Urteak joan dira Gabriel Aresti euskal idazlea zendu zenetik, baina bizirik jarraitzen duela adierazi nahi du haren izena daraman kultur elkarteak, sentikari baten bitartez. Oier Guillan, Rafa Rueda, Alain Urrutia eta Andoni Egaña ditugu Arestiren bihotza oholtzara eramango duten lau sortzaileak.
Idazle bizkaitarra benetako mugarri historikotzat jotzen du Gabriel Aresti kultur elkarteko kide Xabier Monasteriok. Literatura aurrerakoia, Euskal Herria euskalduna eta justizia soziala defendatzen zituela gaineratu du, eta gaur bizirik balego, borrokan jarraituko lukeela. Literaturari eta jendarteari ekarri zion norabide aldaketa erakutsi nahi diote herriari; bere lanen zein pertsonaren ondarea. Horretarako sortu dute, hain zuzen, Gabrielen Lekua ikuskaria.
Arima idazleak berak jarri badio ere, antzerkiak, musikak, bertsoek eta ikus-entzunezkoek gorpuztu dute Gabrielen Lekua ikuskaria. Arlo horietan adituak diren Rafa Ruedak, Andoni Egañak, Oier Guillanek eta Alain Urrutiak ondu dute ikuskaria. “Bakoitzaren askatasunari uko egin gabe aritu dira elkarlanean, helburu bakarrarekin”, adierazi du Monasteriok. Interpretazio historiko hau protagonistak bakoitzari eragin dionetik abiatu dute. Begi guztien batura litzateke beraz.
Monasterioren ustez pluralean erantzun beharko litzateke Gabrielen lekua zein den galdetzen denean. Aurrez aipatutako esparruetan borrokan aritu baitzen bizitako 42 urteetan; literaturan, hizkuntzan eta justizian. Ahulenen alde egiteko grina eta indarra goraipatu du Monasteriok, “ideologiak ideologia baloreak erakutsi dizkigulako”. Egun, leku bat baino gehiago izango luke Arestik Euskal Herrian eta horiek guztiak agerrarazi dituzte ikuskarian: “Mendi gain batetik begira balego, Euskal Herri euskaldun eta justua bilatuko luke, gaur oraindik borrokan”.
Gabrielen lekuak ardatz, Euskal Herrian barrena aurkeztuko dute ikuskaria. Urrian 80 urte beteko lituzkeela kontuan izanik, oparia egingo diote laster hasiko dituzten ekitaldien bidez. Estreinaldia hilaren 29an izango da Bilboko Kafe Antzokian, “Gabrielen etxean”, omenaldi gisa. Euskal Herri osora iritsi nahi dutela adierazi dute, idazleak bezala denok “euskaldun unibertsalaren espiritua izateko”. Horrela bada, ezagutzen dutenek lana eta pertsona ekarriko dute gogora eta ezagutzen ez dutenek haren berri jakingo dute. Aurre-estreinaldia urriaren 12an egingo dute Donostian, Intxaurrondo Kultur Etxean.
Ikuskariaren tonua
Musika da istorioaren haria. Idazlearen olerki ezagunenek ematen diote esanahia kantuei, eta Rafa Ruedak sorturiko doinuek, sentimendua. Jendeak Arestirengandik izan dezakeen irudi “krudeletik” aldentzen saiatu da musikaria, olerkien alde samurrena ateratzen: “Malenkoniatik urrundu eta parametro horretatik samurtasunera begiratu dut, hori adierazi nahi izan dut musikaren bidez”.
Barrerik egiten ez zuen gizona litzateke jende askok Arestiri ipiniko liokeen definizioa, Ruedaren ustez. Baina familiak haren beste aurpegia erakutsi zionez geroztik, jendeak ikusten ez duena adierazi nahi izan du. Arestiren ideia harrizkoa zela sinetsita, “harriaren bihotzaren bila” abiatu direla esan du, musikak tonu hori emango diola argudiatuta.
Teklatuak, zenbait gitarrak, klarineteak, tronpetak, perkusioak eta ahotsak girotuko dute eszenatokia, tartean baita Andoni Egañaren bertso sortak ere. Instrumentu “moldagarriak eta goxoak” aukeratu ditu ekimenerako, aipatutako sentsazio hori azaleratzeko helburuz.
1975ean zendu zen Gabriel Aresti. Hura hil eta hiru urtera bere izena daraman euskaltegia sortu zuten. Gerora alaba irakasle egin zen eta emaztea ikasle, hori falta zen “zirkuitua ixteko”: aitaren izena, emaztea eta alaba. Bilbotarraren ondarea guztiz babestua ez zegoela konturatu ziren, eta “zor historikoa” zeukatela idazlearekiko. Hortaz, kultur elkartea sortzea otu zitzaien eta baita aipatutako ikuskaria ere.
Jakin-minagatik eta batez ere Gabriel Aresti ezagutzeagatik animatzen du jendea ikuskarira hurbiltzera Rafa Ruedak. Lau sortzaileek idazlea nola ikusten duten suma daitekeela dio, eta nork bere gogoeta egitera bultzatzen duela: “Buruan hain urrun baina, finean, egunerokoan dago”.
Xabier Monasteriok, ordea, historiak gaurko mundurako irakaspen handiak ematen dituela nabarmendu du eta aitzindariak ezagutu behar direla. Sentikariak, XX. eta XXI. mendea lotzen dituela gaineratu du. Arestiren beraren filosofia eman nahi du aditzera, “etorkizuna irakurtzen zuen horietakoa” baitzen.