Konpainia aldaketa sakon baterako bidean dago, ezta?
Xabier Garai: Bai, trantsizio garaian gaude. Orain arte formatu batean funtzionatu dugu baina errealitateak erakutsi digu ezin dugula horrela jarraitu. Kanpora begira berdin jarraitzen dugu, baina barneko egitura da aldatu behar duguna. Kooperatiba baten moduan funtzionatu izan dugu orain arte eta hori aldatzera doa.
Ander Lipus: Konpainiaren bihotzak “tik!” besterik ez du egiten. “Tak!” ez du egiten. Ilusioa galdu dugu. Eta ezin bada jarraitu, bukatu egingo da. Eta hor guk erru handia izango dugu baina uste dut ez dela sentsibilitaterik egon gure lanarekiko. Eusko Jaurlaritzaren politika kulturalaren barruan ez da aintzat hartzen 20 aktore herri txiki batera joatea teatroa egitera, eta militantziaz egin ditugu horiek guztiak. Horrek erre egiten zaitu azkenean eta konturatzen zara erabiltzen dituzun hitz horiek klixe bihurtzen direla: ikerketa, esperimentazioa... eta ni potrotaraino nago, ez dut gehiago ikertu nahi, ezta alternatiboa izan ere... hori guztia kaka bat da. Herri honek ez du merezi, dirudienez, antzerki hori.
Zertan aldatu dira gauzak konpainia sortu zenutenetik?
A. Lipus: Konturatu gara oso gazte hasi ginela, ilusio askorekin baina baita hutsune handiekin ere. Hezurdura bat sortu genuen baina hezurdura horrek utopia gehiegi zeraman eta praktikotasun gutxiegi. Krisi hori lehenik barruan eman zen, konturatzen hasi ginen proiektuak aurrera eramatea gero eta zailagoa zela. Hasieran genuen indarra ezin genuen mantendu, zeren norberak ere bizi egin behar du. Iritsi da momentu bat non enpresaren gastuak kristorenak izatera iritsi diren, eta zuloa handituz joan den. Gainera, zure herrian bertan ez dizutenean teatroa egitera deitzen, eta tailerrak ere zuk antolatu behar dituzunean, kontraesan asko sortzen zaizkizu barruan. Bat-batean ikusten duzu zure barku hori kolokan dagoela, eta horrela ezin duzula biziraun.
Zein ziren hasierako ilusio eta utopia horiek?
A. Lipus: Amets handiegiak ziren agian. Antzerki Nazional Dramatiko Alternatibo bat sortzea Euskal Herrian. Guk bagenituen gure musikariak, idazleak, jantziak egiten zituena, argazkilaria, web orria, aktoreak, argiztapen arduraduna... Aurrera egiteko behar genuen guztia bagenuen. Baina konturatu gara hori mantentzea ezinezkoa dela. Gure ofizioa ez da enpresari izatea, gainera, eta hor beste errealitate batekin egin dugu topo.
Zein errealitate?
A. Lipus: Nik konpainiarentzat soldata duinak, minimoak, lortzeko hamar antzerki obra batera egin behar ditut. Gero, ordea, aktore bat joaten da Heinekenen iragarki bat grabatzera eta egun batean kobratzen ditu nik hamar emanalditan adina. Errealitate horrek erre egiten du. Ikusten duzu ofizioak ez daudela berdin neurtuta, berdin baloratuta. Eta gure ofizioa nahiko artisau lana izan da orain arte baina, noski, ez du konpentsatzen zeren ordu pila bat sartzen dituzu eta askotan ezertarako ez. Hor “stop” esan beharra dago, zeren arriskua dago merkatuaren makinaria horrek zu ere irents zaitzan.
Eusko Jaurlaritzaren kultur politikak errealitate hori samurtzen laguntzen al du?
X. Garai: Antzerkian Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak ekoizpenerako baino ez dira. Agian 20.000 euro emango dizkizu eta hori ondo dago, baina guk nahi duguna da emanaldiak egitea. Antzokia kudeatzen duena ez da pertsona bera, eta horren beharrak ezberdinak dira. Orduan Eusko Jaurlaritzan esaten dizute oso proiektu interesgarria iruditzen zaiela, muntatzen duzu kristoren obra esfortzu humano eta ekonomiko ikaragarriekin, eta gero udaletako teknikariak ez zaitu kontratatzen. Hor irizpide bat egon behar du. Nahiago dut dirulaguntzarik ez ematea baina emanaldiak egotea.
A. Lipus: Hor badago arrisku handi bat, zeren egungo kultur politikak bi edo hiru antzerki talde besterik ez ditu bultzatzen. Eta horrek konpetentzia dakar eta horren ondorioz antzerki taldeen arteko komunikazio falta. Gauza guztiek izan beharko lukete lekua, baina eskuindar politika madarikatu honek egiten duena da guztia birrindu. Jende honek beldurra dio aldaketari, beraiek ikusi nahi dutena ikusi behar du publikoak ere. Arrisku handia dago, kostunbrismoan jausteko. Badirudi euskal antzerkia Todos nacemos vascos hori dela! Klixe erraldoiak eraikitzen dira horrela, modaz guztiz pasatuta dauden klixeak, eta errealitatearekin inongo zerikusirik ez dutenak. Nik uste dut euskal publikoak espero dituela antzerki obra batzuk non kritika bat edo probokazio bat ematen den, forma berriak aurkitu nahi dituela.
Au revoir triunfadoreak zuen azken antzezlana “konpainiaren barne kontsumorako produktu” zela egin zizuen kritika Agus Perezek Berrian. Ikusle arruntenganako zubiak apurtu nahi izan bazenituzte bezala...
A. Lipus: Asko pentsatzen dut horretan, pila bat. Eta nire apustu estetikoa zalantzan edukitzen dut batzuetan. Baina, hala ere, gure lana zabala da, ikuskizunaren munduan aurkeztutakoaz harago doana. Ritos ekin, esaterako, herriz herri ibiltzen gara eta jendeak barre asko egiten du eta dibertitzen da eta ulertzen du dena. Yuri Sam agian kultukoa da, rock talde batek harmoniko arraro batzuk sartzen dituenean bezala. Orain prestatzen ari garen obraren erronka horixe izango da, obra kostunbrista egitea, Txekhov bat. Mundu guztiak ulertu dezan, pastoral bat. Hala ere, kontua ez da masa fenomeno bat bilakatzea. Agian irla txikietan funtzionatu behar dugu. Hor ikusi behar da sozialki jendea noraino dagoen parte hartzeko prest. Bertsogintza, adibidez, orain bizirik dago, esperimentatzen ari delako, jolasten ari delako, bidaiatzen. Bestela, putzu batean legoke, ez litzateke erreka izango.
X. Garai: Eta hezkuntzak ere garrantzia handia dauka. Jendea ez dago ohituta gauza ezberdinak ikustera, programatzen den antzerki guztia linea berean doalako. Jendeak aukera izango balu mota guztietako lanak ikusteko, beste jarrera bat izango luke gauza ezberdinen aurrean.
Formazio eta ikerketan, Artedramarekin esfortzu handia egin duzue azken hiru urteetan. Jarraipenik izango al du?
A. Lipus: Guztia pikutara bidali dugu. Ez dago ilusiorik. Dinamika bat ohitura bilakatzeko arriskuan dago. Lehen aldiz Artedrama egin genuenean helburua zen euskal konpainia ezberdinen modeloak erakustea, bakoitzaren tresnak azaldu eta debatitzea, Maskarada eta Tobera mustren forma zaharretatik, tradizioetatik, Gaitzerdiren edo Maite Agirreren antzerkiraino. Baina hori guztia nonbait biltzeko dirua eta lana behar da, ikerketa serio bat egin. Hogeita bost karpeta dauzkat apuntez beteta. Meyerhold euskaraz, Kathakali eta Noh antzerkiak euskaraz... baina nik horretarako ekipo profesional bat behar dut, zeren ni ofizioz aktorea naiz; ez naiz ez idazle, ez teoriko, ez antropologo, ez filosofo, ez eta poeta ere! Aktore puta bat naiz, eta hori besterik ez dakit egiten.
Euskal antzerkigintzan lan zabalago baten beharra ikusten duzue, hortaz?
A. Lipus: Nik uste ofiziokook gehiago elkartu beharko genukeela, nahiz eta artistak batzuetan gureari soilik begiratzen diogun. Politikoek ikusi behar dute kultura ez dela dirua ateratzeko, kultura bultzatzea herria espiritualki aberastea dela. Eta hori ez badago, hipokrita hutsak dira. Jarrai dezatela diru guztia armetan gastatzen! Faltsuak!
Nire ustez beharrezkoa da kultur diziplina guztiak komunikatzea, mundu indibidualista horretan jausi gabe. Euskal Herria oso txikia da eta posible dugu. Beharrezkoa da gelditzea eta hastea sortzen euskal kultura hori, bere sinpletasun edo konplexutasun guztiarekin. Baina sor dezagun zerbait! Gure gizarteak nortasun bat edukitzen jarraituko duela bermatzeko, zeren bestela denak yankiak izango gara laster.
Komunikazio zubi horiek eraikitzea ez da egun batetik besterako lana ordea...
A. Lipus: Zaila da, bakoitzak bere momentua duelako. Eta gauzak garbi ikusteko gelditu beharra dago. Hala ere, ni orain gelditu naiz baina beste bat justu ekoizpen berri batean sartuta dabil, eta ezin du. Zaila da benetan. Norberak bere nortasuna dauka, bere behar pertsonalak eta errespetatu egin behar da. Gauza bat utopia da, baina alde humanoa ere ezin da ahaztu. Baina bai, egia da komunikazio hari horiek kaka eginda daudela gaur egun eta gehiago landu beharko genituzkeela. Pertsonalitate bat bilatu behar diogu gure herriari, eta ez Europako estrukturak kopiatuz, baizik eta imajinatuz eta lan eginez, elkar eraikitzen, inprobisatzen. Sor dezagun elkarrekin, jolas dezagun!