Berandu hasi zen aktore lanetan Pagoaga. “80 egunean” filmean egin zen ezagun, baina antzerkia da haren pasioa. Oholtzan dena ematen du, Fagorren lanean aritu zen 42 urteetan bezala. Tristuraz eta haserre hartu du korporazioaren gainbehera.
Arrasateko taberna batean jarri da hitzordua Mariasun Pagoagarekin (Arrasate, Gipuzkoa, 1950). Mahai batean dago eserita, gidoi bat irakurtzen eta errepasatzen. Antzerkiaz hitz egiten duenean ilusioz mintzo da, begietan nabari zaio. “Niretzat denbora hartzeko momentu bat da”. Aurpegia aldatu zaio, ordea, Fagorrekin gertutakoa aipatzean. “Hiltzen utzi dute, eta erakundeen aldetik ez dugu ezta babes emozionalik ere jaso”, dio, haserre. Gainera, nabarmendu du erabakiak bazkideak kontuan hartu gabe hartu dituztela. Urteetan bera izan zen Fagor markaren arduradun hainbat herrialdetan.
Orain ere gidoi bat duzu esku artean. Noiz hartzen duzu atseden?
Astean bi egunetan entseatzen dugu, astearteetan eta ostegunetan, bi ordu eta erdi aldi bakoitzean. Baina lantzen ari garen obraren gidoia beti eramaten dut poltsan, eta, tartetxo bat edukiz gero, errepasatu egiten dut, eta pertsonaia barneratu. Niretzat denbora eta espazioa hartzeko momentu bat da antzerkia. Lau biloba ditut, eta beti dut egitekoren bat. Baina argi esaten diet seme-alabei antzerkiko orduak niretzat direla.
Zer moduz Aingeru ala kurriloi antzezlanarekin?
Oso gustura. Obra berezia da, izenburutik hasita. Kurriloi zer den, beharbada, ez du jakingo jendeak, baina Arrasaten asko erabiltzen dugu, txolarreari esateko. Drama bat da, baina komedia puntu batekin. Bertan, batere ondo konpontzen ez diren hiru ahizparen istorioa kontatzen da. Ahizpetako bat etxetik bidali dugu, haurdun geratu delako, beste bat lelo samarra da, eta nik arazoak ditut alkoholarekin. Datorren hilabetean, hilaren 5ean, Arrasaten eskainiko dugu, eta Eskoriatzan [Gipuzkoa] eta Agurainen [Araba] ere egongo gara.
Aktore askok diote adinean aurrera joan ahala gero eta zailagoa dela rolak lortzea. Zu, ordea, oso berandu hasi zinen antzerki eta zinema munduan. Kasu berezi bat zara?
Beste batzuek erabakita iritsi zitzaidan aukera hori. Goikobalu abesbatzaren sorreraren urteurren bat ospatzekoak ziren. Hala, Arrasateri buruzko antzezlan bat egiteko asmoa azaldu zieten herriko elkarteei. Nire senarra saltsa horietan egon izan da beti sartuta, eta esan zidan batzar bat zegoela, eta joateko. Hala, Eskuak Elkarri antzezlana prestatzera animatu ginen. 2004. urtea zen. Horren ondoren, Joxe Mari Velez de Mendizabal idazleak herrian antzerki talde bat sortzea proposatu zigun, eta Doke sortzea erabaki genuen. Hamabi urte pasatu dira jada ordutik. Ezagutu arren gure artean inolako harremanik ez genuen jende talde batek halako proiektu bat abian jartzea oso berezia izan zen. Horrek aukera ematen dizu ondo pasatzeko, jende berria ezagutzeko... Gainera, kapaz bagara obra bat taularatzeko, ederki.
Espero gabe iritsi zitzaizun zinema egiteko aukera ere, 80 egunean filmarekin. Casting-era zer zen ikusteko joan zineten...
Jon Garaño eta eta Joxe Mari Goenaga film baterako emakume helduen bila zebiltzan. Emakume horiek jakin behar zuten igeri egiten, bizikletan ibiltzen eta pianoa jotzen, besteak beste. Gainera, argi uzten zuten bi emakume helduren arteko maitasun istorioa zela. Antza, hainbat antzerki taldetan galdezka aritu ziren. Baina ez zuten inor lortu. Hala, Itziarrek [Rekalde] deitu zigun esanez taldeko hiru kidek casting bat egitera joan behar genuela. Nik ez nion sinesten, eta esan nion ez ibiltzeko tontakeriatan. Gainera, egun horretan bertan oporretara nindoan. Aste Santua zen.
Baina Rekalderen ondoan zegoen Goenaga, eta hark konbentzitu zintuen.
Hala da, eta haren lantaldeko batek harremanetan jartzeko esan zidan. Hala, adostu genuen oporretatik bueltan egingo nuela hautaproba. Trenean oporretara nindoala, taldeko beste biri deitu nien. Haiek ere ez zuten sinesten. Baina nik esan nien: “Ez dugu ezagutzen nolakoa den casting bat. Joan egingo gara, eta, behintzat, egun-pasa bat egingo dugu”. Hala egin genuen, eta gero beste bi proba egin nituen. Azokan erosten ari nintzela jaso nuen deia, eta baietz esan nien. Egia esan, esperientzia ahaztezina izan zen, niretzat orain arte egin dudan paperik garrantzitsuena.
Nola moldatu zinen entseguetara eta errodajeetara?
Lehen aldia zen niretzat kamera aurrean. Gainera, antzerkiarekin ez du zerikusirik. Baina primeran moldatu nintzen. Jon [Garaño] eta Joxemarirekin [Goenaga] hasi eta lantaldeko azken kideraino, izugarri erraztu zizkidaten gauzak. Hasteko, gidoia euskara batuan idatzita egon arren, Itziarri [Aizpurua] eta bioi aukera eman ziguten nik Arrasateko euskaraz egiteko, eta berak Getariako [Gipuzkoa] euskaraz. Horri esker, askoz errazago eta erosoago ikasi nuen gidoia, eta rola askoz naturaltasun handiagoz egin nuen. Itziarrekin lan egitea ere ikaragarria izan zen, plazera. Benetako eskola izan zen niretzat, eta hark ere asko erraztu zizkidan gauzak. Asko ikasi nuen harengandik. Nik aurretik banuen ikuspegi bat zinema munduko jendeari buruz, eta guztiz aldatu zitzaidan. Lantalde zoragarri, gertuko eta profesional batekin egin nuen topo. Lantalde osoaren artean oso harreman sanoa zegoen, eta ez zegoen bereizketarik. Oso polita geratu zen, eta munduko hamaika txokotara iristea lortu genuen. 31 sari irabazi genituen. Niretzat pentsaezina eta sinestezina zen.
Antzerki taldekoek zer esaten zizuten?
Txantxak egiten zizkidaten.
Geroztik, geratu gabe ibili zara: Loreak-en, Lasa eta Zabala-n eta beste hainbat eta hainbat filmetan atera zara. Zer nahiago duzu, zinema ala antzerkia?
Antzerkia. Nik honekin ez dut bizimodu bat aurrera atera nahi. Niretzat zaletasun bat da, eta, alde horretatik, antzerkia lasaiagoa, erosoagoa eta aberasgarriagoa da. Paper txikitxo bat zineman nahikoa zait. Gainera, Joxe Marik eta Jonek beti hartzen naute kontuan.
Protagonista rol bat eskainiko balizute, onartuko zenuke?
Bai, bai, zalantzarik gabe.
Zure benetako eskola antzerki taldea izan da?
Bai, zalantzarik gabe. Dena den, nik nire lanean beti egin behar izan nuen antzerki puntu bat, eta publikoan hitz egin. Izan ere, Fagorren egin nuen lan, Fagor markaren arduradun gisa hainbat herrialdetan. Saldu egin behar nuen, eta sinesgarri agertu bezeroen aurrean. Beraz, sekula ez dut beldurrik izan publikoan hitz egiteko, eta horrek lagundu dit. Antzerki eskolak erakutsi dit edozein paperetan sartzen.
Orain hasieran bezala hartzen zaituzte?
Bai, bai. Gainontzean, ni ez nintzen eroso sentituko. Besteak bezalakoa naiz ni. Zuzendariak beti esaten zigun txandakatu egin behar dela aktore protagonista, eta nik uste dut hori oso ondo dagoela. Hala, denak gara berdinak. Gainera, aktore sekundario gisa ere asko ikasten da, eta gainontzekoen jardunaz gozatu.
Goenkale-ko esperientzia zer moduzkoa izan zen?
Oso polita, eta bada Goenkale-rekin bitxikeria bat. Hasi zirenean, Fagorrekin jarri ziren harremanetan, etxetresnak uzteko. Baietz erabaki zen, eta, ni arduratzen nintzenez kontu horiez, idatzi nien baiezkoa emanez. Txantxa moduan, horrekin batera jarri nien ni nahiko pailazoa nintzela, eta, paperen baterako behar baninduten, deitzeko. Nork pentsatuko zuen gerora bi paper izango nituenik. Zer esanik ez, lehenengoan hil egin nindutenean.
Pena handia emango zizun amaitzea, ezta? Are gehiago kontuan hartuta gaur egun ETB1en soilik telesail bat dagoela grabatuta, eta aurten ez dela gehiago grabatzeko asmorik.
Ikaragarrizko pena. Nik uste dut garrantzitsua litzatekeela euskarazko antzerkigintzarentzat, eta batez ere ikusleentzat, fikzio gehiago egotea. Sumatzen dut, Goenkale amaituta, ikusle zati handi bat hankamotz geratu dela, batez ere adin batetik gorakoak. Telebistako zatitxo bat kendu izan baliete bezala daude.
Herri gehienetan ari dira sortzen antzerki eskola edo taldeak. Euskarazko antzerki amateurra gero eta indartsuago dago?
Bai, eta poztekoa da. Aurten, adibidez, Durangoko Azokan antzerki maratoi bat antolatzeko asmoa dute, antzerkilari profesionalekin zein amateurrekin. Hamabost minutuko saioak izango dira, eta ekimen ederra da. Gainera, gero eta ikastetxe gehiago ari dira eskaintzen eskolaz kanpoko jarduera gisa antzerkia. Harrobi polita sortzen ari da, eta hori inportantea da etorkizunera begira.
Euskarazko zinemaren arrakasta nola ikusten ari zara?
Pozgarria da zenbat film egiten ari diren ikustea. Horrek erakusten du oso profesional onak daudela hemen. Oraingo bolada aprobetxatu behar da.
Ia erretiroa hartzera zindoazela hasi zinen antzerkian. Artean Fagorren egiten zenuen lan. Nola sartu zinen zu Fagorren?
Nik Batxilergoko ikasketak bukatu nituen, eta unibertsitatera joan aurretik ohikoa izaten zen uda horretan praktikak egitea. Hala, Fagorreko telefono zentralitan, eta Espainian Fagorrek zituen ordezkaritzetako kontuak eramaten laguntzen aritu nintzen. Irailean Copreci enpresan hasi nintzen lanean. Handik urtebetera, Fagorretik deitu ninduten, berriro Espainiako delegazioen kontuak eramateko. Hala sartu nintzen korporazioan. Lanean ari nintzen bitartean, eta etxekoek bultzatuta, mekanografia, takigrafia, ingelesa eta frantsesa ikasi nituen. Horrek aukera eman zidan Fagor markaren kudeaketa eramateko Espainian, Frantzian eta Marokon.
Fagorren urte oparoak bizi izan zenituen? Nolakoak izan ziren?
Oso politak. Niri nire lanak aukera ematen zidan kanpoko jendearekin harremanak izateko, bidaiatzeko, beste herrialde batzuk ezagutzeko... Oso aberasgarriak izan ziren urte haiek. 58 urterekin erretiratu nintzen. Korporazioa ondo zihoan, urte oparoenak ez izan arren.
Gainbehera sumatzen zen? Nola bizi izan duzu?
Arrasatear, pertsona eta langile moduan, oso gaizki. Izan ere, porrot egin du nik bizi eta sinistu nuen proiektu batek. Fagor izan da kooperatibismoaren ama, eta jende askorentzako lana eta aberastasuna sortu ditu. Erori ostean hartu dituzten erabaki guztiak hartu dituzte bazkideei ezer esan gabe. Bi txakur txikirengatik saldu dute. Zergatik saldu diete Fagor kanpoko batzuei, bideragarria bazen? Lehengo balioak ez dira existitzen.
Bazegoen, beraz, beste konponbiderik?
Bai, noski. Nik kanpokoei ez diet errua botatzen, baizik eta bertakoei. Erakundeen aldetik, gainera, kasurik ez diote egin. Ondo zihoanean eredu bezala jartzen zuten, eta, gauzak gaizki joan direnean, ez dugu ezta laguntza emozionalik ere jaso. Beti goraipatu izan dituzte balioak, eta Jose Maria Arizmendiarrietaren figura. Baina hura biziko balitz... Hau ez da hark nahi zuena. Bizirik dauden sortzaileek negar egiten dute.
Herria nola ikusi duzu denbora honetan?
Kolpea oso handia izan da, eta oraindik ez dio buelta eman, nire ustez. Are gehiago jende gazteak. Izan ere, helduok gure erretiroa dugu, eta egingo dugu aurrera, baina gazteak... Gu lanean ginenean, beti pentsatu izan genuen kooperatiba batean sartzean betirako lana zenuela. Gaur egun, ez. Amorrua, pena eta tristura ematen du.
Herrigintzan ere aritu zinen, eta Irati tabernaren sorreran lagundu zenuen. Deklaratzekotan egon zinen herriko tabernen auzian. Nola bizi izan zenuen?
Lan asko eginda sortu eta atera genuen aurrera taberna, inolako asmo edo helburu politikorik gabe. Jende guztiarentzat zituen ateak zabalik. Baina, gaur egun, dena nahasten da. Akusatuen aulkian eseri zituztenek ez zuten inolako errurik.