Mikel Martinez aktore eta Tartean Teatro taldeko kidea Cafe Bar Bilbao tabernako jabea ere bada. Bi elementu horiek uztartuta sortu zen duela hamabi urte Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko Gidoien Saria, antzerkiaren oinarrian dagoen hitza gorestea helburu duena. Urte bukaera arte luzatuko da antzezlanak aurkezteko epea. Lanek 30 minutuko iraupena beharko dute izan, gehienez ere.
Zein da sariketaren helburua?
Antzerkirako sormen prozesuan garrantzitsuena izanik ere, askotan ahaztuena da testua, behar besteko garrantzirik eman gabe pasatzen da. Sariketak, hain zuzen, testua du ardatz, istoriorik ez badago ez dagoelako ezer. Idazlearentzat edo gidoilariarentzat ere lan zaila izaten da, sortutako antzezlanak gehienetan tiraderaren batean amaitzen duelako, bereziki idazleak antzerkiarekin harreman zuzenik ez badu. Argitaratu ere, ez da sobera argitaratzen, oso gutxi saltzen delako irakurtzeko den antzerkia. Antzerki talderen batek espresuki eskatuta ez bada, aukera eskasa du antzezlanak taularatzeko. Lehiaketa xume honen helburuetako bat horixe da, teatroa idaztera animatzea, horretarako aitzaki bat izatea. Egilea eta gidoigintza bultzatu nahi dira.
Nolako irtenbidea ematen dio sariketak irabazleari?
1.200 euroko saria eskuratzeaz gain, prentsan izan dezakeen oihartzuna izango du bere alde. Bestalde, Tartean Teatroko webgunean ere argitaratzen dugu antzezlana. Ez beti, baina posible den heinean, eta Tartean Teatro taldeak ematen digun aukerari esker, gidoi irabazlearen irakurketa antzeztua egiten dugu.
Publikoarengana hurbiltzea edota antzezlanaren ikusgarritasuna erraztu nahi dugu. Irakurketa dramatizatuari esker oso ondo ikusten da antzezlana nolakoa izan litekeen eta horrela errazagoa da gerora teatrogileren baten interesa piztea.
Zergatik teatro laburra?
Formatu interesgarria da, balizko ekoizpenerako erraza delako. Teatro labur zeri deitzen zaion zehaztea zaila da, baina esan daiteke baliabide gutxi behar dituzten obrak direla, bai aktoreen kopuruari begira, bai arlo teknikoaren aldetik ere. Ordu erdiko luzera duten lanak dira, gutxi gorabehera. Hala ere, ordubeteko lana ere egin daiteke hitz gutxirekin, eta alderantziz, testu luzeagoa izan eta ordu erdi besterik ez osatu. Normalean ekoizpen errezako lanak saritzen dira, eszenografia xumekoak.
Oro har, testua irakurtzearekin batera sumatzen da lanak ekoizpen garestia beharko ote duen. Oso gauza subjetiboa bada ere, guk baloratzen duguna eta saritzen duguna taularatzeko erraza izatea da, balizko ekoizpenerako betiere.
Sari bana, euskaraz eta gazteleraz egiten diren gidoietarako.
Bai, baina batez ere euskarazko gidoigintza interesatzen zaigu. Gehiagotan eta hobeto iragartzen dugu euskarazkoa, bulkada berezia ematen diogu. Agian horregatik ez dago hainbesteko aldea euskaraz eta erdaraz aurkezten diren lanen artean. Gazteleraz aurkezten diren lanak 40 bat izaten dira eta euskarazkoak 17 inguru, baina nik badakit, antzerkiaren mundua ongi ezagutzen baitut, euskaraz 17 lan jasotzea mordoa hartzea dela. Marka handia da guretzat. Oso pozik gaude parte-hartzearekin. Gero, pena da saria bakar bati eman beharra, eta asko batere gabe utzi beharra, saria merezi arren, maila ona delako.
Bestetik, gaztelerazko gidoien egileak, EAEkoak eta Nafarroakoak izan behar dute, azken finean, baliabide gutxi ditugu eta, aurten, aurreko deialdietan ez bezala, Hego Euskal Herriko egileetara mugatzea erabaki dugu. Euskaraz aldiz, Euskal Herri osotik ez ezik munduko edozein tokiko antzezlanak onartzen ditugu.
Zer ezaugarri izan behar ditu antzerkirako testu on batek?
Kontatzen dena edota kontatzeko modua, originala izan behar dute. Emozioak sorrarazi behar ditu, barrea, negarra, beldurra edo jakin-mina; ondo garatua behar du, antzerkiak eskatzen dituen inflexio-puntuak ongi zehaztuta; irakurtzean lotzen duen horietakoa izan behar du testuak, alegia istorioak ona izan behar du, edo oso ondo idatzia behar du eta horretarako hizkera aberasgarria erabili. Ona izan dadila, azken finean.
Bitxia da ekimen pribatu batek antzerki sariak banatzea edota bultzatzea eta Eusko Jaurlaritzak berak ez izatea antzerkiaren eta dantzaren gaineko saririk.
Santurtzin izan zuten gidoi sariketa, baina hura ere kendu zuten. Bai, berezia da, taberna bat izatea gidoigintzari saria ematen diona, baina jabea nor den jakinez gero, ez da hain harrigarria! Imajinatzen dut txalotzeko moduko ekimena dela, baina gurea ekimen xumea da hala ere. Oso zalea naiz eta gidoigintza edo egileak bultzatzea oso garrantzitsua iruditzen zait.
Edozein idazlek egin dezake teatrora jauzi?
Bai, edozeinen esku dago. Sarian parte hartzen duen jendearen artean denetarik dago, ezagunak eta hasiberriak; normalean antzerkirako idazten ez duten idazleak, baina saria medio animatzen direnak eta antzerkirako gauzak eginak dituztenak; eta inoiz idatzi ez duenak, inongo generotan. Badira bizitzan lehenen aldiz idatzi izanagatik gauza izugarri onak aurkezten dituztenak, eta hain ondo egiten ez duten antzerkigile ezagunak ere... Zaila da bakar bati saria ematea, beti da bidegabea.
Betiere, gizonak nagusi gidoigintzan.
Antzerkigile bezala, emakume gutxi dago, bai. Behin Aizpea Goenagak irabazi zuen, baina egia da, aurkezten diren antzezlanen artean parte-hartzea askoz ere txikiagoa da emakumeena, bostetik bat izango da haiena, baina ez dakit zergatik. Aktoreen artean ez dago horrenbesteko alderik baina egileen artean bai. Agian, emakumeek berdin idazten dute, baina ez dira sarietara aurkezten.
Nola ikusten duzu euskal antzerki eszena?
Gazte-piloa ikusten dut gauzak egiten, baina euskararekiko jarrera nahiko ahula dela esango nuke. Eskertuko nuke jarrera aktiboagoa erakutsiko balute. Iruditzen zait, gure sasoian, arlo guztietan bezala antzerkian ere, euskararen aldeko jarrera hobea zegoela. Adibidez, Maskarada bezalako proiektua pentsaezina da gaur egun.
Antzezlanetan oso garrantzitsua da jatorrizko hizkuntza euskara izatea, eta ez izatea itzulpena edo moldaketa. Horrela eginez gero, jatorrizko hizkuntza euskara bada, badakizu zein publiko motara hel zaitezkeen, zeintzuk diren zure aukerak eta zailtasunak. Erdarazko antzezlan baten gainean lan egiten baduzu eta, halako batean, horren euskarazko bertsioa egitea bururatzen bazaizu, aukera ugari du euskarazko bertsio horrek txarto irteteko.