Eneritz Artetxe aktore gernikarraren antzezlan bi batzen ditu oraintsu argitaratutako Isiltasuna lanak: liburuari izenburua emoten deutsona, sekula taularatu bakoa eta Karramarroa bakarrizketea da bestea, 2016an estreinautakoa.
Galder Perezen Hiru geltoki lurrun, Eneritz Artetxeren Isiltasuna eta Kepa Errastiren Mami Lebrun antzerki liburuak argitaratu ditue Susak eta EHAZEk, Ganbila bildumearen barruan. Igaz egin eben lez, hiru liburu argitaratu ditue aurten be eta bigarren hirukote honi esker egonkortze bidean ikusten dau proiektua Oier Guillan koordinatzaileak.
Makinatxu bat gai Eneritzegaz jorratzeko, besteak beste, euskal antzerkia, emakume antzerkigileak, euskerazko antzezlanak, liburuak, aktoreen gorabeherak, arazoak, pandemiak eragindako deskalabrua, bihar-etzirako erronkak...
Isiltasuna obran ze gai jorratzen dozu? Oholtzan noiz ikusiko dogu?
Neuk be ez dakit... Konfinamendu egoereak hankaz gora jarri ditu martxan geunkazan proiektuak, hausnarketa prozesuan gagoz eta hau ez da momenturik egokiena oholtzan antzezteko baina gogo handia daukat horretarako. Osorik ez bada be, zatitxuren bat edo jentaurrean erakutsi gura neuke.
Bakarka landutako testua da Isiltasuna eta ardatza personaia nagusia da, 50 bat urteko Laia, hain zuzen be, antropologoa eta bere bizitzako kontuak jorratzen dodaz, adiskidetasuna, bikote ohiagaz dauen loturea eta horren ostekoa, amatasuna, politikea eta umorea, dibortzioa, umeen kontrako indarkeria, feminismoa lako gaiak.
Ganbila bildumearen barruan sartu dabe Isiltasuna, Idoia Beratarbidek egindako azala dauena... Zer da Ganbila?
Antzezlanak argitaratzeko sortu eben Susa argitaletxeak eta EHAZEk Ganbila bildumea. Beharrizana egoan antzezlanak batu eta zabaltzeko, hutsune handia egon da eta orain, sikeran, badago aukerea gure lanak papelean ikusteko. Gainera, azken aldian gero eta lan aberatsagoak egin izan dira, jente piloa dabil beharrean eta horreek galtzea penea da, jaubetu bazara, gure oraingo lanak polito dagoz, estetika bereziagaz, ilustratzaileen lanagaz eta; nirean, berbarako, Idoia Beratarbidek egin ditu marrazkiak.
Horrezaz gan, transmisinoari erreparauta, hutsetik datozen sortzaile gazteentzako eredu be izan daitekez, edozein antzezlan sortzeko prozesua ezagutzeko eta sano garrantsitsua da hori, holakorik ez badago 40 urte barru pentsauko dabelako hemen ez dala ezer egin.
Shakespeare, Lope de Vega eta holako klasikoak baztertu barik erakaskuntzan lantzeko be egokiak dira berton idatzitako lanok. Idatzizko dokumentuak betirako dira.
Hurrengoak izango dira Erika Olaizola, Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturbe, Sarah Kane, Amancay Gaztañaga, Jon Gerediaga eta Gaizka Sarasola. Zuon arteko loturarik bada? Ala arerioak zarie idazleen eremuan?
[Barreka]... Bai. Oso ondo konpontzen gara, ez dago ezelako lehiarik. Arerio eta lagun kontzeptuak baztertu eta laguntasuna da gure artean nagusi; gure gizartean sektorearen desbalorizazinoa nabarmenduko neuke eta, beraz, zelan izango gara ba arerio gure artean, lagunak gara eta asko pozten gara harek edo besteak antzezlan bat idatzi edo protagonista lana egiten badau. Gainera, orain plazaratutako antzezlanok batu egiten gaitue, liburuon beharrizana danok ikusten dogu argi eta altxorra dira guretzako.
Karramarroa antzezlanak gorabehera batzuk izan dituan arren, pozik zagoz emoitzeagaz?
Bai, oso pozik. Deskubrimendua izan da obra hau eta segurutik horretan oinarrituta beste bide bat hartuko dogu, beste testuinguru batzuetan sartu gura dot Karramarroa. Baina egia da antzezlana idazteko sorkuntza prozesua berezia izan dala, pentsautako gauza batzuk nahikoa ez zirala igarri, buelta batzuk emon, inoren ekarpenak gogoan hartu, irakurri eta jarrera zabal hori tarteko zala inprobisetan hasi ginan Pablo Ibarluzeagaz eta oso gustora ibili arren, az atzera ez aurrera geratu ginan eta antzezlana hor itxi genduan bertan behera. Edozein antzezlan mosaiko handia da. Baina Antton Lukuk eraginda, testuari buelta batzuk emon eta antzezlanak indarra hartu eban barriro; danon ekarpenak balio handikoak dira, sarritan arraroena dan bideak gehien erakusten deutsu eta hor sortzen dana sano aberasgarria izaten da. Berbarako, hezkuntza arloan dagoan zehaztasuna, metodoa aitatuko neuskizu ze holakorik ez dago antzerkian, badagoz testuak, jakina, baina inprobisazinoak be aparteko indarra dauka. Beraz, egindakoak eginda, gustora geratu ginan emoitzeagaz eta jentaurrean be gozau egin dogu.
Durangoko Azokan aurkeztu zenduan Karanbola Hirukoitza: emakumeen presentzia euskerazko antzerki sorkuntzan saiakerea. Aurrez aurreko hainbat aurkezpen bertan behera geratu arren, aurrerago zeregin horri ekingo deutsazue?
Bai. Duda barik. Antzerkizaleentzako eta gainerakoentzako be sano interesgarria da, emakume alkarte eta beste kolektibo batzuk be interesau dira eta oso pozik gagoz. Musikea be tarteko dala, pare bat aurkezpen bertan behera geratu jakuzan arren (Online egin genduan bat eta bigarrena ahal dogunean egingo dogu), asmo polita da gai ugari lantzeko aukerea emoten deuskulako. EHAZEtik datorren kontua da eta asmoa hausnarketea eragitea eta mahai-inguruak atontzea.
Emakume sortzaile euskaldunok hiru baldintza erabagigarri sufriduten ditugu bizi garen gizarte honetan, zapalkuntza egoerak modu hirukoiztuan, hain zuzen be. Zeintzuk dira egoera edo baldintzok?
Kulturako hainbat alorretako personok ikerketa lanak egiteko proposamena jaso genduan, kulturearen arlo ezbardinetan emakume zein gizonek daben presentzia aztertzeko helburuari eutsiz. Nik antzerki sorkuntzaren arloa jorratu dot liburuan, euskal emakume antzerkigileek antzerki sorkuntzan daben egoerearen azterketea egin dot. Emakume sailkatua izateak gure sortzaile ibilbidea goitik behera baldintzatzen dau. Gainera kultur langile lez ibilteak bigarren mailako langile izatea esan nahi dau eta emakume kultur langile izate horri hizkuntza gitxitu batean berba egitea gehitzen badeutsagu, akabo. Emakume izanda, aitatutako zapalkuntzak pilatzen doaz, zailtasunen karanbola hirukotxa osotuz.
Dxusturi Teatroaren sortzailea zaitugu baina beste hainbat euskal antzerki taldetan lan egindakoa eta ETB1eko Goenkale telesailean Julia Bilbaoren papela lau denporaldiz betetakoa. Zerk beteten zaitu gehien, antzerkiak ala telebistak?
Arlo danak gustetan jataz eta telebista zein antzerkia izan beti begituten dot proiektuaren nondik norakoa, zer landuko dan, nor dagoan tartean eta holakoak. Norbera ze momentutan dagoan be erabagiorra izaten da. Telebista eta euskal zinemea be asko gustetan jatz eta orain be gustora sartuko nintzateke mundu horretan baina antzerkia apartekoa da, personalagoa, publikoaren arnasa sentiduten dozu, norberaren gorputz eta sentimenduakaz jokatzen dozu, arpegierak eta keinuak darabizuz eten barik eta hori ederra da, pizti bihurtzen zara antzezlekuan.
Beste alde batetik, ikerketak egiten eta idazten be oso gustora nabil.
Konfinamenduak ekarri dauen deskalabruaren ondoren, SOS Kultura, teknikarien sindikatua eta bestelakoak sortu dira gurean. Zein da zure eretxia?
Benetako deskalabrua... Oso minduta nago-gagoz, argi ikusi da zeri emoten deutsen lehentasuna, sekula bizi bako holako egoerak kudeatzea erraza ez bada be laguntzinoa eta babesa danok behar dogu. Nik neuk ikusi izan ditut kulturarako ziran aurrekontuak beste arlo batzuetara bideratzen edo lehendik geunkazan diru apurrak murriztu egin dirala nabarmen. Gure egoerea oso gogorra da, titiriterutzat be hartzen gaitue baina guk ez daukagu nominarik, ez daukagu oporrik, dana ez da dirua baina gure sektorea arautu egin behar da zelan edo halan, neurri zehatzak behar doguz eta ez dau inork erantzukizunik hartzen. Ekonomia babestu eta sustatzea nahitaezkoa dala badakigu baina antzokiak gure fabrikak dira, ensaioetarako lekuak zarratzen badeuskuez, ez daukagu zereginik, kultura barik ez gara ezer, hor doa gure nortasuna.
Dana izan da online, kulturea zein erakaskuntzea. Zelan bizi izan dozu koarentenea? Zelan ikusten dozu panoramea?
Behin behineko neurri moduan edo online egitea gauzak ondo ikusten dot, badakit liburu eta disko aurkezpenak era horretara egin dirala baina alde txarra edo izan daiteke ohiko praktika moduan geratzea; gainera, antzerkian aktoreak eta ikusleak oso hur egoten dira eta hori online egin ezkero, asko galduko litzateke, hori ezin da antzerkitzat hartu. Antzerkia presentziala, aurrez aurrekoa da, fisikoa, publikoaren indarra be ezinbestekoa da eta pantaila baten ikustea aktoreak beharrean ez dot lar ondo ikusten. Horretarako dagoz telebista eta zinemea.
EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen alkarteko buru izan zinan eta egun zuzendaritza batzordean zabiz beharrean. Zertan zabizie orain? Pandemiak upealako krisia eragin dau eta kulturea jota geratu da. Zein da zulotik urtetako botikea?
Botikea da gu geu batu, geurea saretu, indarra hartu eta aurrera egin, transmisinoa bermatzeko plangintzea zehaztu; sare bat behar dogu, Euskal Herria ardatz hartuko dauen plan estrategikoa, Eusko Jaurlaritzea, Udalak eta aktoreen arteko adostasuna behar da, erispideak zehaztu eta edozein lanbidegaz jazoten dan legez jenteak aintzat hartzea gure ogibidea, gu sortzaileak gara eta lehen be esan deutsut nominarik ez daukagu eta holan bizimodua aurrera eroatea oso gatxa da. Gure lana legeetan txertatzea beharrezkoa da, figura legala behar dogu; berbarako, Frantzian noizbehinkako artista edo intermitente figurea dago eta horri esker zeozelako irabaziak bermatzen deutsuez lanbakotasun egoeran zagozanean.