Antton Luku: “Dena da eztiegi, eta antzerkiaren etsaia da delako eztitasun hori”
Iker Tubia
Berria, 2018-02-13

      Iruñean inauteriak indartzeko gogoaz direla eta, Zaldiko Maldiko elkartean izan da Luku, libertimenduaren gakoak azaltzeko. Inauteriak tabuak hausteko tresna egokia direla uste du.

      Ikusmina sortu du gaiak, jende anitz bildu baita Antton Luku (Kalifornia, AEB, 1959) antzerkigile eta idazleak Iruñean eman duen hitzaldira. Inauteriak izan ditu hizpide, gai horri buruz anitz ikertu eta idatzi baitu. Euskal dantza eta kultura tradizionalari atxikirik egin du bere ibilbidea, eta irakasle izan da urte luzez, erretiroa hartu zuen arte.

 

      Libertitzean, politika egiten da?

      Libertitzea jostatzea da, baina horretan politika ere bada. Arizaleek inauteria egiten dute helburu politiko batekin. Ifrentzu bat da inauteria, eta pentsatzen da egin daitekeela beste molde batez kasik dena. Antolatzaileek badute jomuga bat, halako jendeari mintzo dira. Hori Zubietan ageri da oraingo problemarekin: beste batzuk joaten dira, eta horiei ere mintzatu behar zaie?

      Publiko berri hori izanda, nola lor daiteke oreka?

      Ez dakit. Fama handia duten inauteriek dute problema hori. Beharbada publizitate handiagatik da. Zubietako inauteriak osagai guziak ditu bere barnean, oso ederra da, eta begia erakartzen du. Erraten bada jendea ezin dela filmatu, jadanik bahea pasatzen duzu. Inauteriak ikustera joan zara, ez filma egitera.

      Edozein herritako inauterietan politika egiten dute?

      Orain, folklorizazioa da inauterien problema. Badira batzuk demostratiboak direnak bakarrik, ibilaldi soil eta gauza aski itxurazkoa. Hastapen batean ukan dute, baina utzia dute dimentsio politikoa. Iruditzen zait ahuldu direla batzuk, eta, berriz abiatzen direlarik, dimentsio politiko horretatik egiten dutela.

      Antzerkia tresna eraginkorra da inauterietarako?

      Europa guzian inauteriak ezerranaren erratea du misio; nonbait, tabuen kontra borrokatzea. Bidean galtzen badituzu funtzio hori espresuki duten pertsonaiak, ez duzu zure jomuga aurkitzen. Hori da orain sentitzen, eta zinez ikuspegi horretatik ari dira berriz abiatzen.

      Adierazpen askatasuna kolokan jartzen duten garai hauetan, inauteriek lagundu dezakete?

      Horregatik interesatzen zait orain, horregatik bakarrik esan nezake kasik. Jendea hunkitzeko dimentsio estetikoa izugarri inportantea da, baina arizaleak ez du horrek motibatuko. Uste dut autozentsura batean garela denak, eta antzerkiaren problema ere bada: presentatzen diren gauzak dira aski kamuts. Gero, tresnak hor dira: Internet, argazkiak, filmak... eta kontestutik kanpo baliatua izaten ahal da. Beraz, ene ustez, arizale guziak ari dira gibelerat. Dena da eztiegi, eta antzerkiaren etsaia da delako eztitasun hori. Antzerkiak behar du proposamen argi bat. Bada hitzartze bat, eta posizionamentu bat. Behar duzu erran: “Nik hau pentsatzen dut”. Hortan ezartzen duzu publikoa alde edo kontra, baina zuk inpaktu bat bilatzen duzu. Orduan, egiten baduzu gauza polit eta leun bat, ez zara inauterian. Inauteriak behar du zerbait hautsi. Komunitatearen berbiltzearen funtzioa du, baina interesa da haustea.

      Orain, zer indar du herri antzerkiak zuen inauterietan?

      Uste dut aski gauza ahula dela, baina ez hain ahul. Denbora berean, iduritzen zait Iparraldean azken bi urteotan oso gazte interesgarriak biltzen dituela inauteriak. Ikusten dute Iparraldea fisikoki biziki aldatu dela. Material horrekin lan egiteko, inauteria da zinez tresnarik egokiena: hor dira elkarteak kontaktuan jartzen, hor pausatzen da hizkuntzaren problema, hor nahi da kausitu zaharrei edo berriei... Orduan, horren arabera antolatzen duzu, berregituratzen duzu zure ingurua.

      Moldatzea beharrezkoa da?

      Bai, bai, bai. Zuk gogoan jartzen zaizuna diozu, baina denbora berean, kausitu nahi baduzu, behar duzu ontsa egokitu zure solasa.

      Posible da hiri handi batean horrelako inauteririk egitea?

      Nik arras uste dut baietz. Hiriak ez dira gauza neutroak, ez da dena berdin. Hirietan espazioak zatitzen dituzte, herrietan bezala. Ene ustez, dena asmatzeko da, baina dakien batek dena asmatzen du fite. Ikuskizunak baditu bere arauak, eta zuk, ez badituzu sekula ikasi, antzerkian ariz berriz deskubritzen dituzu. Lasterrago da galde eginez.

      Harremanak ezberdinak dira hirian, dena den; indibidualagoak.

      Baina hori zailtasun handia da ere orain Iparraldean. Anitz eraiki da, eta aldatu dira harremanak. Horrelako data batzuk behar dira; praktika batzuk eta solas batzuk ukan.

      Transmisioan etenak kezkaturik jarraitzen duzu?

      Hori da ene kezkarik handiena. Ikasten ahal dituzu hamar liburu, inspirazio bat izan daiteke arizale batentzat, baina transmisioa egiten da ekintzez. Baina, horrendako, behar duzu taldea maiztasun batekin ikusi, eta hori biziki errazago zen lehenago. Egiten da, denek nahi baitute, baina gauza inperfektu bat da.