Arnasa hartzea al da bizirik egotea?
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2003-03-30

      “Evohe, bakarrik utzi nauzu saguzarrekin. Mugaz bestalde ere maiteko ninduzula esan zenidan, larrua joko genuela... eta bakarrik utzi nauzu”. Yuri Sam 2000. urteko neguan hil zen bihotz haustura eta zorotasuna diagnostikatuta. Bizidunon pribilegioak galdu zituen orduan. Hala ere, bere izpiritu shamanikoak kosmosetik bidaiatzeko aukera ematen dio, eta bidenabar, mugaz bestalde gauden gizakiak bisitatzeko ere bai. Yuri Samek bere munduan barrena gidatuko gaitu, errito-buru gisa. Baina heriotza ez da ederra, eta ez da sekula izango. Bizitzaren meandro bitxiak goza ditzagun eskatzen digu Yuri Samek, izaki izateko, bekatari izateko. Eta aspaldi fedea galdu bazuen ere, otoi egiten du.

      1998an sortu zenetik jorratutako bideari eutsi dio Antzerkiola Imaginarioak lan berri honetan, jatorrizko obrak sortuz eta antzezpen bide berriak ikertuz, alegia. Ander Lipusek zuzendu du antzezlana eta baita protagonista gorpuztu ere. Alboan ditu Miren Gaztañaga eta Veronica Fernandez aktoreak, ilargi eta eguzkiaren izpirituei forma ematen.

      Jon Gerediaga taldekideak Txiletik bidali zien antzezlanerako testua, Maputxeen inguruan antropologia tesia ari baita osatzen bertan. Testu ederra da, poetikoa batzuetan, garratza bestetan. Hainbat esaldi errepikatu egiten dira behin eta berriz, Lipusen hitzetan antzezpenari letania kutsua emate aldera: “Erritoaren eta antzerkiaren ezaugarri komunetako bat horixe da: errepikapena”. Euskaraz gain, mapudungu eta maputxe hizkuntzak ere erabiltzen dituzte pertsonaiek.

      Hasieran testua bakarrizketa gisa idatzita bazegoen ere, taula gainera beste bi pertsonaia eramatea erabaki zuen taldeak. Ilargiaren eta eguzkiaren izpirituak, Kurma eta Kumalen. Yuri Samen bidelagun dira biak, otoitzak iraun bitarte aurpegia estalirik duten pertsonaia misteriotsuak. “Aurpegia estalita dugunez, energiak eta mugimenduak ondo kodifikatu behar izan ditugu”, dio Miren Gaztañaga aktoreak.

      Antzezlan honetan ez dago pertsonaien arteko konfliktorik, horixe ekiditen saiatzen baita Ander Lipus bere muntaietan. Pertsonaiek, euren izatearekin dituzte gatazkak: “Obra bat publikoa aretora sartzen denean hasten da, eta irtetean, berriz, amaitu. Pertsonaiak horren kontra errebelatzen dira, existitzen jarraitu nahi baitute”. Baina Yuri Samek badu beste barne min bat, Argiaren printze den Evohek eta berak heriotza ezberdinak hautatu dituztelako. “Horrek tentsio dramatiko bat ematen dio antzezlanari” zuzendariaren iritziz.

 

      Arrazionaltasunetik ihesi

      Zoriontasuna bera ekuazio baten bidez neur daitekeela uste dugun garai honetan, Antzerkiola Imaginarioak irrazionaltasunaren trena hartzeko proposamena egiten digu. Yuri Sam pertsonaia bitxia da, kaotikoa, kontraesanez betetakoa, eta zer? “Pertsonaia hau arrazionalki identifikatu nahi izatea guztiz absurdoa da”, gaineratzen du Lipusek. “Jendea zergatien bila etortzen da teatrora, eta ez badizkiozu ematen arraroa zarela esaten dute. Obrak ekialdeko kutsua duela diote batzuek, espirituala dela... bada Euskal Herrian betidanik izan dugu guk halakorik. Gauza da yankiak etorri zirela eta mundu arrazionalista bat ezarri digutela: ez bada X + A = F, ez da existitzen”.

      Miren Lore Garmendiak eta Azegiñe Urigoitik sortutako jantziek, Beatriz Lopezen makillajeak, Jose Pablo Arriagaren egurrezko eszenografiak, Karmele Lizundiak eginiko bordatuek eta Oier Bengoetxeak diseinatutako argiek Yuri Samen errealitatera gerturatzen dute ikuslea. Kolaborazio berezi bat ere izan dute, Mikel Laboarena. Haren ahotsean entzuten dugu antzezlanari hasiera ematen dion poema.

      Aitor Agiriano, Paola Ruizen biolinaren laguntzaz, unibertsalak diren doinuak sortzen saiatu da, erreferente kultural asko uztartuz: “Antzezlanean erabilitako musikak maputxeak, euskaldunak, zeltak, indioak...izan daitezke. Horiek guztiek oinarrian duten musika hori aurkitzea izan da zailena”, dio Agirianok. Izan ere, mundu guztiko kulturatan aurki daitezkeen elementu komunak biltzen ahalegindu dira lan honekin. Horretarako energiak lanabes bilakatu dituzte. Indiako Khatakali antzerki-dantzak aukera asko ematen ditu arlo honetan. “Nik energia kodifikatu batzuk sartzen ditut obran”, azaltzen du Lipusek, “batzuk Khatakaliaren bidez ikasitakoak, baina Arratiako jotan edo Baliko dantzetan erabiltzen diren energiak ere baliatzen ditut. Azken batean, muina berbera da, formak dira aldatzen direnak. Tira, lan egiteko metodoa bat da, batzuk galaiarenak egiteko Humphrey Bogarten fijatzen dira, ni, aldiz, dantzetan”.

 

      Oinarriak ez ahazteko

      “Munduko indigenak gara eta ez gaituzte akabatuko!” oihu egiten du Yuri Samek. Txileko erreserbetan bizi diren maputxeekin bezala gertatzen da gurean ere: gizarte matematiko honetan parte hartu nahi ez dutenak zokoratu egiten dira. Edo erotzat jo. Ander Lipusen ustez, aktoreak egoera honen aurrean badu zeresanik: “Aktorearen lanbidea shamanetan ere badago, sorreratik existitu da. Nik aktore konprometituan sinesten dut. Aktoreak eszenan lan egiten du eta energia batzuk transmititzen ditu, fisikoki. Horixe da gure funtzioa eta lantzen saiatzen garena”.

      Maiatzean gaztelerazko bertsioa estreinatzeko asmoa du taldeak. Gainera, antzezlanaren izaera dela-eta, Hego Ameriketara eraman ahal izatea gustatuko litzaieke: “Nahiz eta antzinako hizkuntza izan, maputxeek erabiltzen ditugun hitzak ulertuko lituzketela esan zigun antropologo batek. Gainera badaude kointzidentzia kuriosoak ere. Mari hitzak, adibidez, ongi etorria esan nahi du maputxez, eta guretzako ere esanahi handia du. Halako gauza asko daude”.

      Estreinaldiaren ostean, Euskal Herrian emanaldi ugari egingo ditu Antzerkiola Imaginarioa taldeak euskaraz. Martxoaren 28an eta 30ean Durangoko eta Bilboko Kafe Antzokietan eskainiko dituzte emanaldiak, hurrenez hurren

 

      Lapikoa borborka

      Antzerkiola Imaginarioa etengabeko sormen prozesuan dabilen taldea da. “Yuri Sam” estreinatu berri dutela, jada badituzte beste bi egitasmo mahai gainean. “Arrevoire triunfadoreak” izeneko muntaia ari dira prestatzen dagoeneko. Gabriel Ocinak zuzenduko duen komedia surrealista zubi batera beren buruaz beste egitera joandako lau pertsonaia absurdo izango ditu protagonista. Eugene Ionesco eta Samuel Beckett antzerkigileek jorratutako Absurduaren Antzerkia landuko dute honetan.

      Bestalde, aspalditik buruan bueltaka dabilkion muntaia gauzatu nahi du Ander Lipusek: “Makari, azkeneko ama” izeneko antzezlana. “Jada nahiko egituratuta dago. Indiako nire guruak pertsonaia bat gorpuztuko du, eta bera da koreografiaz arduratuko dena. Ekoizpen aldetik esfortzu handiko egitasmoa da”, dio.