Olatz Pagaldai: “Antzerkia jolas bat da, baina arau batzuk daude”
Iker Tubia
Berria, 2016-02-24

      Denetik probatu du Pagaldaik: antzokian, kalean, gaztetxean, taldean, bakarka, txotxongiloekin, itzalekin... Orain, bakarrizketa batekin eta genero rolei buruzko antzezlan batekin dabil.

      Getxoko Antzerki Eskolan hasi, eta dagoeneko antzerkiaren alor asko jorratu ditu Olatz Pagaldaik (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1979). “Beti saltsa-maltsan; lan hauek amaiera data daukatenez...”, esan du. Gaur Nafarroako Antzerki Eskolan arituko da, eta Erdaldun berrien kluba bakarrizketa eskainiko du.

 

      Euskaldun berriez txantxa asko egin izan dira. Antzezlan honetan, erdaldun berriak dituzue hizpide.

      Kontzientzia behar batengatik egin dugu. Gure artean makina bat euskaldun berri ezagutzen ditugu, baina erdaldun berrien kontzeptua ez dugu kontuan hartzen. Horregatik sortu zitzaigun bakarrizketa egiteko gogoa.

      Umorez heldu diozue gaiari, baina ez inoren lepotik, ezta?

      Ez, ez. Bizitzako kontuak eta ikasgaiak dira. Zerbait ikasten zabiltzanean hobe da umorez hartzea.

      Jokoa ematen du, beraz.

      Bai, ematen du. Kontzeptu hori ez denez oso ezaguna... Euskaldun zaharren artean ere ez da ezagutzen. Orduan, galdetzen dizute: “Zer arraio da hori?”. Ba, zu zara erdaldun berria, eta ez dakizu.

      Umorearekin hobeki zabaltzen dira mezuak?

      Hori da, bai. Eta egoerak eramangarriagoak dira umorearen bidez.

      Obrak emakumearen ikuspegia du. Beste batzuetan, generoaren gaia landu duzu. Beste mundu bat eraikitzeko modua da antzerkia?

      Bai, emakume naizen aldetik. Berdintasuna hori da. Zer gertatu da? Beti gizonen bizipenak, gizonen lekukotzak, gizonen ikuspuntua... beti iritsi da hori. Emakumeen ikuspuntua eta hitza sukalde eta etxe giroan gelditzen zen; ez zen kalera hainbeste ateratzen. Bada modu bat lehenengo pertsonan bizipenak azaltzeko. Horrek ez du esan nahi diskurtso feminista bat daukanik, baina neska bat da bizipenak kontatzen dituena.

      Nola igotzen dira bizipenak oholtzara?

      Zure esperientzietatik abiatzen zara sortzeko orduan. Ni, neurez, erdaldun berria naiz. Nire garaian pentsatzen nuen gazteleraz banekiela, baina gero, Bilbora joan nintzen ikastera, eta ulertu bai, baina hitz egin, batere ez. Azkenean, niretzat terapeutikoa ere bada, eta besteentzat ere suerta liteke. Nitaz ere barre egin zuten bere garaian.

      Ez dira garai onak umorearentzat.

      Txiste bat egin, serioegi hartu, eta ikusi nola joan daitezkeen gauzak. Umorearen barruan adar ezberdinak daude: ironia, satira... eta jakin behar da zein eremutan ari garen. Pailazo bat ikustera joaten zarenean badakizu zein hizkuntza erabiltzen duen. Ikusi behar da zein intentzio dagoen horren azpian.

      Kultura politizatzen dela diote batzuek. Baina egin liteke antzerkirik politika egin gabe?

      Egin daiteke antzerkia politika egin gabe, baina gizartea politikatik bizi da. Azkenean, zuk antzerkia egiterakoan ez duzu helburu politiko bat; zu bizitzari buruz ari zara hitz egiten. Baina zenbaitek ikuspegi politikoa ikusten du.

      Antzerkia serioki jostatzeko modua dela esan izan duzu.

      Antzerkia jolas bat da, baina arau batzuk daude. Orduan, jolas guztietan bezala, arau horiek errespetatu behar dira, bestela ez baitago jolasik. Beraz, jolas bat da, baina serio hartuta. Gorde-gordeka izango balitz bezala. Ni gorde behar naiz, eta ondo gorde, harrapatzen banaute hilda bezala nagoelako.

      Bakarrik aterako zara gaur, baina talde lana da antzerkia.

      Antzerkiaz asko gustatzen zaidan gauza bat talde lana da. Besteak oker bat egiten badu konturatu gabe, zu hor zaude zuzentzeko. Eta alderantziz. Guztien artean ateratzen dugu aurrera.

      Nola ikusten duzu euskarazko antzerkigintza?

      Nik gogor eta emankor ikusten dut. Mugimendua badago.

      Zer gabezia ikusten duzu?

      Programatzaileak beldurrik gabe ibiltzea. Irabaztera joaten dira askotan. Heroiak programatuko dut seguru jendea joango delako, edo produkzio oso onak eta indartsuak, baina aukera eman behar zaie hasten ari direnei ere okerrak egiteko, eta hanka sartzeko. Horretarako, oholtza behar dute, eta norbaitek eskaini behar die.