Azkenaldian Joseba Sarrionandiaren testuek hainbat proiekturen eskutik ezagutu dute oholtza eta herriz herriko publikoa. Poesia taularatu da batik bat, baina baita narraziogintzako testuak ere. Zer dute Joseba Sarrionandiaren lanek antzerkirako baliagarriak izateko?
Ez litzateke urrunera jo behar erantzuna topatzeko: hasteko eta behin kalitate literarioa, eta harekin batera belaunaldiz belaunaldi irakurria izatera eraman duen komunikatzeko gaitasuna. Zerrenda luzea osatu behar genuke Sarrionandiaren poemak musikatu dituzten bakarlari eta taldeak zenbatzeko, eta azkenaldian antzokietako ikuslegoa ere liluratu dute haren berbek.
Zabaldu berri dugun urte honetan beteko dira hogeita bost Joseba Sarrionandiak ihes egin zuenetik. Memoria kolektiboan iltzaturik gelditu den gertaerak luzez elikatu du haren izenaren itzala. Sarrionandia bere bide propioa aukeratuta bilakatu da irakurleon memoriaren maparen parte, horregatik itzultzen gara irakurleok, entzuleok, ikusleok behin eta berriz haren testuetara, guk ere nolabaiteko aukera eginez, gurea izan daitekeen haren bidean.
Bestetik, Joseba Sarrionandia ote da egungo euskal egilerik taularatuena? Arte eszenikoen munduan ez da beti erraza izaten egon badauden testuen berri izatea, eta teatro idazleak gutxitan izaten dira talde bateko kide. Egun idazten diren antzerkiak bat egiten dute teatrogileen kezkekin? Eta publikoarenekin? Poesiak testu gisa izan dezakeen irudien jarioak eta malgutasun estetikoak zerikusia izan dezakete agian ikuskizunen gidoiak poemekin osatzeko aukerarekin.
Laborategiko esperientzia
Gaitzerdi taldeko Borja Ruizek hainbat esperientzia izan ditu berriki Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarrituta. Batetik Han izanik hona naiz izeneko antzezlana landu du Apurka taldearekin, eta bestetik Euria esan eta euria erortzea izenekoa Kabia laborategiarekin. Orain bi urte eta erdi sortu zenetik lanerako ildo ugari azaleratu dira Kabian: ahots-kantua, teatro-testua, clowna… horiez gain irudi poetikoari garrantzi handia eman diote beti. Taldekideen joera estetikoak arakatuz topatu zuten kontatu nahi zuten istorioa: patio bat izango zen espazio dramatikoa. Ruizek oroitzen duenez galdera bat planteatu zuten: “‘Patio arrunt batetik egunero pasatzen diren pertsonaia grisei haurtzaroko begiak janzten badizkiegu, nola begiratuko diote bizitzari?’. Momentu horretan Sarrionandiaren imaginarioa agertu zitzaigun. Sarriren obra osoa irakurri eta bere hainbat testu kontatu nahi genuen; istoriora oso ondo egokitzen zirela konturatu ginen”. Ruizen esanetan jasotako irudietatik eraiki zituzten proposamen estetikoak. “Adibidez Hil egin da organista poematik leihoak pertsonaia bihurtzeko ideia atera genuen”. Itzalarekin solasean eta Bere itzalaren kidea testuetatik bi pertsonaia sortu zituzten. “Alde batetik, ikuskizunaren ildoa eramango zuena, Sar izenekoa, Sarriren nolabaiteko alter ego eszenikoa. Bestetik, haren itzala, beltzez jantzitako pertsonaia”. Badaude beste testu batzuk, patioaren biztanleen bakardadea eta inkomunikazioa jorratzen dituztenak, Bakardadea ipuin laburra, Denboraren fabrikazioa testua edo Dena berdin poema adibidez.
Ikuskizunari titulua eman dion testua ere badago, hainbat pertsonaiak euren haurtzaroa gogoratzen duten unean. “Egoera horretan, batek galdetzen dio besteari ‘Zoriona, ba al dakizu zer den hori? Euria esan eta euria erortzea’. Patioko biztanleek euren haurtzaroa gogora ekartzen dutenean, orduan bakarrik dute komunikazio zuzena”. Zerrenda luzea da, Lagun izoztua liburutik, kasu, istorioa baino metafora hartu dute, eta Hitzen ondoeza liburutik Gosearen mendekua eta Zigarro kearen teoria. Ruizek argi du zein den Sarrionandiaren literaturak beren antzerkiari egin dion ekarpena: “Batetik, komunikazio sinplea eta zuzena, gogoeta sakonak gordetzen dituena; bestetik, absurdoaren eta surrealismoaren kutsu existentzialista, harrigarria eta batzuetan dibertigarria dena”. Ikuskizuna gaztelaniaz eta euskaraz estreinatzeko asmoa dute.
Sarri dantzatuz
Kukai taldeak, Tanttakarekin egin duen ibilbidean nolabaiteko heldutasuna suposatu duen formatu handiko hirugarren lana prestatzerakoan egin du topo Sarrionandiarekin. Hasieran hainbat egileren poesiarekin lan egiteko asmoa bazuten ere, Sarrionandiaren testuek hainbesteko pisua hartu zuten, arreta osoa eskaintzea erabaki zutela, ikuskizuna Hnuy illa nyha majah yahoo liburuaren lehenengo bi hitzekin izendatuz. 2009an saio ugari egin dute, eta Jon Maya Kukaiko dantzari eta koreografoak dioenez Sarriren poesiek badute publikoarekiko gertutasuna sortzeko ahalmena. “Aurtengo esperientzia eta gero esan dezakegu hori ematen dela bai Euskal Herrian, baita kanpoan ere. Hemen Sarri eta bere poesia oso ezagunak dira, eta erabiltzen dugun dantza estiloarekin lagunduta bat egiten du jendearekin. Hego Amerikan edo Espainian egon garen lekuetan ordea, ez da ezaguna, kasu askotan lehenengo erreferentzia jaso dute ikuskizuna edo esku programaren bidez, baina ikusten da poemak haiengana ere iristen direla”.
Emanaldi asko eskaini duen beste ikuskizuna da Le Petit Théâtre de Pain ekoiztutako Aulki hutsa, oraindik Ondarroako, Durangoko eta Aulestiko plazak ezagutzear dituen lana. Ander Lipusek zuzendurik, eta Manex Fuchs eta Battitt Elizalde jokoan direlarik, tankera guztietako espazioetan taularatzeko pentsatua da, izan gaztetxeak ala antzokiak, jendearekiko gertutasunari sekula uko egin gabe. Fuchsen pertsonaiaren bakarrizketan txertatu dituzte poemak, estetika propio baten barruan. “Sarrionandiaren hainbat liburutatik ebatsi eta torturatutako testuekin eginiko ekintza drama” da antzezlana, Fuchsen esanetan. “Lan bizia da, ez dugu sekulan bukatzen Aulki hutsaren sorkuntza. Aldi oro gauza txikiak mugitzen dira, poesia horrek hori permititzen baitu, askatasuna ematen baitu gaia edo materiala edo haragia beste manera batez erraiteko”. Pertsonaia nagusiak energia handiz bilduko ditu poemak bere jokoan, eta umorez zein amorruz emango ditu bere kezka politiko funtsezkoen islak. “Harrera izugarri beroa dugu beti, jendeak bai poetari bai poesia horri dion atxikimenduaren seinale. Bestalde guk eginiko dramaturgia horretan hemengo egoera aipatzen denez, publikoak bere baitan ikusi behar ditu berriz gauzak, bere lekutik, bere aulkitik”.
Ez dira zerrendako bakarrak. Berriki estreinatu du Le Théâtre du Versant konpainiak Diaspora bidaian, batez ere Bernardo Atxagaren Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian eta Sarrionandiaren Lagun izoztua liburuetan oinarrituta. Izan ziren gehiago lehen ere, eta agian izango dira berriak. Aurten leku askotan gogoratuko dute Sarrionandiak ihes egin zueneko eguna, haren literaturara behin eta berriz gerturatzeko aitzakia aparta. Literatura Eskolan ere Iñigo Aranbarriren eskutik Sarrionandiaren saiakera sakonki aztertu ostean haren narraziogintzari helduko diote martxoaren 27an Durangoko liburutegian Xabier Mendigurenen eskutik. Joseba Sarrionandiaren liburuek zabaldu duten komunikazioa paperezkoa den arren ez da paperera mugatzen.
Poetikaren dramaturgia
eta dramaturgiaren poetika
Teatroaren kontzepzioa XX. mendeko abangoardien haritik aldatzen hasi zelarik, poetika eta dramaturgia ezberdinen arteko harremanen loturak topa litezke han-hemenka. Antton Lukuk esan zuen behin gero eta urrunago ikusten duela bere burua teatro-testuaren kontzeptutik, eta gertuago jaso duela hitzarena baino poetikaren eragina, joko sinbolikoarena. Borja Ruizek ere ikusten du hor gogoeta-gaia: “Teatroaren lengoaia garaikideak badauka joera ildo narratiboak apurtzeko (hasiera, korapiloa eta bukaera estruktura apurtzeko) eta narrazioen mixturak jorratzeko, egoera baten ikuspuntu ezberdinak planteatzeko. Geure kasuan hola da: istorio narratibo bat baino, egoera poetiko bat (esanahi anitzak dituena) hartzen dugu eta berau, hitzaren bitartez, irudiaren bitartez eta soinuaren bitartez jorratzen dugu. Horrekin idazkera klasikoarekin konparatuta bestelako erritmoa sortzen da. Geure sorkuntzen erritmoak lotura handiagoa du poesiak daukan erritmoarekin antzerki obra edo eleberrienarekin baino”.
Dantzari dagokionez gorputza metaforak eta irudiak sortzeko askeagoa denez, poetikak izan lezake zer esanik. “Poesiak gauzak esan bai, baina nik uste dut askotan sujeritu egiten dituela, eta hori dantzara eramatea polita izateaz gain, agian bada bide bat ere”, Jon Mayaren esanetan. “Dantza nolako diziplina den kontuan hartuta, nik uste aukera ematen duela poesiaren irakurketa bat egiteko eta gauzak sujeritzeko eta sentiarazteko beste lengoaia baten bitartez”. Apika, ideia berrien gabeziatik letorkeen diziplinen arteko nahasketatik harago doan bidea izan liteke, garai berrietako oholtzek bilatzen duten lengoaia eta bide berrien adierazlea.