Erika Olaizola: “Panpina antzezlanak norberaren alderdi deserosoak, desatseginak eta ilunak azaleratzen ditu”
Hitzen Uberan, 2019-10-31

      Erika Olaizolaren antza duen pertsonaia bat igoko da gaur oholtzara, Erika Rooibos izenekoa. Pertsonaiaren azalaren azpian arnasten duen aktorearen antza duen Erika bat izango da, parekotasunak dituena aktorearekin, baina era berean ezberdina dena.

      Erika Olaizolak 2014an dagoeneko buruan bueltaka zerabilen antzezlan hau egiteko ideia, Panpina titulua argi zuen oso, baina lehen urratsak eman arren proiektua ez zen mamitu ahal izan. Olaizolak esperientzia handia eman dioten proiektuak bizi izan ditu ordutik hona: Francoren bilobari gutuna antzezlanean pisu handiko pertsonaia jokatu zuen, Oreina filmean parte hartu zuen, Kaffka antzezlana zuzendu zuen Amancay Gaztañaga Kamikaz kolektiboko kidearekin batera, hainbat web-serieetan jardun da lanean azkenaldian... eta abar luze bat, ez baita geldirik geratzekoa. Oraingo honetan oholtzara bakarrik igotzeko beharra sentitu du, barruan zituen hainbat konturi antzerki forma emanez.

      Proiektua gauzatzeko orduan Olaizolak taldea osatu du bere inguruan: prozesuaren parterik handiena Leire Arenas artista plastikoarekin eta Oier Guillan idazlearekin egin du, Arenasek eta Olaizolak berak sortutako material eszenikoei tiraka osatu dute idazlearekin elkarrizketan testu eta dramaturgia definitiboak. Prozesuaren azken fasean Javier Barandiaran (kanpo begirada, argiak) eta Idoia Beratarbide (aholkularitza estetikoa) batu zaizkie lanera, eta Kamikaz kolektiboaren babespean aurkeztu du lana.

 

      Lehenik eta behin, zer da Panpina?

      Oso lan pertsonala den antzezlan bat. 2014. urtean jada izenburu hori baneukan buruan bueltaka, garai hartan saiakera bat egin nuen horren inguruan zerbait sortzeko, baina momentu horretan ez ziren baldintzak eman. Baina orduan, nolabait, Panpina bazen jada. Aurten, 2019. urtean, esaldi batek berriz ere aktibatu dit lana egiteko gogoa: “maitasuna egin zure itzalarekin”. Esaldi hori tipatu eta justu kointziditu egin zuen astebete falta zela Azpeitiko sormen beken deialdia amaitzeko, eta aurkeztu egin nintzen. Dena oso azkar joan da ordutik. Gutxira jakin nuen bekaren zati bat eman zidatela eta uztailetik hona oso erritmo azkarrean daramakigu sorkuntza. Proiektuak jarraitzen du Panpina izaten, baina oraingo honetan baliabideak eduki ditut haren atzean ze unibertso edo ze istorio dagoen esploratzeko. Bulkada bakarlana egitea izan den arren, argi neukan ez nuela prozesua bakarrik bizi nahi. Esperientziak zer edo zer erakutsi badit hori da, zeinen inportantea den helduleku batzuk edukitzea. Horregatik, Oier Guillanekin eta Leire Arenasekin elkartu nintzen “ni” horu “gu” bilakatu eta sormen prozesu hori kolektiboa bilakatzei, elkarrekin deskubritzeko behingoz zer zegoen Panpinaren atzean.

      Zein izan zen Panpina sortzeko oinarrizko bulkada hori?

      Kuriosoa da, bere garaian izenburua nekien oso argi, eta lehenengo garaiko saiakera hartan bazen norberaren alderdi ilunak, itzalak eta argiak esploratzeko gogo bat. Eneko Sagardoyrekin saiatu nintzen horretan; bazeuden intuizio batzuk, baina proiektua hor geratu zen. Orain berriz hartzerakoan azkenean deskubritu egin dut zer dagoen Panpinaren atzean, baina deskubritu ahala konturatu naiz inkontzienteki uste baino garatuagoa zegoela ideia nire baitan, agian ez istorio bezala, baina banituen intuizio eta irudi batzuk uste baino garatuagoak zeudenak. 2014. urteti, inkontzientearen kaxoi horretan izenburua baino gauza gehiago gordetzen joan banintz bezala izan da, eta orain inkontziente horri forma bat ematea izan da lana.

      Funtsean, zeri buruz hitz egiten du antzezlanak?

      Niretzat Panpina norberaren alderdi deserosoak, desatseginak eta ilunak azaleratzea da. Horiei begiratzen die lanak, horien onarpenerako intentzio bat dago, horiekin jolasten du. Pertsona bezala baditugu kapa ezberdinak, tipula batek bezala. Kapa horiek agerian jartzea izan da asmoa, biluztea, ni neretik baita nire emakumetasunetik ere. Oso barrura egindako bidea izan da, gero kanpora egiteko.

      Umorea ere garrantzitsua izan da lanketa horretan. Lan honetan saiatu naiz nire umorea topatzen, alderdi eroso zein ezerosoei aurre egiteko, alderdi ezberdinei leku bat egin ahal izateko. Alderdi batzuek grazia egiten dizute, beste batzuek ez hainbeste, baina guztiek dute leku bat. Guzti hau kontatzeko Erika Rooibos pertsonaia sortu dugu, bere bitartez joango gara ezagutzen alderdi ezberdin hauek: Erika Rooibosek maitasuna egingo du lehenengo aldiz bere itzalarekin. Xede horretan inportantea bilakatzen da publikoa, hor sartzen delako besteen begirada: noiz sentitzen zaren panpina, nola eragiten dizuten besteen epaiek... uste dut gauza asko aireratzen eta bisibilizatzen direla lan honetan.

      Bakarkako lan bat da honakoa, inoiz egin duzu lehenago halakorik?

      22 urte ingururekin, TAE eskolan ikasten nengoenean, bakarkako pieza labur bat egin nuen. Ordurarte Ane Arenasekin pieza motz ugari egin nuen, pieza haiekin gaztetxe eta kultur etxe ugari zeharkatu genituen. Ana Perezek eskolan ariketa modura titulu bat jarri zigun eta hortik abiatuta obra bat egin behar izan genuen -igual nire inspirazio iturriak tituluak dira (kar-kar)-. Lehiaketa batera ere aurkeztu nintzen, eta baita irabazi ere. Orain atzera begiratzen dut eta oso ausarta iruditzen zait, dena bakarka egin nuen, auto-zuzendu neure burua... etapa baten parte izan zen

      Ez zara autore baten testutik abiatu, norbaitekin idatzia izan da obra hau. Obra honetan agian ez zara idazlea, baina bai egilea. Zer da testua zuretzat?

      Nik hasieratik ez nekien zer izango zen Panpina, baina era berean oso inportantea ikusten dut testua egotea, balore dana ematen diot horri. Nahiz eta testutik abiatu ez Oier lehendik ezagutzen nuen, ikastaro bat eman zidan behin eta banekien Metrokoadrokan materiala sortzeko fase hori nola izaten den, eta uste nuen Panpinarentzako hori oso ondo etorriko zela, barruan nituen irudiak ateratzeko modu bat izango zela. Lehenengo fasea hori izan zen, puntu batetik aurrera elkarlanean joan gara sortzen eta idazten, Oierrek oholtza gaineko materiala jaso eta hitzetan jartzen zuen, ondoren berriz ere bueltan ematen zigun Leire eta bioi, dialogo batean bezala. Antzezlana ze kodigoan dagoen eta ze istorio kontatu nahi digun deskubritu dugu dialogo horren bidean.

      Gerora ikusi zaitugu Francoren bilobari gutunan, Oreinan... esperientzia pilatu duzu, zergatik orain bakarkakoa, zer espero duzu emango dizula?

      2014an ez zen momentua, eta orain hori oso klaro sentitzen dut, badagoela esperientzia gehiago niregan. Urteotan ikasi dudan guztia jaso eta orain da unea esateko: zer da nirea? Gustura egiten ditut enkarguak, baina nik zer kontatuko nuke momentu honetan? Hori esploratzeko gogoa eta beharra neukan. Gure ofizioan askotan egiten dugu lan besteekin, baina iristen da momentu bat zeinean zure burua kokatu behar duzun. Errespetu handia ematen dit lan honek, baina era berean, esperientzia honekin hazi egingo naizela uste dut.