Iker Galartza: “Euskal antzerkia pobrea izan da beti, baina kalitate oneko lanak egiten ditugu”
Irati Garikano
Berria, 2012-07-26

      Urtarrilean aurkeztu zuten “Hil arte bizi” antzezlana, eta 40 bat emanaldi egin dituzte dagoeneko. Iker Galartzak, Sara Cozarrek eta Joseba Usabiagak tragikomedia serio eta dibertigarria antzezten dute.

      Telebistan nahiz agertoki gainean aritzen da Iker Galartza (Amezketa, Gipuzkoa, 1978). Hil arte bizi antzezlanarekin dabil orain, Sara Cozar eta Joseba Usabiagarekin batera. Javier Veigarena da jatorrizko testua, eta Galartzak berak euskaratu eta euskaldunon errealitatera ekarri du. Donostiako Antzoki Zaharrean antzeztuko dute, gaur hasi eta 29ra bitarte, 20:00etan.

 

      Zein da antzezlan honetan kontatzen duzuen istorioa?

      Betirako lagunak izango zirela uste zuen hirukote baten istorioa da. Gaztetan elkarrekin ibili ziren, baina, halako batean, traizioa egongo da norbaiten aldetik. Orduan, hirurek elkarri hitz egiteari utziko diote. Gainera, hiru horien artean bikote bat dago, eta hori ere desegin egingo da. Haien harrigarri, bat hiltzera doala jakingo dute, eta hor hasiko da dilema: lagun bati edozer barka geniezaioke? Hasiera batean, agian ez; baina, horietako bat hiltzera doala jakinez gero, azken unean ez al diogu barkatuko? Tragedia bat dirudien arren, ez du zertan gaizki bukatu.

      Zer moduzko harrera izan du obrak ikusleen artean?

      Sekulako harrera izan dugu. Joaten garen tokira joaten garela, antzokiak bete egiten dira; jendeak berriro ere ikusten du. Euskarazko antzerki obra bat, horrelako dekoratuekin, aktore euskaldunekin... kategoria handiko lana da. Gainera, adin guztietako jendea etortzen da gu ikustera: gazteak nahiz helduak, barre egin, eta, aldi berean, hunkitu egiten dira. Topikoa da, baina familia osoarentzat aproposa da antzezlan hau. Urtarrilean hasi ginen antzezten, eta dagoeneko 40 emanaldi egin ditugu; urte amaierarako beste 30 emanaldi lotu ditugu. Hori sekulako arrakasta da; batez ere, euskararen eremu txikia kontuan hartuta. Dena den, propaganda hoberena ahoz ahokoa da dudarik gabe. Nahiz eta iragarkiak eta kartelak jarri, gauza batek funtzionatzen ez badu, alferrik da.

      Zer moduzko etorkizuna ikusten diozu euskarazko antzerkigintzari?

      Nire ustez, sekulako maila dago. Ez dut esango etorkizun ona ikusten diodanik, beti egoera txarrean dagoela dirudielako. Negozio honetan, euskarazko antzerkia pobrea izan da beti, baina kalitate oneko lanak egiten ditugu. Oso idazle, zuzendari eta artista onak ditugu, ez dugu ezeren inbidiarik izan behar. Antzezlan baten atzean lan handia dago, eta hori baloratu behar da. Alde guztietatik saiatu behar dugu euskal antzerkigintza bultzatzen.

      Antzerkiaz gain, Goenkale-n eta Vaya Semanita-n ibilia zara; telebistara itzultzeko asmorik ba al duzu?

      Jarraitzeko asmoa badut inork deituz gero behintzat, lanerako gaude eta. Lan gutxirekin zabiltzanean, planteazen duzu beste zerbait egiten hastea, hontatik bizitzea oso zaila delako. Telebistan ez da garai batean bezala lan egiten; inork ez zaitu kontratatzen sei hilabeteko lan baterako, eta, beraz, ez duzu egonkortasunik. Astebete grabaketetan aritu, eta beste hiru hilabete geldirik zaude; bitartean, antzerkitik bizitzen saiatzen zara, baina horrela ibiltzea oso zaila da. Niri telebista asko gustatzen zait, eta aukera izango banu, itzuliko nintzateke. Batzuetan, asebetetzen ez zaituen lan bat eskaintzen dizutenean, ez duzu jakiten onartu ala ez; gero damutu egiten zara, askotan hobe izaten delako oso gustukoa ez duzun lan bat egin, eta ogia etxera ekartzea.