituzte Pabiloi 6 aretoan. Hilabeteko ostiral, zapatu eta domeka guztietan izango dira emanaldiak, 4an hasi eta 27ra arte.

      Aiora Sedanok jokatzen du Jessen rola, eta antzezlaneko pasarte bat gogoratuz azaldu du obraren tonua. “Jessek, obrako une batean, David bikotekideari kontatzen dio nola eman dioten labankada bat bularrean pertsona bati: telefonoz hitz egiten ari zen, beste pertsona bat korrika etorri da, kolpea eman, eta bota egin dio mugikorra; apurtu egin zaio, eta gizon horrek justu labana bat zeraman, eta... zast! Sartu egin dio bularrean. Eta hori guztia telefono madarikatu bategatik”. Kontakizunean erabat sartuta dago pertsonaia, eta orduan dator Daviden galdera, hotz. “Eta zergatik zeunden zu han?”. Berriz hasten dira aitzakiak hor. Kontsumista konpultsiboa baita Jess, eta horrek eraman baititu zulora.

      Ugaitz Alegriak antzezten du Daviden rola obran, eta, dioenez, tragikoa da tonu nagusia. “Publikoak gogoeta egiteko aukera izango du antzezlanean aipatzen diren gaiei buruz: kontsumismoaz, kapitalismoaz, botere abusuez, osasun mentalaz...”.

      Edonola ere, badira umore tanta azido batzuk ere. Eta berriz ere sakelakoaren eta labankadaren anekdota dakar gogora Sedanok hori azaltzeko. “Jessek kontatzen dio labankadarena eta nola apurtu zaion telefonoa, eta, bat-batean, botatzen dio: ‘Nokia bat zela uste dut, bai, Nokia bat zen’”. Baina halako puntuak gorabehera, antzezlana “oso beltza” dela onartu du berak ere.

 

Hizkera gordin eta trufatia

      2006an estreinatu zuen obra ingelesez Kellyk, baina ez da bere lan bakarra. Debris eta Osama the Hero antzezlanen sortzailea ere bada, eta berak idatzi ditu, besteak beste, Utopia telesaila eta Matilda: The Musical musikal arrakastatsuaren gidoiak ere. Idoia Barrondok egin du orain Love & Money obraren euskarazko itzulpena eta egokitzapena, eta autoreak bere beste lanetan ere erabiltzen duen hizkera gordin, trufati eta ironikoa nabarmendu diote antzezleek.

      Cecile Marquette antzerki zuzendari frantziarrak zuzendu du obraren euskarazko egokitzapena, eta Olatz Ganboa izan du ondoan zuzendari laguntzaile lanetan. Duela hiru urte heldu zen Marquette Euskal Herrira, eta, gaztelera menperatzera heltzeaz gainera, euskara ere ikasten hasi da denbora tarte horretan. Azaldu duenez, Kellyren antzezlanak “zikoizkerian eta moralismoan erori gabe” hitz egiten du kontsumismoaz, eta, hain zuzen ere, gaitasun hori iruditzen zaio zuzendariari lanaren ekarpenik interesgarrienetako bat.

      Bost aktore izango dira oholtzan: Sedano eta Alegria, Aitor Etxarte Merino, Eneritz Garcia Alonso eta Miriam K. Martxante. Maria Casanuevak sortu du eszenografia, Fernando Alcauzarrek argiztapena, eta Betitxe Saitua arduratu da jantzien diseinuaz. Horrez gainera, Maitane Zalduegi-Viar izan da mugimendu eszenikoen arduraduna.

      P6 aretoak euskararen alde egin duen apustua nabarmendu dute aktoreek. “Edozein hizkuntzatan arituta ere, gutxitan izaten dira areto bakar batean hainbeste emanaldi egiteko aukerak”, onartu du Sedanok, “eta are gutxiago euskaraz”. Dioenez, obrari hazteko aukera eskaintzen dio horrek. “Madrilen, adibidez, konpainiek bai pasatzen dituzte hainbat egun areto berean, baina hemen, normalean, emanaldi bat egiten dugu leku batean, eta beste herri batera joaten gara, eta gero beste batera... Pena da hori, emanaldi bat egin eta igual hilabete batera egiten duzulako beste bat, eta obrak jarraian emateak aukera ematen dio lanari hazi ahal izateko”.

 

Neke emozionala

      Alegriak ere onartu du euskara hutsez aritzeko apustuaren garrantzia. Suertatu izan zaio antzezlan batzuk euskaraz gutxi batzuetan bakarrik, eta elkarrengandik aste batzuetako tartearekin egitea, eta, dioenez, “erabat kontzentratuta” egotera behartzen du horrek aktorea. “Sormen prozesua zer hizkuntzatan egin duzun ere klabea da”.

      Entseguak amaitutakoan sentitu izan duen nekea aipatu du Alegriak. Dioenez, ohituta dago paper fisikoak egitera, maite ditu mugimendu handiko lanak, eta, inoiz, egin izan ditu hiru eta lau emanaldi ere eguneko. Oraingoan, ordea, Kellyren lanarekin, oholtzan geldi egotea suertatu zaio nagusiki, mugimendu fisikoak baino garrantzi handiagoa dutelako pertsonaien arteko solasaldiek. Baina solasaldi horien intentsitateak eragindakoa da entsegu osteetako neke hori.

      “Lehertuta bukatzen dut”, esan du. “Azken eszenetako batean, bikotekide izandako enpresaburuak hain txiki sentiarazten du nire pertsonaia, non hustuta bezala gelditzen naizen. Eta, hori gutxi balitz, gero beste eszena bat dut Jessekin. Maite du, maite dute elkar, baina justu orduan ohartzen da erorialdi bat izan duela, eta hustuta gelditzen naiz. Erabat. Emozionalki sekulakoa da”.