Seriotasunaren estaldura arraileriaz pintatu du, munduaren zaila sosegatzeko. Euskaratik eta euskaraz, plazari herri kultura ematen aritzen zaio; antzerkia, kantua, dantza edo kazetaritzaren bidez. Euskara mehatzen utzi gabe, erreferentziak sortuz.
Bide urratzaile, Gillom Irigoienek (Ainhize-Monjolose, Baxenabarre, 1959) plazari euskaratik eta euskaraz sorturiko artea ekarri dio, antzerkia eta kantua dela medio; garbizalekeriak eta katolizismoak oraindik gogor jotzen zuten garaian. Euskal Telebistako pantailatik harago, erreferentzialtasunak arranguraturik, herri kultura umorez zentratzea izan du ibilbide osoko ariketa, seriotasunaren gainazala urratuz. Dantza eta kantua eskoletako kaioletatik karrikei errendatu dizkie. 1984-1990 artean idatzi zituen zortzi antzerki testu bilduak ditu Garazin antzerki 1 liburuan (Maiatz, 2019). Hiriburun iaz eman zen Andere serora pastoralaren idazleetako bat ere bada.
Laborarien semea, kazetari.
Laborantzatik ihes egin nahi nuen. Ukan dut komunikaziorako grina, beharbada arazoak nituelako komunikatzeko; beti galdera bat nuen: zer solas ekarri? Askotan joaten zara eskas duzun horren bila.
Antzerki bainuan sortu zinen.
Izugarriko bultan zen euskal antzerkia: Xirristi Mirristi, Bordaxuri... Xantzaz biziki goizik ezagutu dugu antzerkia Hiruak Bat taldeari esker. Ibili gara sabaiez-sabai Gamarte, Lakarra eta Ainhizen, [Piarres] Larzabal, [Daniel] Landart eta [Telesforo] Monzonen antzerkiak ikusten. Azkena eman zutelarik, Landarten Bai ala ez, gelatik arrunt berotua atera nintzen abertzaletasunari buruz. Obra guziak aski seriosak ziren, tonua aldarrikatzailea...
So egilea arizale bilakatu zen.
Ainhizeko besta komitean sartu nintzen irri-besta kontzeptua asmatu zutelarik, eta, hortik, irri-gauak, zeinetan istorio irrigarrien kontalariak gomitatzen baitzituzten, adibidez, Beñat Galtxetaburu, Mattin Zabaltzagarai edo Rene Harluxet adiskidea. Hala, batetik, baziren Hiruak Bat eta orduko antzerki moldea; eta, bestetik, ziklo baten bukaerara heldu zen irri-gaua gazteri ederrarekin. Armadan enoatzen nintzenez, izkiriatzen hasi nintzen. Orduan, plana nahi bezala atera zitzaigun 800 ahari obrarekin: nik idaztea, guk muntatzea eta EATBren [Euskal Antzerki Taldeen Biltzarra] Monzon sariari esker, Hiruak Bat arra-muntatzea, 1984an.
Euskaltasuna berpizteko grina aipatzen duzu hitzaurrean.
Antzerkiak ematen zuen aukera herriko gazteak biltzeko euskal proiektu batean; funtsean, euskararen inguruan zentratzeko. Izan ere, gure erreferentziak ziren Roland Magdane eta holako.
Ondoko urtean ere idatzi zenuen: Eskalapuñak.
Beldur nintzen pieza horrekin: tonua aski bordelikoa baita. Antton Lukuk dio libertimendu bat iduri duela; harrigarria, ez bainuen sekula libertimendurik ikusi. Baina, giro horretan ginen etxean ere: edozein gai irri-iturri zen. Anitz lagundu nau Pilote komikia irakurtzeak, plano bat baino gehiago zituelako, gaian beti serios egon gabe. Libertimendua euskal giroaren adierazlea da.
“Arraileria laster bilakatuko zen taldearen identitate marka”, dio Lukuk.
Bazen eztabaida: gorputz adierazpenak behar zuela antzerkia salbatu, bazela aski diskurtsoekin... Baina gu ez ginen batere horretan: denak behar baitu izan antzerkiaren zerbitzuko: testuak, gorputz adierazpenak, apainketak... irria garrantzitsua zitzaigun, zeren eta mundu honen absurdotasunak agertzen baitira. Bai eta euskara ere. Absurdoak du gure berezitasuna egin.
Bideak anitz ireki ditu Lukuk. Euskal kulturaz liburuan ene baitan bermatu du herri kulturan egotea. Sentitzen genituen gauza batzuei definizioa ezarri die. Izan ere, beste kulturak zenbat kalkatzen ditugun, ez baikara gurean zentratzen, ezezagutzaren eta gurean ez aski murgiltzearen ondorioz.
Kulturbitasunean gaude: baten bila joan behar gara, bestea, ordea, deitu gabe ere heldu zaizu. Gure historia ez dugu izkiriatua, eta gure hizkuntzaz ere.
“Herritik herriaz eta euskaratik euskaraz izaiteko xedea, baliatuz euskal erreferentziak eta euskararen muina”, idatzi duzu Hamar manamenduak antzerkiaren sar hitzan.
Euskal erreferentziena kezka zitzaigun: itzulpenak baitziren egiten zirenak. Baina horrek ez ninduen gustuan uzten. Erreferentzia garrantzitsua niretzat euskara bera da. Zazpi urtez sei antzerki eman ditugu.
Mundu zaharraren gainbehera bizi izan dugu: ez gara ikastolatik pasatu, euskarari buruz gauza guti jakin dugu, ikasi duguna guhaurren ber izan da, ahal bezala. Euskal kulturari buruz libertimenduak galduak ziren, bertsolariak Alkhat eta Ezponda bakarrik ziren... Ahal bezala harrapatu dugu euskal kultura. Uste dut euskarak berekin dakarrela pentsaera bat, gure historia ere islatzen du. Bilaketa bat izan da; zer baliatu erreferentzia gisa? Ez da erraz. Eman dezagun Itsasun eman berri duten kabalkada ederrean euskal erreferentziak baziren, baina jendeak gehiago irri egiten du putain! erratean.
Ikuslea eta arizalea: txanpon beraren bi aldeak?
Herri antzerkia dugu egin, ez gara ari izan antzerkizaleentzat. Oraingo profesionalismoak hori dakar: mundua zatitzen dela musikazale, antzerkizale eta abarren artean. Enetzat, dena bat da, arte guziak. Plaza da garrantzitsua, herri-kultura. Zer da kulturaren esentzia? Enetzat bakoitzak dugun arte parte hori —izan ttipi, handi edo ezagutzen ez duguna— gure bizian eta ahal den moduan garatzea eta bizitzea. Pastoralak hori ematen du: ttipia zarelarik aingeru zara, gero satan, gero sujet, eta azkenik artzain. Hori gizonen kasuan, barkatu. Herri kultura hori da enetzat, lauhazkatzea euskararen eta Euskal Herriaren garapena, baina modu dibertigarrian. Garai hartan aldarrikapen abertzalea beti serioa zen, garai zailak hala eskatzen zuelako. Ez da beti irri egiten ahal, baina baziren beste leku ttipi batzuk ere non hori ere sartzen ahal zen.
Umorea beti ez.
Ez. Pastoralarekin ikasi dut biekin jolasten: bi hil kantu idatzi baititut, eta loriatu naiz. Hunkigarriak egin behar dira. Hiriburukoan jendeak negarrez bukatu zuen. Uste dut irri egiteak sosegua ekartzen duela; hori Benito Lertxundiri ikasi diot ez dela zoriona garrantzitsua, iheskorra baita; gainera, gero tristura bider bi dakarrelako, sosegua da inportanteena. Umoreak distantzia dakar.
Ez ote da umorea sortzeko zailena den aspektua?
Beharbada, guretzat ez, beste gisako emozioak sortzeko ez garelako gai. Gure garaian, euskarak garbia behar zuen. Alkhat eta Ezponda gure idoloak horrela heziak izan ziren: frantseskeriarik sartu gabe; hobe zen nehork ulertuko ez zuen hitz bat sartzea, erdaretatik hartu baino. Guretzat, hori ez zen pobretze bat, alderantziz baino, ez baita hizkuntza garbirik. Lan handia egin bazuen ere, berriki irakurri dut Lafitten artikulu bat zeinean baitzioen kantu lizun guziak baztertu zituela, bat kenduta. Umorea ez da baitezpada lizunkeria, baina egia da bihurgune bat izan zela.
Hiztun osoa zara.
Konfesatuko dizut oso euskara txarra dudala, galtzekotan egon naiz eskola hastearekin. Kantuaren medioz begiratu dut. Hor ere, eskas duzunaren bila zoaz.
Zerk egin du berreskurapena?
Bai ala ez ikusteak. Eta, kantuak. Anaiekin hasi ginen. Idazteak ere; izkiriatzen baituzu finkatzeko, eta izkiriatzeak finkatzen dizu, elkar elikatzen dira, hori Mattin anaiak idatzi du.
Irus, lanari nik diot mus! Plazaz plaza, Irigoien anaiak erreferentzia bilakatu zarete.
Frantxoa da urrundik gure arteko kantari hoberena. Gure erreferentziak [Eñaut] Etxamendi eta [Eñaut] Larralde ziren. Gero, haustura bat izan zelarik hasi ginen gu. Lehenik kantu zaharrak kantatuz, eta gero guhaurrenak sortuz, aski fite erori ginen guhaurren eskualderat: irrirat. Jendea horren beha zen. Maite nuen kantua, anaiarekin bi bozetan aritzea. Irulegiko Irratia gure kantu sorkuntzen baflea zen. Gure erreferentziak Renaud ziren, baina baita ere Xabier Lete eta bertsolariak.
Zeure burua alfabetatu zenuen. gero.
Euskal Ikasketetan ikasi nuen, lehen urteak ziren. Begirale jarri nintzen lanean, eta, ber denboran, enetzako urrats inportantea egin nuen: Radio Adour Navarre irrati librean hasi nintzen. Ni gaur hemen baldin banaiz, ordukoari esker izan da. Bertan ari ziren Alexandre de la Cerda eta Bernadette Argain ere. Berantago, France Bleu Pays Basque irratian sartu, eta, ondotik, EITBn hasi nintzen, 1993an.
Tokikoa baino harago, EITB.
Esatari gisa aritu nintzen, Iparraldea ulertu nahi nuelako lehen-lehenik. Hastapenean ez zuten ulertzen nola Iparraldeko gauzetan irmo gelditzen nintzen. Denborarekin leundu da gaizki-ulertu hori. Bertsolaritzak ere lagundu du horretan: euskara finkatzen. Ene xedea lekuko gauzak egitea da, baina bistan dena, ikuspuntu nazionaletik.
Baionan Kantuz horren lekuko.
Suertea dugu Baionan sorturikoaren eredu hartu dutela besteetan ere, Donostian konparazione. Hilabetean behin ateratzen ginen karrikarat kantatzera, kantu eskoletatik at. Ikastolako gurasook genuen hori abiatu.
Dantzarekin egin zenuten gisa berean.
Dantzazpi, bai. Duela kasik 30 urte, mutxikoak berreskuratzen ziren dantza eskoletan, guk karrikarat atera genituen.
Hiru zitxun ikusgarria, zer da: Hiruak Bat hiru?
Gamarte Uharte aitzineko plaza horretan Lakarra, Ainhize eta Gamarteko herritarrak berriz ikustea hunkigarria izan da. Gazteria dantzan ikusi dudalarik, oroitu naiz haien aitatxiak ere ikusirik, orduan amatxiak ez baitziren ari. Garrantzitsuena hiru herrietako jendeentzako da, sortu baita bizi sozial berri bat, ez baita halakorik gehiago, hori da arrangura nagusia. Eta euskaraz egin dute dena. Norberaren parte hartzea da garrantzitsua. Pastoralean idatzi nuen: “lehen zuen artean ginen; orain zuen aitzinean koblaka, pastoralean baikaude, aktore-publiko aldizka”; batean zu zara ari eta bestean zu zara so egile, dena bat da. Oroitzen naiz lehen libertimenduan, Donibane Garazin: Xibandiarrak dantza konplikatuaren urratsen egilea tronpatu zela, baina izan ziren publikotik hiru laguntzaile. Hori da enetako herri kultura.