Otsailean aurkeztu zuten May Gorostiagak eta Intujai teatroko kideek Ama-alu-lur (sorgin baten ametsak), Denonartean argitaletxearen eskutik. Izen bereko antzezlaneko testua jasotzen du liburuak, eta Juan Kruz Igerabidek idatzi du hitzaurrea. Elkarrizketa hau etxetik etxera egin dugu, oholtzak itxita eta liburuak -eskuratu ez duenarentzat- liburu-dendetan zain ditugun honetan.
Lehenik eta behin, zer moduz zaudete Intujaikoak, berrogeialdiko hirugarren astea den honetan?
Imajina dezakezu, bare baten sentipena barraskilo etxe batean bizita? Ba horrela. Hala ere asko ikasten ari gara egoera honetan, batez ere geure buruaz.
Intujai taldekoak antzerkilariak zareten heinean, ez zaizue erraza izango geldirik egotea. Nola bizi duzue zuen ofizioarekiko kezka une honetan?
Gure aldetik, beti egin dugun bezala, besteei irribarrea sortarazten edo hausnarraraztean saiatzen ari gara. Lehenengo momentutik entzun dugu lana etxetik egin beharko dugula eta gure ustez artista guztiok jarri gara buru-belarri eta elkarrekin bide horretan. Nahiz eta prekariotasuna argi nabaritzen den eta ez dugun ezer kobratuko lan honengatik, artista guztiok ulertu dugu hor egotea beharrezkoa dela eta gure leihoetatik edo sare sozialetatik dena ematen ari gara gure publikoari daukagun guztia eskaintzeko. Espero dugu egoera hau bukatzean, denek esfortzu hori gogoratzea. Erakundeek gure lana babestuz eta indartuz, publikoak inoiz baino gehiago gerturatuz zuzeneko ekintzetara, eta gu geu, artistok, gure artean gehiago elkar entzunez. Hasi da mutazioa!!!
Koronabirusaren gaiak eztanda egin zuen unean, Intujai taldeko kideak “Ahoz-aho” (Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia) ekimenean zenbiltzaten lanean. Bertan behera gelditu ostean bizi-bizi bultzatu duzue ekimen bat sare sozialetan, zeinetan jende ugarik ipuinak kontatu dituen. Nolakoa izan da esperientzia?
Aurtengo “Ahoz-aho” jaialdiko edizioa ez dugu inoiz ahaztuko. Hasita zegoen jaialdia eta Carolina Rueda, narratzaile kolonbiarra, gure artean zegoen. Ia hogeita lau ordutan dena bertan bera gelditu zen eta Carolinak ezin zuen bueltatu Kolonbiara, bere jirako emanaldi eta jaialdi guztiak bertan behera gelditu zirela ikusi ondoren... Egoera oso larria zen, eta kudeatzeko oso zaila. Hala ere lehenengo momentutik argi geneukan jaialdia ez zela geldituko eta nola edo hala “Ahoz-aho”k inoiz baino indar gehiago merezi zuela. Horrela sortu zen “Ahoz-aho: ipuinak ez dira geldituko” kanpaina. Irratietan eta sare sozialetan ipuinak izateko, egoera berezi honetan. Lehenengo momentutik narratzaile guztien inplikazioa ahaztezina izan da. Baita ere irratiena, eta plataforma ezberdinen partaidetza. Eta noski, etxean dauden guztien ipuinzaletasuna. Agian kuriosoa da, baino teknologiaren aroan, etxean konfinatuta, inoiz baino behar handiagoa daukagu istoriotxo bat entzunda gure arbasoekin konektatzeko...
Narratzaileen atzetik irakasleak, gurasoak, umeak... jende pilo batek bidali digu bideotxo bat ipuin bat kontatuz. Espero dugu “Ahoz-aho”ren hurrengo edizioetan zuzenean ikustea, edo antolatzen diren ipuin saioak gainezka ikustea hemendik aurrera ere.
Hau guzti hau gertatu aurretik, beste proiektu batekin ere etorri zarete plazara, Ama-alu-lur (sorgin baten ametsak) antzezlanaren liburua plazaratu duzue, Denonartean argitaletxearen eskutik, Juan Kruz Igerabideren hitzaurrearekin. Nola sortu da proiektu hau?
Bai, orain dela bi hilabete Ama-alu-lur (sorgin baten ametsak) liburua argitaratu zen. Juan Kruz Igerabideri eskerrak eman behar dizkiogu hor egoteagatik. Lehenengo aldia da antzezlan bat argitaratzen dugula eta bere babesa eta Denonartean argitaletxearen konfiantza ezinbestekoak izan dira.
Antzezlanak berak Donostia Kulturak bultzatutako 2018-19 Poltsiko Antzerki Saria jaso zuen, eta horri esker hainbat emanaldi eskaini dituzue. Liburua irakurtzen duenak ondo atzemango du antzezlanaren arima, eta beste era bateko esperientzia izango da?
Hasteko guk antzezlana oso barneratua daukagula esan behar dugu eta agian lehenengo aldiz irakurtzen duenaren freskotasunetik urrundu gara. Gure ustez irakurleak antzezlana ikusi badu argi izango du askotan ahazten dugun prozesuaren atal garrantzitsu bat: egokitzapena. Atal magikoa, egokipena. Gure lagun batzuk liburua irakurri dute antzezlana ikusi ondoren eta lehenengo inpresioa zera izan da: zer ondo dauden aprobetxatuta formatu txikiko antzerkiak ematen dituen errekurtso minimo horiek. Egokipenaren magia.
Eta irakurleak antzezlana ikusi ez badu imajinatu dezake atzean dagoen lana. Donostiako Poltsiko Antzerki Sarian proiektu bat aurkezteko, bakarrik lagin bat presentatu behar da. Saria irabaziz gero hilabete pare bat edo hiru dituzu testua bukatzeko, eszenografiak egiteko, aktoreak testua ikasteko eta entseatzeko eta egokitzapenaren lan magiko hori egiteko. Ama-alu-lur (sorgin baten ametsak) lanaren testuan nola edo hala prozesu hori guztia islatzen da: testua, egokitzapena eta entseguak ia batera joan dira eta ekipo osoaren batasuna hitz bakoitzean sentitzen da.
Bi esploratzaile kobazulo batean sartu eta alu erraldoi bat topatu dute… ez ohiko abiapuntua eskaintzen du lanak, gogoetarako bezala komediarako eta absurdorako bidea zabaltzen duena. Nondik sortu zen ideia?
2017ko uztailean albiste bat atera zen komunikabide guztietan: Errenteriako Aitzbitarte IV kobazuloan paleolito garaiko aurrekaririk gabeko grabatuak aurkitu zituzten, duela 15.000 urteko metro bat baino luzeagoko alu baten grabatua, besteak beste. Alu erraldoi bat!
Albistea irakurtzean Bea Larrañaga eta biok hasi ginen antzezlan bat egiteko ideia bati forma ematen, baina beste lan batzuetan buru-belarri geundenez, proiektua ordenagailuko karpetatxo batean utzi behar izan genuen… Urtebete pasa ondoren karpetatxoak esan zuen: “E, hemen nago!”… Proiektua berreskuratu eta ikerketaren fasean sartu ginen. Gure auzoko lagun bat, Iñaki Alonso “Indio”, espeleologo aditua denez berarekin informazioa bilatzen hasi ginen. Eta berari esker Diego Garate, espeleo-arkeologo aditua, ezagutu genuen. Bat-batean mundu zoragarri bat ireki zen gure aurrean: aluaren presentzia paleolito garaian ez da anekdotikoa. Han-hemen aurkitu ditzakegu aluen errepresentazioak eta gure antzezlanerako “super-galdera” hortxe zegoen: Baina zer gertatu zaigu 15.000 urte hauetan? Aurreratu… Ezer aurreratu dugu?
May Gorostiagak sinatzen du testua, Intujai taldearekin batera. Bea Larrañaga eta Itziar Saenz de Ojer dira aktoreak, zein neurritan hartu dute beraiek ere parte testuaren idazketan?
Intujai Teatro Bea Larrañaga eta ni neu gara, beraz hortik dator obraren esentzia. Testua osatzeko Ekaitz Goikoetxea eta Imanol Arabaolaza gure ondoan izan ditugu ere. Beraiek testurari emandako aportazioak ezinbestekoak izan da. Nire burutik sortzen den testua mendi bat bezalakoa bada, Ekaitzek eta Imanolek tantaz-tanta mendi hori leuntzen dute, barrutik haitzulo bat osatuz, bere estalaktita eta estalagmitekin, bere argi eta itzalekin… Eta kanpoaldera irteera-sarrera bat irekitzen dute gure bi aktoreek, Bea eta Itziar, abentura honetan sartzeko eta aluaren garrantzia kobazulo honetan zizelkatzeko… Obraren prozesuan Bea eta Itziarren aportazioa ez da bakarrik oholtzan ikusten, liburuko testuan ere oso argi ikus dezakegu. Hori ez da oso ohikoa antzerki obretan: aktoreen lana testuan islatzea.
Ekaitz Goikoetxearen bertsoak ere topatuko ditugu lan honetan. Zer funtzio betetzen dute bertsoek oholtza gainean, eta nola sortu zen kolaborazioa?
Erronka izugarria izan da eta emaitzak oso aberasgarriak, gure ustez. Ez genuen bertsoa, eszena bukaeretarako bakarrik izatea nahi… Nola edo hala bertsoak eta testuak bat izan behar zuten. Testua poetikoago bihurtu da bertsoei esker, eta ez bakarrik bertsoak daudenean… Poesiaz kutsatu da obra osoa Ekaitzen lanari esker.
Ez da oso ohikoa antzerkia paperera iristea, baina gero eta proiektu gehiago ari dira plazaratzen hori posible egiteko (EHAZE, Ganbila…). Zer nolako garrantzia ematen diozue duen antzerkia publikatzeari?
Ezinbestekoa. Argi dago antzerkia oholtzaratzeko idazten dela, baino hau esanda antzerki testuen argitaratzearen garrantzia azpimarratu nahiko genuke. Legatua. Balore historikoa. Eskertzekoa da argitaletxe nahiz elkarte ezberdinek egiten duten lana antzezlanak paperera eramanaz.
Formatu txikiko lanetan kalitate handia izan dezakete, eta esperimentatzeko eta publikoarekiko harreman zuzenerako aukera handia. Uste duzue, oro har, ez direla nahikoa baloratzen?
Oraindik ez da baloratzen behar den bezala, hori egia da. Gainera topiko asko daude oraindik gure “formatu txikiko antzezlana” kontzeptuan. “Formatu txikiko antzezlana”-k ez du zertan motza izan, edo testu gutxikoa, edo komedia arina, edo prestatzeko eta egokipen magiko hori egiteko lan txikiagokoa… Formatu txikiko antzerkia hori da hain justu: formatu txikiko antzerkia. Ezer gehiago, baino batez ere, EZER GUTXIAGO!
Birus poetiko bat kutsatzeko aukera izango bazenute, zein izango litzateke?
Oso kuriosoa izango da, baino nire birus poetikoa orain dela urte batzuk idatzi nuen artikulu-ipuintxo bezala: “Bizirusa”… Gustu handiz partekatu nahi dut berriro irakurle guztiekin:
Sanismoa
Oraingo garaian aspertuta gaude iada “ismo”-arekin bukatzen diren hitzak entzuteaz: Matxismoa, faxismoa, fundamentalismoa, arrazismoa, kapitalismoa, pesimismoa…
Baina gure gizartean oraindik debekatuta dago horrelako beste hitz honi buruz hitzegitea: “Sanismoa”.
Eta zer da sanismoa?
Gaixo gaudenean gaixotasun bat daukagula esaten dugun bezala, sanismoa edukitzeko sanotasun bat eduki behar da (Beno, sanotasun bat gutxienez). Gaixotasun asko birusek sortzen badituzte sanotasunaren kasuan “bizirusak” dira arduradunak. Eta nahiz eta gaur egun ezinezkoa dirudien, sanotasun asko daude eta “bizirus” mordo bat daukagu gure inguruan.
Bizirusek edozein forma hartzen dute gugan barneratzeko: irrifarraren forma, besarkadaren forma, hitz goxo batena…
Kontuz ibili, oso kutsakorra da eta denok arriskuan zaudete sanismoa harrapatzeko. Hobe da horietaz goiz konturatzea.
Nik aitortu behar dut sanista naizela. Horrela jaio nintzen. Kasu gehienetan horrela sortzen da sanismoa, gurasoen herentzia. Baina beste batzuetan kutsapen bidez transmititzen da eta ez dago bakunarik horren aurka.
Hedatzeko bide asko daude: hitzegiten-entzuten, ikusten-erakusten, sentitzen-sentiarazten, pentsatzen-pentsarazten, idazten-irakurtzen…
Barkamena eskatu behar dizut, irakurle maitea, nire sanismoa zuri kutsatzeagatik. Testu hau irakurtzen bazaude sanista kronikoa bihurtuko zara.
Noizean behin zure sanotasuna ez sinesteko eta besteen aurrean ez erakusteko katarroren bat harrapatuko duzu, edo saiatuko zara sukarra izaten, edo zeozer larriago inbentatuko duzu sanismoan ez sinesteko.
Jende asko bata txuria duten pertsonak bisitatzera joaten da, beraiek ziurta diezaieten sanismoa desagertu dela eta gaixotasun bat azaldu dela.
Hala ere bata txurikoek badakite sanismoa kronikoa dela eta gaixotasun bat diagnostikatzen badute saiatzen dira bezero burugogorrak gaixotasunez ahazten pilulekin eta jarabeekin.
Argi eta garbi esan behar da, irakurle maitea: Bizitza osorako sanistak izango gara, sanotasuna transmitituko dugu eta egunen batean sanismoa ez badaukagu ez gara bizirik egongo.
Agian jakin nahiko zenuke zer sentitzen dugun sanistek. Ondo da, lagunduko dizut:
Sanismoa badaukazu zure bihotzeko taupadak txaranga baten doinuak bihurtzen dira eta erritmoa jarraituz zure gorputzaren zelula guztiak mozorrotzen dira eta melodiaren atzetik hasten dira saltoka eta dantzatzen.
Sanismoa baduzu zure globulu gorriek eta txuriek karrozak eta konpartsak bihurtzen dira eta etengabeko kalejira batean daudela sentituko duzu zure barruan.
Sanismoaren erpeetan bazaude ezingo dituzu zure barneko sanotasuna ateratzeko gogoak erreprimitu eta zure bizirusak konfeti bihurtuko dira besteei kutsatzeko.
Eta gainera kutsadurarekin batera “ondo pasa” esango duzu guztiei behin eta berriro.
Baina zergatik “ondo pasa”? Zer pasa dezakegu ondo?
Sanismoa, noski! Sanismoa, sanotasuna eta bizirusak.
Bizitza ihauteria da eta ihauteria berriz bizitza.
Beraz, sanoz jokatu eta ondo pasa!
Ondo pasa… zure sanismoa!!!