Euskal antzerkizaleak zorioneko gaude: beste behin elkartu dira Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeak, Euskal Herri osoan barrena erakutsiko duten antzezlana sortzeko. Francoren garaitik gaur eguneraino iritsi zaizkigun zauri eta zamak eraman dituzte oholtzara, frankismoak izan ez zuen auzia auzi kolektibo bihurtu eta gaur egunera ekarriz. Francoren bilobari gutuna du izena, eta urriaren 31n estreinatuko dute.
“Franco ez zait batere interesatzen. Tipo horrek ez du antzezlanik merezi”. Hala dio Ximun Fuchs zuzendariak urriaren azken egunetan lehenengoz plazaratuko duten lanaz galdetuta. Zergatik orduan, Francoren bilobari gutuna?
Gunther Anders filosofo juduak eskutitz bat idatzi zion nazien sarraskiaren arduradun izateagatik heriotzara kondenatutako Adolf Eichmannen semeari, nazismoaren kontrako borrokara batzeko gonbita eginez. Fuchsek Alemaniako kontzentrazio esparruetan zein frankismoak ezarritakoetan izandako senideak ditu, eta ezinbestean jotzen du konparaketara: “Frankismoa aldiz, ez da sekula epaitu, ez da egin frankismoaren auzirik, eta beraz, ezin dugu gutun hori idatzi”.
Antzerkia ere izan daiteke auzi mota bat ordea: trauma eta arazoa plazaratzeko modu bat. Gaiari heltzeko baina, ez dute iraganean kokatutako antzezlana egin: “Gureari eta orainari begira jarri gara, senideengandik gureganatu dugun horri, iragana eta etorkizuna ere kontuan hartuz”. Frankismoak eta geroztik jazo den guztiak gure bizkarrean jarritako zamari hitzak eta aurpegiak jarri nahi izan dizkiote, gaur egungo ospitale bateko gorabeherak abiapuntu hartuta. “Ospitalea, gure herriaren metafora izan ahal da: bertan sortzen da, hiltzen da, maitatzen da, bizitzen da, lan egiten da, gaixotasun asko artatzen dira… Jendarteko esparru gehienetan ez gara belaunaldi guztietako pertsonak nahasten; ospitale batean bai”, dio zuzendariak.
Memoria bezain dinamikoa
Denera zazpi dira antzezlanean parte hartzen duten aktoreak: Pako Revueltas, Erika Olaizola, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko Redondo eta Ander Lipus. Haietako bakoitza pertsonaia bat baino gehiagoren azalean jartzen da ordea. Ospitaleko pisu batetik bestera, eszenario eta arropa aldaketa azkarrekin, antzezlan zinez dinamikoa da osatu dutena. Hala azaltzen du zuzendariak: “Antzerkian memoria oso presente dago, baina ez memoria historikoa, herrikoia baizik, etxeetan transmititzen dena. Kontraesanez eta nahastez josia dago memoria hori, anitza da, eta nire nahia izan da memoria dinamiko eta plastiko hori oholtzara eramatea antzezlan plastiko baten bidez”.
Bi urte dira Fuchsen lehen ideiak piztu zirela, eta ordutik orain arte egin duten ibilbidean aktoreek ere zeresan handia izan dute. Hori baimentzen duen lan-egiteko moduari esker izan da hala: egonaldiz egonaldi, inprobisazioari eta momentuko sentsazioei garrantzia emanez. Lehen aldiz ari da neurri eta molde honetako antzezlan batean Erika Olaizola aktore azpeitiarra, eta talde honen parte izatea oparia izan dela dio: “Niretzat berria da lan egiteko modu hau, baina oso atsegina ari da izaten. Pixkanaka eman diogu forma antzezlanari. Jende asko aritu gara bakoitza bere postutik lanean, eta ederra da gero dena elkartzean zentzua hartzen duela ikustea”.
Bizirik dagoen antzezlana
Aktoreak sortze prozesuaren parte aktibo izan badira, gauza bera esan daiteke testuaren ardura izan duten idazleen paperaz ere. Igor Elortza eta Unai Iturriagak idatzi zuten lehen abiapuntua, eta geroztik, hainbat entsegutan egon dira, aktoreekin eta zuzendariarekin hitz egin eta moldaketak egiteko. Batzuek eta besteek elkar elikatzen dute. Fuchsen hitzetan: “Antzerkia idatzi egiten da, baina ez dugu uste oholtzatik kanpo idatz daitekeenik. Hori tomateak lurretik kanpo egitea bezala litzake. Horregatik etortzen dira idazleak entseguetara, aldaketak proposatzen dituzte, berriro ekartzen dute proposamena, entseatzen dugu berriz…”.
Aldaketa gehiago egiteko tartea ere izango dute oraindik, publikoaren erreakzioen berri dutenean: “Publikoarekin hasten garen arte normalean ez dugu ulertzen zer den adierazten duguna. Hori ezin da jakin publikorik gabe. Horregatik mugimendu etengabean dago antzezlana, material bizia da”.
Indar metaketaren fruitua
Euskal antzerkizaleak gutxitan izaten du tamaina eta ibilbideko honetako antzezlan originalaz gozatzeko aukera. Hiru urtean behin elkartzen dira Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeak, eta hiruren arteko indar batuketa horrek baimentzen die hala lan egitea. Errautsak eta Hamletekin —bigarrenarekin, batez ere— lortutako arrakastaren ostean, hirugarrena dute Francoren bilobari gutuna izendatu dutena.
Egonaldi luzeak eginda, elkarrekin egoteari eta talde-lanari balioa emanda ondu dute azken emaitza. Azken prestakuntzak fintzeko, hiru asteko egonaldia egiten ari dira Luhuson, eta bertan erakutsiko dute jendaurrean lehen aldiz orain arte landu dutena. Urriaren 31n izango da hori. Horren ondoren, ia etenik gabe arituko dira Euskal Herrian barrena, berrogei emanaldi baino gehiago eskainiz. Gutxienez, maiatzaren 5era arte.