Espaloietako komedianteak
Ainara Gurrutxaga
Argia, 2004-08-01

      Larunbat arratsalde lasai bat. Jendea kale bazter batean pilatzen hasi da roulotte zahar baten inguruan. Zer egiten du kalearen erdian? Bi gizon irten dira bertatik etxeko bata jantzita. Bizileku berriaren maizterrarengandik ihesi, gurpildun etxea mugitzeko laguntza eskatzen diote jendeari. Trapu Zaharra konpainiakoak dira, El pisito lan berrian.

      Beste herri batean, kolorez betetako triziklo erraldoi bat jarri da martxan, inguruan bederatzi bufoi bihurri dituela. Zuzenean jotako musika erritmoak berehala sortzen du festa giroa. Jendeak aho zabalik begiratzen die karriketako farola, eskultura eta kotxeetan saltoka dabiltzan pertsonaiei. Hortzmuga konpainia bizkaitarreko kideak dira euren 12K lan berrian.

      Beltzez jantzitako hamar pertsonaia misteriotsu dira, beste leku batean, plazan dagoen jendearen harridura piztuko dutenak. Onddo-kapelua buruan jantzita eta maleta eskuan dutela, denak galtzada elkarrekin gurutzatzen dute, edo elkarrekin eseri, denek batera agurtu. Inori zuzenduta ez dauden testuak jaurtitzen dituzte noizbehinka. Gaitzerdiren Urbe da, Leioako Umore Azokan euskal ikuskizun onenaren saria jaso berri duen antzezlana.

      Euskal konpainiek plazaratu dituzten lanetako batzuk dira hauek, baina badira, uda honetan kaleetan ikusi ahal izango ditugun beste hainbat ikuskizun ere: TEN-Pinpilinpauxa nafarren Zakarrontzietako abentura, Markeliñeren DSO, Adosen Antzar zopa, Kalez kaleren Zanga, Pikor arabarren Al fondo a la derecha, LaRessistens kolektibo sortu berriaren Bräkala, Deabru Beltzak taldeak munduan zehar aurkeztu duen Les Tambours de feu edo Gorringok haurrentzako atondutako Munduko arrautzik handiena, besteen artean. Hainbat proposamen dakarte guztiek, istant batez antzoki bilakatutako plaza, karrika, espaloi edo parkeetara.

 

      Kalea, azken lur askea

      Kaleak ez du ia mugarik. Bertan edozein adierazpide artistikok bere txokoa izan dezake: malabarrak, musikak, zirkoak, margoak, dantzak, pirotekniak... Guztietatik edaten dute kalean gauzatzen diren arte eszenikoek. Horregatik, adituek, nahiago dute kale antzerki deitu beharrean, kaleko arteak deitzea, adierazpiderik ez baztertzeko.

      Dudarik gabe, sortzeko ematen duen askatasuna dela medio, euskal konpainientzat kaleak gero eta erakarpen handiagoa du. Santi Ugalderen hitzetan “Trapu Zaharra beteranoaren zuzendaria” kaleak xarma ukaezina du: “Kalean bizitza asko dago. Gelditzen den espazio libre bakarrenetarikoa izateaz gain, gauza berriak esperimentatzeko tartea ematen du oraindik. Aretoko antzerkia zurbilagoa da, batez ere gaur egungo egoerari begiratzen badiogu”.

      Azken urteetan, kale antzerkia soilik lantzen duten taldeez gain, normalean aretoetan aritzen diren talde askok ere, uda parterako kale ikuskizunak prestatzen hasi dira. Era berean, ugaldu egin dira kale antzerki ikuskizunak programatzen dituzten jaialdiak. Ibilbide sendoa duten Lekeitioko, Bilboko edo Zarauzko jaialdiez gain, areto-ikuskizunetako zenbait jaialdik kaleko ikuskizunak eskaintzeari ekin dio. Ezin ahaztu herrietako festek ere kale antzerkiarentzat duten garrantzia. Beraz esan daiteke, konpainiek gero eta aukera zabalagoa dutela euren lanak erakusteko.

      Baina zer da kalea? Kalea ez da espazio fisiko soila. Kalea mikro-gizarte baten isla ere bada, oso heterogeneoa den gizartearen isla. Kalean gauzatzen diren adierazpen artistikoek, hortaz, gizarte txiki horretan txertatu beharra izaten dute. Horixe defendatzen du, bederen, Michel Crespinek Instantáneas de lo efímero liburuan: “Kaleko artistak hautatzen duen jokalekua, espazio fisiko berri bat izateaz gain, espazio sozial bat ere bada. Belaunaldi asko biltzeaz gain, sozialki eta kulturalki zeharo anitza den espazio kolektiboa da, herriaren gune publikoa. Artistikoki bertan murgildu nahi izateak, eremu hori konpartitzea esan nahi du”. Kaleko arteek, honenbestez, herrietan murgildu eta euren proposamenak luzatzen dituzte, bertako biztanleen erritmoa eta izaera errespetatuz. Horixe da, Trapu Zaharrak lanean daramatzan hogei urteetan egin duen hautua: “Jende artean nahastea da kontua, ezer aldatu edo hautsi nahi izan gabe. Niretzat oso garrantzitsua da kalearen erritmoa ez haustea, horregatik gure lanak ibiltariak izaten dira, ez dugu espaziorik markatzen, ez diogu ikusleari non jarri behar duen esaten”, dio konpainiako zuzendariak.

 

      Kalitatea hobetuz

      Azken hamarkadan Euskal Herrian kale antzerkiak pauso garrantzitsuak eman ditu, hein handi batean, parte hartzaileen formazio maila ere aldatu delako: “Kale antzerkia beti izan da oso formazio gutxikoa. Azken urteetan, ordea, lanketa handiagoa egin da aktoreen lana hobetzeko, kontakizunen egituretan... badago efektismoan babesten denik, baina oro har maila asko igo da”, baieztatzen du Kepa Ibarrak. Iritzi berekoa da TEN-Pinpilinpauxa taldeko zuzendari Anjel Sagües. Honen aburuz, esperientzia da kalitatearen giltzarria: “Lehen urteetan itsu-itsuan aritzen ginen. Orain ordea, 25 urteko esperientziarekin, ofizioa egin dugu. Honenbestez, planteatzen ditugun lanek kalitate handiagoa dute, istorioak zehatzagoak dira eta hizkuntza garbiagoa. Uste dut, hala ere, oraindik ofizio asko falta dela hemen”.

      Gaur egun, kalean aritzen diren antzerkilari gehienak autodidaktak dira, gainontzekoek atzerrian egin behar izan dituzte ikasketak. Egoerak halaxe jarraituko du gainera, gurean formazio aukerarik ez dagoen bitartean.

      Bestalde, kontuan hartu behar da kale antzerkiak bizirik irauteko, eta emankorra izaten jarraitzeko, konpainien esfortzuaz gain, erakunde publikoen babesa ezinbestekoa duela. Gaur egun, gainera, kale gehienen giltza politikarien esku dago, kalean aritzeko baimenak direla medio. Antzerkigile eta politikarien arteko harremana, ez da beti erraza izaten: “Askotan erabili egiten gaituzte”, onartzen du Ugaldek, “Turistentzat erakargarriak bagara lasai uzten gaituzte edo jaialdi bateko telonero izatera gonbidatzen. Traba pixka bat egiten badiegu, ordea, segituan eskatzen dizkigute paperak, eta kontraturik ez baduzu ospa egin behar. Alde horretatik, garai gogorragoak ezagutu izan ditugu baina baita gaur egun baino askeagoak ere”.

      Kaleak basamortu bilakatzen ari zaizkigun garai hauetan, kale antzerkiak eremu publikoak berreskuratzearen aldeko apustua egiten du. Trapu Zaharrako zuzendariak genero honen aldeko aldarri garbia egiten du: “Kalea errebindikatzen jarraitu behar dugu, ez gaitzaten zentro komertzial handi horietan ukuiluratu. Ez dezagun euren gaztelu komertzialen aurrean jardun. Kaleak libre izaten jarraitu behar du”.

 

      Kaleko arteen aro garaikidea

      Kaleko arteen aro garaikidea 60ko hamarkadako astindu sozialaren ostean heldu zen. Hala baieztatzen du, bederen, Michel Crespin Frantziako Centre National de Création des Arts de la Rueren sortzaileak. Hauxe dio Artezblaik argitaratu berri duen Instantánea de lo efímero liburuan: “Gaur egungo kaleko arteek 60an AEBetan sortutako happenings eta performances horietan dute iturburua. Fenomenoa mendebaldeko gizarteetan hedatu zen eta 70eko hamarkadan zehar kalean gauzatu zen, ohiko espazio itxietatik at. 80ko hamarkadatik aurrera, ordea, Europan genero hau lekuan-lekuan oso modu ezberdinean garatu zen, herrialde bakoitzaren egoera ekonomiko-politikoak baldintzatuta. Herrialde gehienetan marjinatuta gelditu ziren. Frantzia salbuespen bat izan zen”. Euskal Herrian ere korronte horietatik edan du kale antzerki berriak, Kepa Ibarrak azaltzen duen moduan: “AEBetatik heldutako korronte horri gerrilla antzerkia deitzen zitzaion, zeharo politikoa zen-eta. Hemengo konpainia guztiek jaso genuen mugimendu haren eragina”. Ordutik gauzak nabarmen aldatu dira Ibarraren ustez: “Globalizazioa bazter guztietara heldu da eta egia esan, konpainia askok helburu komertzialekin sortzen dituzte ikuskizunak. Dena den, oraindik gelditzen da militantziaz lanean jarraitzen duen jendea”.