Oier Zuņiga: “UPNk bultzatu duen ikuspegia da hobbyrako sorkuntza”
Reyes Ilintxeta
Argia, 2015-03-22

      Boteretsuek badakite imajinatzeko gaitasuna duen pertsonak arazoei aurre egiteko eta errealitatea interpretatzeko baliabide propioak dituela, eta hori ez zaie interesatzen, noski.

 

      Nola hasi zen zure harremana antzerkiarekin?

      Txikitatik datorkit. Beti kontatzen dut nola amak hiru anaiok antzerki obra bat edo pailazoak ikustera eramaten gintuenean, ni berehala algaraka hasten nintzen pozik. Haur eskolako urteak Izartegin eman nituen eta handik ditudan oroitzapen bakanetako bat da egunero mozorroen txokora eta eskuekin horman margotzera joateko irrikaz egoten nintzela. Geroago, San Fermin ikastolan, 6 bat urterekin neuk eskatu nion amari gorputz adierazpena eta antzerki tailerrera eramateko. Margogintza, musika eta antzerkia, bereziki, oso gustuko izan ditut beti.

      Zergatik lehenbizi Arte Ederrak eta gero Nafarroako Antzerki Eskola?

      Oso garbi neukan antzezlea izan nahi nuela, baina Arte Ederren fakultatea ikusi eta gustatu zitzaidan. Nire lagun batzuek joan behar zuten eta ni ere animatu nintzen. Hura bukatutakoan Antzerki Eskolara etorri nintzen. Oso pozik nago. Ez dut neure burua ikusten artista plastiko handi baten gisan lanean, baina han ikasi nuen guztia oso baliogarria egin zait aktore lanerako. Musika ere asko interesatzen zait. Saxofoia eta txistua jotzen ditut. Urte askotan txaranga eta fanfarreetan jo izan dut eta antzerkiko muntaia batzuetan ere erabili izan dut. Musika ikastea eta musikarekiko sentsibilitate hori lantzea oso garrantzitsua da. Edozein herritarrek jaso beharko luke oinarrizko formakuntza, batez ere musikaz gozatzen ikasteko. Zeinen ederra litzatekeen kultur hezkuntza eta sormena baloratzen dituen jendartea lortzea!

      Antzerki ikasketak motz gelditzen dira gaur egun?

      Antzerki eskola bakoitzak badu bere estiloa, bere bidea, eta nik uste dut, oro har, antzerki ikasketa guztiek oraindik lehenagoko eskemetan segitzen dutela. Beste diziplinetan dauden ikastaroak, graduondoko ikasketak, laborategiak… antzerkigintzan falta dira. Uste dut artearen munduan zutabe zurrunetatik gero eta gehiago ari garela aldentzen. Malgutasun horren adibideak ditugu arte fakultateetan egiten diren diziplina arteko mintegiak. Horiek, azken finean, gure bizimoduaren isla dira. Artea gero eta likidoagoa da, bere zutabeak gero eta likidoagoak dira, egiten diren fusioek, performanceek eta nahasketek erakusten duten bezala. Adibide on bat da Dantzaz konpainiak Donostia 2016ko programazioaren barruan antolatu dituen mintegiak: dantza da bizkarrezurra baina hainbat alorreko pertsonekin elkarlanean: futbolariak, sukaldariak eta abar. Sorkuntza eta zehatzago antzerkia bada kosmosa ulertzeko bide bat. Egoera imajinarioen bidez egoera ezberdinak bizitzeko aukera eta mundua ulertzeko baliabideak ematen dizkit niri eta Arte Ederrak ikasi izanak izugarri laguntzen dit. Beste sormen iturrietatik edateak errekurtso gehiago ematen dizu beti. Prisma irekitzen dizu gauzak pentsatzeko moduan.

      Laborategiak diozu Ander Lipusek eta Artedramak egiten dutenaren ildotik?

      Artedramak antolatzen dituen ikastaroak antzerkigintzara soilik daude bideratuta. Oso beharrezkoak ikusten ditut halakoak ere, oinarrizko formakuntza ikasi eta entrenatu behar delako, baina gero norberak hartzen duen bidea oso garrantzitsua da eta polita litzateke baliabide horiek guztiak modu kolektiboan landu ahal izatea. Madrilen Arte Ederren zirkuluan jarri dute martxan bi urteko masterra artista integralentzako. Hor diziplina guztietako profesionalak daude eta ikasleek denetik probatzen dute.

      Gustura eginen zenuke?

      Bai, baina 12.000 euro balio du.

      Nola dago antzerki ikasketen homologazioaren gaia?

      Antzerkigintzan askotan gertatzen da eskola pribatuak eta akademiak daudela, homologaziorik gabe, bakoitza bere bidearekin. Gaur egun gehienak eskola pribatuak dira. Sare publikoan, Espainiako Estatuan, Madrilgo RESAD, Bartzelonako Institut de Teatre eta beste zortzi bat eskola gehiago daude, besterik ez. Heldu den urtean zabalduko da Euskadiko Arte Eszenikoen zentroa Bilbon. Nafarroako Antzerki Eskola askotan saiatu da bere ikasketen homologazioa eskuratzen baina ez du lortu. Nafarroako Gobernuaren aldaketa batekin etorriko litzateke aldaketa hori, inoiz etortzekotan.

      Eta euskarazko antzerkigintza nola dago?

      Hizkuntza minorizatua gara bortxaz, eta horrek eramaten gaitu sorkuntzan, oro har, erresistentzia puntu batetik abiaraztera. Euskarazko antzerkia gero eta gehiago egiten da, azken urte hauetan, ez behar hainbeste ziurrenik, baina askotan produktua ez da ona. Ongi dago saiatzea eta garrantzitsua da mugimendua egotea eta aritzea gelditu gabe, baina uste dut sortzaileok gehiago exijitu beharko geniokeela geure buruari. Ematen du euskaraz egite hutsagatik jada ongi dagoela eta badira beste kontu asko: zer nolako sorkuntza egiten dugun, zer maila duen, norentzat egiten dugun, zer helbururekin… Ikusten dira erdipurdiko lan batzuk euskal komunitatean izugarrizko oihartzuna dutenak. Eta hori lortu beharko lukete kalitatearengatik, ez euskaraz egoteagatik. Gauza bera gertatzen da liburuekin. Ongi iruditzen zait mundu guztiak aukerak izatea bere lanak argitaratzeko, baina non dago muga? Guztiak maila berean daude? Nik hor zalantza asko ditut. Jakin beharko genuke bereizten.

      Halako nahasketa gertatzen da Nafarroan antzerki amateur eta profesionalarekin. Badira muntaia amateur batzuk oso onak direnak, baina amateurrak, eta kultur-etxe askotan horiek programatzen dituzte profesionalak beharrean. Antzerki amateurrak sortzen du antzerkiarekiko interesa eta mugimendua, eta meritu hori du, baina tokia denontzat egon beharko luke.

      Norena da errua?

      Errua programatzaileena da eta kulturaz egiten den kudeaketarena. Hori orokorra da. UPNk bultzatu duen ikuspegia da hobbyrako sorkuntza. Horren adibide ditugu musika eskola guztiak. Oso polita da gure seme-alabak medikuntza ikasi eta gainera abesten badu edo biolina jotzen badu, baina arazoa dator seme-alabak biolin-jotzailea izan nahi duenean.

      José Ignacio Wert Espainiako Kultur ministroak esan du Arte Hezkuntzak eta aukerako ikasgaiek distraitu egiten dituztela ikasleak.

      Flipantea da hori. Juxtu kontrakoa da. Sorkuntzak baliabideak ematen dizkizu azaletik harago dauden geruza guztiak irakurtzeko. Oso topikoa da, baina egia borobila: arteak kontzientziak pizten ditu eta mundua ikusteko beste prismatiko batzuk ematen dizkizu. Boterean daudenei, noski, ez zaie hori interesatzen. Imajinatzeko gaitasuna duen pertsonak arazoei aurre egiteko baliabideak ditu. Arte Ederretako irakasle batek kontatu zigun nola behin Apolo XIII espazio-ontzian arazo bat sortu zen eta Houstonera deitu zutenean soluzio bila, handik esan zieten buruari eragiteko eta inguruan zituzten gauzekin moldatzeko. Eta horrela sortzen da sorkuntza lana. Arriskatze eta sortze-saiatze horretan dago koxka.

      Hau izan al da zure kasua? Kontzientzia horrek eraman al zaitu Segi mugimenduko partaide izatera ala gazte garaiko kontua izan da?

      Denetik pixka bat, baina ez da txorakeria izan eta ez naiz ezertaz damutzen. Konplikatua da. Iruñean jaio nintzen familia abertzale batean. Aita euskaldun berria zen eta txikitatik jaso nituen herri honekiko maitasuna eta kezka. Honek kontzientzia piztu zidan eta ingurura begiratzea aski da hemen arazo politiko bat dagoela ikusteko. Ez diet buelta asko ematen teoria politikoei. Halako mugimenduetan inplikatzera eraman nauena injustizia izan da beti. Horregatik beti ibili naiz, eta egun ere banabil, herri mugimenduetan oso sartuta. Naizenaren isla da hori guztia. Hala ere, lehentasun emozionala beti sorkuntzan eta artean izan dut.

      2009an, atxilotu eta urtebete kartzelan eman zenuen Soto del Realen eta Herrera de la Manchan. Zer nolako bizipena izan zen hura?

      Zerbait ezabatzekotan atxiloaldia, inkomunikatuta egon nintzen tartea, litzateke. Burutik, bihotzetik eta bizitzatik kenduko nuke niri eta jende askori gertatu zaiona. Kartzelan gertatzen dena bada bizitzaren metafora absurdu bat. Botere piramideak oso markatuta daude, bizitza errealean bezala, baina eremu mugatu hartan: diru pixka bat dutenen eta ez dutenen arteko aldeak ikaragarriak dira, gizonen arteko indar eta botere harremanak ematen dira, sexualitateaz edo joera sexualez hitz egitea pentsaezina da… Dena da oso bortitza, oso muturrekoa. Egoera horretan bertan biziraupena bihurtzen da lehentasun. Niri gogorrena egin zitzaidan nire borondatearen aurka hor egon behar izatea. Une lasaiagoak ere baziren. Erretiro espiritual bezala hartzen nuen batzuetan eta sorkuntzarako tarteak bilatzen nituen. Soto del Realen oso baliabide gutxi genuen, debekatua zegoen dena. Pentsa ezazu koloretako orriak ere debekatuta genituela. Beste preso batzuekiko tratuen bidez koloretako arkatz batzuk eskuratu eta lanean hasi nintzen nire margotze adieraren muinera iristeko asmoz. Margotzearen esentziaraino nahi nuen iritsi. Neure hizkuntza plastiko propioaren bila ibili nintzen urte osoa. Eta gauza arinagoak ere egin nituen. Eskutitz guztietan marrazkiak bidaltzen nituen eta jende askok gordeta dauzka.

      Zer gogoeta egiten duzu zure jarduera politikoaz?

      Ez dut sentitzen bereziki politikan ibili naizenik, dena politika delako, azken finean. Ez dut esaten mundu guztiak etengabe lubakietan edo lehen lerroan egon behar duenik baina ardura izatea normala da. Eta are gehiago sorkuntza alorrean. Obra bat edo artelan bat egiten dugunean, jendartean gertatzen den zerbait ari gara erakusten edo salatzen.

      Lau urte epaiketaren zain eta berrogei auziperatuak absolbituta. Nola bizi izan zenuen hori?

      Emozionalki bortitzena epaiketako urte hori eta beste urte batez itxaron behar izatea izan zen. Horrek hunkitu ninduen gehien. Denbora guztian ari zara pentsatzen kartzelara joan beharko duzun ala ez eta zenbat denborarako. Eta handik ateratakoan jarraitu ahal izanen ote duzun zure proiektuekin. Asko ginen eta uste genuen denak ez ginela libratuko. Azkenean suertea izan genuen. Absolbitu gintuztenean leihoak ireki ziren nire bizitzan.

      Epaia etorri zen Antzerki Eskolako ikasketen amaierarekin batera.

      Bai, eta amaierako muntaiaren estreinaldiarekin, Idiotas contemplando la nieve. Niretzat eta taldeko beste kideentzat ere, arrazoi desberdinengatik, berezia izan da lan hau. Eskola bera kinka larrian egon zen, ixtekotan, honen aldeko apustua egin zuenean.

      Ongi jaio eta bikain jarraitzen du. Orain otsaila eta martxoan itzuli zarete eszenatokira.

      Bai. Ekainean pozik gelditu ginen eta berriro programatu dugu. Ahoz aho mugitu da eta aretoa bete-betea egon da. Joan den asteburuan, adibidez, 700 pertsona baino gehiago egon ziren gu ikusten. Testua oso sendoa da, zoragarria, Alejandro Ricaño idazle mexikar gaztearena, eta zuzendaritza lan ikaragarria egin du Javier Pérez Eguarasek. Horretaz gain testuak duen gakoa da egungo jendartea, oro har, erretratatzen duela. Askotan gure ametsak gauza materialetan errotzen ditugu, albo batera utzita gure sentipenak, harremanak eta benetako balore garrantzitsuak. Baina halako batean elurra dator eta hari begira sentitzen dugu berriz hutsetik has gaitezkeela. Obra honek bukaeran itxaropenerako ate bat zabalik uzten du eta niretzat pertsonalki hala izan da.

      Zer aukera dituzue muntaia honekin?

      Gure asmoa da Iruñetik kanpo mugitzea eta horretan dabil eskola produktore eta banatzaile gisa, baina arazo handiak daude. BEZa esate baterako. %21eko BEZak nabarmen garestitu du antzerkia. Oso diru gutxi mugitzen da programatzeko eta ordaintzeko. Sektorea ahul dago. Nafarroan oso eskasa da dagoena. Edo telebistako aktore ezagunak ekarri edo talde amateurrak kontratatzen dira. Besteentzako ez dago deus. Egia da EAEn ohitura handiagoa dagoela antzerkia programatzeko eta jendeak ere ohitura handiagoa duela antzerkira joateko. Niri interesatzen zaidana da obra egitea eta jendeak ordu eta erdiko magia kapsula hori hartzeko aukera izatea.

      Bizi daiteke antzerkitik?

      Batzuk bai. Zailtasun handienak gazteok ditugu. Gaur egun, ni antzerkia egitetik soilik ezin naiz bizi. Diseinu lanak eta marrazkiak egiten ditut, beste batzuek klaseak ematen dituzte… Zaila da bizirautea, baina ez nau kezkatzen. Apustu hori aspaldidanik egina dut eta gainera gaur egun langile asko gara modu prekarioan bizi garenok.

 

 

Nortasun agiria

 

      Oier Zuñiga Pérez de Urabain, Iruñean jaioa, 1986ko azaroaren 3an. Aktorea, margolaria, diseinatzailea, musikaria eta hainbat herri mugimendutako partaidea. Arte Ederrak ikasi zituen EHUn eta antzerkigintza Nafarroako Antzerki Eskolan. 2009an Segiren aurkako sarekadan atxilotu eta urtebete eman zuen kartzelan. Iazko ekainean absoluzioa eman zieten auzi horretan epaitutako berrogei gazteei. Sortzaile belaunaldi berri bateko artista integrala.