Antzoki bat liburu-dendan
Mikel Ayllon
El Correo, 2022-05-08

      Antzerkia literatur-genero bat den argi ez dagoen arren, gero eta antzezlan gehiagok egiten dute libururako jauzia.

      Hogeita bost urte bete berri dira Bilboko Gilkitxaro antzerki taldeak lehen lana taularatu zuenetik. Hogeita bost urteotan, hamaika antzezlan prestatu eta eskaini dituzte publikoaren aurrean, memoriarik handienak ere gorde ezin dituen ehunka saiotan. Batez ere areto ertain eta txikietako eszenatokiak zapaldu dituzte, kultur etxeetakoak, gaztetxeetakoak, tabernetakoak… Ezin konta ahala bizipen, orain antzerkiari eskainitako liburu batean bilduta aurkituko ditugunak.

      “25 gau eta bat gehiago” izenburua jarri diote Gilkitxaroko Ane Zabalak eta Galder Perezek idatzi eta EHAZEk, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak, argitara eman duen liburuari. Bi zatitan banatuta dago. Lehenengoan, antzerki-taldearen historiaren birpasa egin dute, hamabi pasarte historikoren bidez; bigarrenean, berriz, hiru antzezlanen gidoiak aurkituko ditugu: “Honolulu leku bat” (2007), “Zortzi begi” (2009) eta “Adarretatik zintzilik” (2015). Zabalaren arabera, taula gainean antzeztutako azken bertsioa da liburuan jaso dutena, “hasierako gidoia idatzi ondoren, entseguetan asko moldatzen dugulako testua eta amaierako bertsioa oso desberdina izaten delako”.

      Galdera ia automatikoki dator irakurlearen burura: ba al du zentzurik taula gainean emateko sortu den testua liburu batean irakurtzeak? “Ondare oso garrantzitsu bat galtzen ari zela ohartu ginen, eta pena ematen zigun makina bat lan herriaren memoriatik besterik gabe desagertzea”. Oier Guillan antzerkigile eta EHAZEko kideak argi dauka kultur transmisiorako ezinbestekoa dela behin aktoreen ahoetatik entzun genituen hitzak paperean jasotzea, besteak beste, behin eta berriro harri beraren inguruan bueltaka ez ibiltzeko. Perezek hondorago begiratu du: “Gu antzerki-zirkuitu txiki eta alternatiboetan ibili gara beti, eta sentipena dut pixkanaka desagertzen ari direla zirkuitu horiek, eta haiekin batera, noski, antzerkia ulertzeko eta egiteko modu bat”.

 

      Irakurlea, zuzendari

      Guillanena da EHAZEren bilduman iazko abenduan argitaratu zen beste liburua: “Miss Karaoke”. Kasu horretan ere, obraren gidoiaz gain, prozesu dramaturgiko osoaren gaineko hainbat hausnarketa eta pasarte aurkituko ditu irakurleak liburuan, irakurketa aberastu eta obra bera hobeto ulertzeko lagungarri izango zaizkionak.

      Ipuin edo nobela bat irakurtzen dugunean, irakurlearen plazer handienetako bat idazleak idatzitako istorioari buru barruan irudiak eranstea izaten da. Moby Dicken itsasoaren usaina, Obabako zuhaitz-adaxken artetik haizeak egiten duen soinua, Cergyko supermerkatuko argien kolorea, Meursault jaunaren aurpegiera. Idazleak eman ez dituen datuak asmatzea edo eman dituen horiek moldatzea. Azken batean, istorioaren zuzendari-lanak egitea. Bada, antzezlan idatzietan, zuzendari, eszenografo, argiztatzaile eta teatroko beste lan guztiak egiteko gonbit zuzena jasoko du irakurleak.

      Horrez gain, Guillanek gogorarazi digu antzezlan argitaratuek ere badutela beste eginkizun prosaikoago bat: “Antzerki-eskoletan ere beharrezkoak dira antzezlanen testuak, aktore berrien prestaketan laguntzeko”.

 

      Uzta oparoa

      1980ko eta 1990eko hamarkadetan, Susa argitaletxeak antzerkiari eskainitako euskarazko liburuen lehen bilduma jarri zuen martxan. Hari esker, euskaraz irakurri ahal izan genituen Steinbeck, Sastre edo Benedettiren zenbait antzezlan, eta gaurdaino heldu zaizkigu, halaber, Xabier Mendigurenek edo Guillaume Irigoienek euskaraz idatzitakoak.

      Ordutik, antzezlan argitaratuen hariak ez du jarraipen egonkorrik izan, baina euskal argitaletxeek, tartean behin, antzezlanak ere kaleratu dituzte, dela euskaraz sortuak dela euskarara ekarriak. Nabarmentzekoak dira, esate baterako, arte eszenikoei emana bizi den Artezblai Bilboko argitaletxeak urte luzez euskaraz argitaratu dituen antzerki-liburuak. Argitaletxe horren liburuei esker, gure eszenatokietan entzun genituen hitzak ez dira betiko ahanzturan galdu. Nahi dugunean entzun ahal ditugu berriro, geure buru barruan, Patxo Telleria edo Aizpea Goenaga dramaturgoek edo Antzerkiola Imaginarioa talde mitikoak utzi zizkiguten esaldi miragarriak.

      Duela hiru urte, baina, Susak 1991n etendako bideari berrekin zion. EHAZEren laguntzarekin, Ganbila bilduma jarri du martxan, antzerki-liburuak argitaratzeko helburuz. 2019tik hamabost liburuk ikusi dute argia bildumaren abaroan, eta pixka bat ase da horrela antzerkizaleen egarria. Taula gainean arrakasta lortu zuten antzezlan askok egin dute orriotara jauzia, hala nola Kepa Errastiren “Mami Lebrun” edo hainbat esku eta gorputzen artean idatzitako “Francoren bilobari gutuna”.

      Bilduma horretan, gainera, harribitxi bat ekarri digute Ingalaterratik, Sarah Kane dramaturgo ahaztezinaren bi lan euskaraz: “Zartatua” eta “4.48 Psikosia”. Euskal antzerkiari egindako ekarpen ezin baliotsuagoa da beste hizkuntzetan idatzitako antzezlanak geurera ekartzea, dramaturgia eta antzerki-bide berriak ezagutu ahal izateko.

 

      Antzerkia literatura da?

      Aspaldiko eztabaidak ez dauka oraindik erantzun argirik. Antzerki postdramatikoaren etorrerak zalantzan jarri zuen antzerkia literatura hutsa zenik. Iragan mendetik, gidoi literarioek pisua galdu dute antzezlanetan. Garai batean, obraren pieza nagusia gidoia zen, testua, drama. Baina bestelako lengoaiek indarra irabazi dute haren aldean: gorputz-adierazpenak, soinuek, argiek… Horregatik berpiztu egin da eztabaida: antzerkia literatur genero bat baino ez da?

      Argi geratu da, literatura bezala, liburuetan ere eman daitekeela antzerkia, eta, gainera, Perezek gogorarazi digun moduan, “literatura unibertsaleko obra nagusiei begiratzen badiegu, ohartuko gara asko eta asko antzezlanak direla: Shakespeare, Txekhov…”.

      Hala ere, ezin ukatu daitezke antzerki-lanen berezitasunak. Guillanen aburuz, beste genero batzuek baino gehiago eskatzen dio teatroak irakurleari, “gehiago jarri behar duzu zure partetik eszenak sortzeko, baina, trukean, gehiago emango dizu, eta beste generoek eramaten ez zaituzten moduan eramango zaitu istorioan barrena”.