Bidaia bat esan nahietara
Ainhoa Mariezkurrena Etxabe
Argia, 2021-02-21

      Aurora Mora 40 urteko aktore kolonbiarrak lau urte daramatza Euskal Herrian. Performance baten estreinaldiaren bezperan notizia jasoko du: ama hil egin da. Orduantxe hasiko dira galderak.

      Bidaia batek hasten du migrazioaren bidea, baina noiz lur hartzen du? Atzerrian Lurra Garratz.

      Artedrama eta Huts teatroa galderak pausatzera datoz berriro ere, antzerkia erakusketa hutsera mugatzetik urrunago doazen helburu eta filosofiak hartuta. Laura Penagos aktorearen ikuspegi zein bizipena izan dute abiapuntu, bere bizitzan oinarritutako fikzioa sortuz. Migrazioak, deserriak, exilioak betidanik interesatu zaizkio Ander Lipusi, aipatutako konpainietako kidea eta obra honetan Penagosekin batera aktore ariko denari: “Etxekoak lanean guk euskaldunok atzerriarekiko dugun begirada jorratzen genuen. Hemen, ordea, atzerritarrek gurekiko duten begirada jorratuko dugu”.

      Hala ere, gai nagusia dolua da, protagonistaren amaren heriotza, hamaika gai eta emozioen bidaian murgiltzen dena: migrazioa, zaintza, deserria eta herria, indigenak eta herri zapalduak, hizkuntza gutxituak, kolonizazioa eta arrazakeria, gatazka eta indarkeria, eta bizimodu oso baten bizipen eta nahasmen emozionalak.

      Lipus eta Penagos eszenatokian eta Amancay Gaztañaga, lehen aldiz Artedramarekin, zuzendari paperean. Azken honek kontatuta, hamaika bidelagunen gaitasunek lagundu diete ertzak borobiltzen: “Nire unibertsoa ekarri nahi izan dut taldera, nire ibilaldian ezagutu ditudan pertsonak; Barbara, esaterako”, adierazi du Gaztañagak. Barbara Rassori buruz ari da, obra honetako jantzien arduradunaz. Miren Amurizak testuaren “orrazketa” egin du eta bere ikuspegiarekin taldekideei argitzen lagundu diela gehitu du zuzendariak. Ibon RG soinuan, Arantza Flores argiztapenean, Mikel Unamunzaga teknikan, Iñaki Ziarrusta (Atx Teatroa) eszenografian, Iasone Parada eta Irantzu Azpeitia ekoizpen eta banaketan, eta Ainhoa Resano argazkiekin.

      Lantaldeak estreinaldia otsailaren 5ean Luhuson egiteko asmoa zuen, baina garaiak garai, Frantziak jarri dituen neurri berrien harira, ezin izango dute aurrera atera. Estreinaldia, beraz, Gipuzkoara lekualdatu dute, berez bigarrena izango zen emanaldiak leku hartuta. Otsailaren 12an, Oñatiko Santa Ana antzokian.

 

      Nork kontatu, nori entzun

      Esan bezala, atzerritarrek euskaldunekiko duten begirada jorratzen du antzezlanak. Horretarako ezinbesteko izan dute migrazioa lehen pertsonan bizi duen norbaiten testigantza jasotzea eta oholtzan bere lekua ematea. “Laura eta Iñigo [Ander Lipus] ikastaro batean topatu ziren eta Laurak bere testuak erakutsi zizkion. Lipusek segituan ikusi zuen ezin zela kaxoi batean geratu, kontatu behar zen istorio bat zela. Lauraren mundua zoragarria da”, dio Gaztañagak. “Antzezlea naiz, hamabi urte daramatzat Euskal Herrian, eta hazten eta garatzen lagundu didaten hainbat bizipen izan ditut. Urte hauetan antzerkian profesionalki aritzeko aukerarik izan ez dudan arren, inoiz ez dut etsi”, kontatu du Penagosek. Atzerrian Lurra Garratzek lasaitasuna eta poza ekarri dizkiola gaineratu du, baita erronkak ere: “Asko gustatzen zaizkit erronkak, aske eta bizirik sentiarazten bainaute. Izateko, egiteko eta partekatzeko aukera honek sekulako konfiantza eman dit”.

      Emakume, migratzaile eta indigena ezaugarriak erabili ditu antzezlanaren nondik norakoak garatzeko Penagosek. Zuzendariak kontatu duenez, argi zuten hasieratik istorioa emakumeek kontatu behar zutela: “Fikzioan egiten den %92a gizonezkoek sortua da. Nahiz eta emakumea protagonista izan, gizonezkoen buruetatik atera dira. Beharrezkoa da istorio hau emakumezkoek sortzea. Guk sortu ditugu eta gure gaiak dira”. Honekin, emakumearen papera zein den ere aztertu nahi izan dute, nola bizi den zuria ez den emakume sortzaile bat Euskal Herrian, ba ote duen lekurik. Era berean, migrantea. Profil hori betetzen duen inork sorkuntza artistikoan hitza hartzea ere ez da ohikoa: “Zuritasun honetatik kontatzeko trebeziarik izango ez genukeen istorio bat kontatzeko aukera eman digu”. Erraza ote da euskaldunon artean integratzea kanpotik datorrenarentzat? Zertan egiten du lan emakume migrante batek? Nork zaintzen ditu gure herriko aiton-amonak? Duina da hogeita lau orduz gure familiarrak zaintzen egotea?

      Aurora Mora pertsonaia nagusiak aktorearen bizitza darama oinarrian. Penagos, Kolonbiako antzerki eskolatik dator. Euskal Herrian hamaika urte daramatza bere lekua bilatzen, beste eskolak probatzen eta lana bilatzen saiatzen: “Zalantzarik gabe, kontatzen ari garen historian badira nire izaeraren arrastoak eta egiak, bai Kolonbian eta bai Euskal Herrian bizi izandakoen aztarnak”, kontatu du protagonistak. “Liberazioa izan da, hainbat urtez neure barnean eta isilean eraman dudan historiaren zati bat askatu dudalako. Antzerkian kontatu ahal izatea barnean nuen ur bildua askatzea izan da, beharrezkoa”. Sormen prozesuan ate batzuk zabaldu eta beste batzuk itxi egin dituela gaineratu du, eta lantaldeak konfiantza hartzen lagundu diola. “Kolonbiatik aldentzeak nire jaioterrian zer gertatzen den ulertzen lagundu dit, bere gizarte prozesuak eta bere mamia. Paradoxa bada ere, Kolonbian bizi nintzela, ez nuen bertan gertatzen zenaren kontzientziarik”.

 

      Euskal Herria eta Kolonbia

      Jaiotzez kolonbiarrak bere egin du euskara, hala mintzatzen baita antzezlan osoan zehar: “Euskarak euskal kulturara hurbildu nau, bere mundu-ikuskera, bere historia, eta herri gisa dituen borrokak eta erronkak ulertzen laguntzera”, dio Penagosek. “Prozesu konplexu eta mingarria ere izan da, neure buruari, gure kulturari, gure arbasoei eta gure historiari aurrez aurre begira jarri eta mundua bera ikusteko eta pentsatzeko nire moduan eragin duena”. Ikasketa “aberasgarria” izan da aktorearentzat, Kolonbia gehiago ulertzeko aukera eman baitio. 1492an kolonizatzaileak iritsi baino lehen, 90 milioi biztanle ziren Hego Amerikan. Espainiarrek eta portugaldarrek ia 85 milioi indigena desagerrarazi zituzten. Jatorrizko herriak esklabo bihurtu, torturatu eta lurra eta bere kultura lapurtu zizkieten. “Zer dute euskaldunek honetatik ikasteko? Zein da gure erantzukizuna?”, galdetzen dute. “Kolonialismoak gure hizkuntza eta kultura desagerrarazi zituen eta horrek sortu zuen gure herrian bizi izan zen gerra. Nora begiratu behar dugu lapurtu digutena berreskuratzeko?”, dio Penagosek. Kolonbiako egoera bortitza ere ekarri nahi izan dute antzokietara, azken 54 urteetan 220.000 lagunek galdu baitute bizia Kolonbiako gatazka armatuaren ondorioz.

      Euskal Herriak bezala, Kolonbiak ere baditu bere borroka eta erronkak, eta horrek euskaldun bezala non kokatzen garen birpentsatzera eraman du Gaztañaga: “Asko sufritu dugun herria izan gara, baina ez bakarra. Kausa bidegabean aurkitzen den herritarrarena da geure buruez dugun irudia, baina ez gara kontziente zein pribilegio ditugun eta nondik ari garen lanean. Lan handia dago oraindik egiteko. Euskaldun eta emakume gisa zapalduak gara, baina badira zapalduagoak”. Antzezlanak zabaltzen dituen galderen artean migranteak migrante izateari uzteko aukera planteatzen dute. Noiz sustraitu daiteke toki konkretu batean? Zein da bere herria? Noiz lortuko du euskaldun titulua? Euskaldunek ere atzerriaz badakitela gaineratu dute, euskaldunak ere mundu honetan arrotz sentitzen direla. Globalizazioaren atzaparretan erori diren komunitateez eta gizajendeaz ari dira, desagerrarazi nahi dituzten eta desagertu diren kultura eta identitateez. Zuzendariak aitortu du antzezlanak bere pribilegioen kontzientzia hartzen lagundu diola eta “bakarrizketa ederrak” izan dituela bere buruarekin: “Kanpo begirada horretatik, guri dagokigu ispilu lana egitea eta erakustea benetan zer den egiten ari garena migranteekin”.

 

      Lurra zapaltzeko garaia

      Lana estreinatzeko ordua da. Emozioak hainbeste aldrebestu diren garaiotan ilusioa azpimarratzen dute, errespetua eta beldurra sentitzeari utzi gabe. Esan beharrik ez dago, egoerak berak zertxobait handitzen dituela azken bi sentimendu horiek, eta zaildu eta bikoiztu egin duela egin beharreko lana: maskarak, bilera telematikoak, emanaldiak lotu eta mantentzeko zailtasuna, etorkizunarekiko kezka, hartu-emanik eza, edukiera murriztuak... Eta gutxi balitz, antzerkiak dituen berebiziko ezaugarriak ezabatu ditu. “Nik askotan pentsatu, sentitu eta esaten dut guk egiten dugun lana ez dela bateragarria COVID-19arekin, gure lana kontaktuzko lana dela”, dio Gaztañagak. Dena den, ia 40 emanaldi lotu dituzte jada, aurrez ezer aldrebesten ez bada, aurrera aterako dituztenak azarora bitarte.

      Bidaia batekin hasi ditugu lerro hauek. Bidaia literala eta metaforikoa. Izan ere, Aurora Moraren gelan gertatzen da guztia. Egin behar duen obra entseatzen ari dela, dei bat jasotzen duenean. Errealitatea eta ametsen mundua nahasi egingo dira espazio horretan, eta hainbat pertsonaia pasako dira Moraren ondotik, guztiak Lipusek antzeztuak: Kepa, Auroraren mutil-lagun euskalduna; alzheimerra duen bere aita Eusebio; Auroraren ahizpa Esperanza; bere ama eta komunitate indigenatik datorren Nayeli amona eta mamuak. Horiek izango dira, zuzenean edo zeharka, istorioa kontatuko dutenak. “Auroraren ezleku hori irudikatzen saiatu gara eszenan ere, bere barrua nola sentitzen den kanpoan. Saiatu gara istorioaren ikuspegitik, emakume baten istorioa izanda, gauza oso sinple zein sakona sortzen: zein familia eta tokitakoa den, loturak apurtzea posible ote den, emakume artista bezala duen adinarekin zer espero den, nola bilatu edo ez lekua sistema honetan”, dio Gaztañagak.

      Hasieran aipatu bezala, galderak sortu nahi dituzte ikuslearengan: “Artea aukera da galderak zabaltzeko eta hori nahi dugu, direnak direla”, dio Penagosek. Horrekin batera, batasuna eta konplizitatea espero ditu, euskal ikusleekin bat egitea eta pentsaraztea. Gaztañagak “gure begirada egozentrikoa” birplanteatzea espero du, beste irekitasun bat hartuko balu Euskal Herriko sufrimendua bera sendatzeko modua delakoan pertsona batzuei bertan lekua egitea. Ikusleak ondo pasako duela ziurtatu dute.