Sormenarentzako gunea
Katixa Garate
Argia, 2004-03-07

      “Agertoki bat nahi genuelako sortu dugu Asvinenea, arrazoi sinple horrexegatik”, erantzun digu Adunan zabaldu duten arte eszenikoen sustapenerako laborategiko kide eta sortzaileetako Carlos Lópezek, halako proiektu bat abiatzeko arrazoiez galdetuta. Lópezekin batera, Asvinenean harrera egin diguten Leti Aristik, Idoia Sánchezek eta Anjel Andoñok orain artean arte eszenikoetan jarduteko izan dituzten arazoak aipatu dizkigute: kultur etxeetan entseatzeko aretoren bat lortu izan dute, baina Asvineneako kide gehienek beste lan batzuetatik ateratzen dutenez bizimodua, arratsaldeko zazpietatik aurrera biltzeko aukera zuten soilik eta kultur etxeak ez dira berandu arte zabalik egoten; ikuskizunak agertoki bat zapaldu gabe prestatu behar izan dituzte askotan; kultur entseguetarako aretoak itxita izaten dira asteburuetan... Horiek horrela, Donostia eta Tolosa inguruko hainbat antzezle, clown, musikari, ipuin kontalari eta titiritero soluziobide baten bila hasi ziren, baita aurkitu ere.

      Hamazazpi pertsonen lan, esfortzu, diru eta ilusioak batuta, arte eszenikoak landu, ikertu eta zabaltzeko elkarte pribatua osatu dute eta euren ametsetako jokalekua ere paratu dute, Adunako Zubitxiki industrialdean. Iazko martxotik abendura bitartean sagardotegi behar zuen pabiloia atontzen aritu dira. Haiek egokitu dituzte lurra, sabaia, eszenatokia, txotxongiloak egiteko tailerra, ikus-entzunezkoentzako txokoa... Eta abendutik hona eurek sortutako lanak jendaurrean erakusten ari dira. Hilean hiruzpalau emanaldi egiten dituzte; haurrei zuzenduak batzuk, helduentzakoak beste batzuk eta arte eszenikoetan dabiltzanentzat bestetzuk.

      Denetarik izaten da ikuskizun horietan: argi beltzarekin egindako piezak, ipuin kontalariak, antzerki monologoak, clown saioak, musika zuzenean... Orain arte egindako lana jendaurrean probatzen ari dira eta zerbait sendoa lortzen dutenean Asvineneatik kanpo zabaltzeko asmoa dute.

 

      Magia eta ilusioa

      Asvineneara sartutakoan, eraikinak bisitaria liluratzen du. Txotxongiloak daude nonahi, sabaitik zintzilik nahiz euren fabrikatxoan “txotxongilo tailerrean” pilatuta. Mural ederrek ipuin baten jokaleku bihurtu dute espazioa. Agertokiaz eta arrain-ontzi itxurako ikus-entzunezkoen eremuaz gain, hitz-aspertuan aritzeko txokoa dago, besaulkiz hornitua; goiko solairuan bulegoak daude. Hara ailegatutakoan bada arreta ematen duen beste zerbait: Asvineneako kideek duten ilusioa. Ilusioa arnasten da bertan. Lana egiteko gogo biziz daude eta beste pertsonekin elkartrukeak egin nahi dituzte, euren lana zein besteena aberasteko. Kideen arteko harreman berezia izan du hizpide Anjel Andoñok: “Halako lotura bat sortzen ez bada, gauzak ez dira aurrera ateratzen. Harreman horrek asebete nau gehien”.

      Carlos Lópezek elkarte gastronomikoen bidea hartzen du eredu: “Euskal Herrian ezer garatu bada elkarteak dira. Elkarte gastronomiko pila dago eta munduko sukaldaritzarik onenetakoa dugu. Jendeak sukaldatu egiten du eta horrek badu zerikusia. Elkartzeko joera hori baliatuta, arte eszenikoen elkarteak, poetenak, pinturakoak… sor daitezke. Eta horrekin egiten diren gauzen maila eta kalitatea handia izatea probokatzen duzu”.

 

      Bileretatik emanaldietara

      Bakoitzak duen aisialdiaren arabera, modu batera edo bestera hartzen du parte Asvinenean. Batzuek ia egun osoa ematen dute eraikinean eta beste batzuk astean bizpahirutan biltzen dira entseguak nahiz bilerak egiteko.

      Aurrera begira proiektu ugari dute: hainbat ikastaro jarriko dituzte martxan (gorputz adierazpena, txotxongiloak nola maneiatu, clown...); film labur bat egiten ari dira animazioa txotxongiloekin uztartuta; eskoletan eskaintzeko haur ikuskizun bat ari dira prestatzen; haurrentzako txotxongilo tailerrak egin nahi dituzte pabiloian...

 

      Sustapen plataforma

      Asvineneak jorratu nahi duen beste alor bat promozioarena da. Elkarteko kide sortzaileen nahiz bestelakoen lanak sustatu nahi dituzte, bai bakarkakoak bai taldekoak. Honako baldintza betetzen badute, jakina: eszenako lana izatea. Besteak beste, web orri bat prestatzen ari dira horretarako.

      Momentuz ez dute diru-laguntzarik jasotzen, laguntza bat eskuratzeko elkarte gisa urtebete egon behar baita izena emanda eta haiek abenduan egin zituzten paperak. “Berez proiektua martxan jartzeko batez ere hasieran behar duzu laguntza, baina hala dago arautua”, esan digu Lópezek.

      Idoia Sánchezen hitzetan, orain arte jendearen harrera oso ona izan da, jendea txundituta geratzen da lekua ikustean: “Ez du halako leku bat espero. Haurrak txintxo-txintxo egoten dira bi orduz eta hori harritzekoa da”. “Merienda ematen diegu eta horrek ere laguntzen du!”, dio irribarretsu Leti Aristik.

      Asvinenea izeneko ametsa abiatu da. Orain betetzea besterik ez da falta: “Eraikina badugu, asmoa orain ahal den ordu guztietan okupatzea da”, dio Lópezek. Horretan lagundu nahi badituzue hona hurrengo emanaldiak: martxoaren 6an haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute, 12an helduentzako saioa eta 26an talde gonbidatuen txanda izango da.

 

Asvinetik dator

      K. a. IV. mendeko Mahabharata poema hinduan du jatorria Asvin pertsonaiak eta bikiek osatzen dute: Nakulak “edertasun fisikoa irudikatzen du” eta Shadevak “edertasun intelektuala”. Carlos López Asvineneako kidearen alabak ere hala du izena eta hortik dator Asvinenea.