Trantsizio urtea antzerkian, itxaropenaren zain
Agus Perez
Berria, 2022-01-07

      Duela bi urteko annus horribilis-a atzean utzita, uste hedatua zen 2021ak nolabaiteko normaltasuna ekarriko ziela arte eszenikoei, eta hala izan da hein batean, COVID-19aren kontura agindutako neurri murriztaileak gorabehera. Alde horretatik, esan beharra dago iaz ere ibili zirela mugapenak birusa bezain libre, orain aretoen edukiera txikiagoa orain zabalagoa ezarrita, eta, urteko azken asteotan, QR ziurtagiria eskatuta, aurkeztu ezin edo nahi ez duen orori antzokietako ateak itxiz.

      Kontua da, hau edo bestea dela kausa, 2020ko itxialdi gogor haren ostean bizi izan zen ikusleen emanaldi-egarria kontrako fasera igaro dela orain, ekaitz gogor baten ostean olatuek beren denbora behar dutelako fluktuazio onargarrira heldu arte. Areto ezagun batzuetako arduradunek ere aipatzen dute ikusle kopuruaren beherakada, eta ildo horretatik ekarriko ditugu hona Artedrama plataformak bere azken buletinean idatzitako lerrook: “Mauletik Oionera, hitz egiten duzun lekuan hitz egiten duzula, guztiek aipatzen dute publiko eskasia. Bizitzen ari garen aro ilunak oso egunerokotasun hauskorra marrazten digu, batez ere, lehendik ere prekarizatuta zegoen sektore batean gabiltzan jendeari”.

      Izan ere, Kulturklik agenda astero-astero arakatuz gero, esan liteke iazko jardunean izugarri handitu zirela leku askotan programatutako lan makalak edo guztiz konbentzionalak, zeren eta, merkatu hutsaren legeen arabera, produktuak zenbat eta errazagoak izan, orduan eta ikusle gehiago erakartzen omen baitituzte. Eta ikuspegi ekonomikotik begiratuz gero ere, gauza bera: zenbat eta merkeagoak izan, orduan eta galera txikiagoak jasango dituzte konpainiek eta artistek, urriagoa izango baita ekoizpen bakoitzean arriskatzen duten dirua.

 

Eragileak gogotsu

      Hala eta guztiz ere, euskara hutsezko arte eszenikoen eragileek indarrez eta gogotsu ekin zieten proposamen berriak plazaratzeari eta urtean zeharreko jaialdiak antolatzeari.

      Jaialdiei dagokienez eta ordena kronologikoan, Bilbo Zaharreko Lautan Hiru festibalak mugapen handiekin eutsi zion bere jardunari otsailean, baina hari esker ezagutu genituen Txilin hotsak eta Elkar ezagutu genuen eguna bezalako lan labur bikainak. Martxoan, Loraldia jaialdiak era askotako proposamen ugari ekarri zituen arte mota diferenteak elkarlotuz, eta haien artean gogoangarria zaigu Bilboko Alondegian emandako Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia irakurketa performatiboa. Kurioski, lan hori hilaren 20an plazaratu, eta hurrengo egunean eman zuten Errenteriako Niessen aretoan (Gipuzkoa) Andrezaharraren manifestua —irakurketa performatiboa hura ere—, Mari Luz Estebanen gogoetak erdigunean jarrita. Geroago, Loraldiak Bilboko Ja! umore jaialdiarekin kolaboratu zuen, eta horri esker Elkarte Filarmonikoaren egoitzan ikusi genituen Salaketa lehen aldiz eta Tranpola taldearen Txilin hotsak berriro, gustura, gainera kasu bietan.

      Urteak, bestalde, berrikuntza garrantzitsu bat ekarri zuen jaialdien eremuan, umeentzako euskarazko lanen festibala jaio zelako apirilean Atx Teatroaren ekimenez. Programazioari begira, bikaintasuna emanaldi guztietan nagusitu zen arren, erakundeen aldetik babes eskasa jaso zuen ekimen sortu berriak, baina, ikusleen erantzun ona ikusita, espero izatekoa da datozen urteetan finkatzen eta sendotzen joatea. Maiatzean, Gasteizko Baratza aretoak antolatzen duen Zurrunbilo jaialdiak izaera presentziala berreskuratu zuen, eta han programatu zen, esate baterako, Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue performance dokumental bikaina.

 

Jaialdiez harago

      Udaren atarian geundela, berriz ere izan genuen Errenteriako (Gipuzkoa) Eztena jaialdiko proposamenez gozatzeko parada —han ez dira lan guztiak euskaraz programatzen, baina bai gehienak—, eta han eman zituzten, adibidez, Formol Laborategiaren Album, Horman Poster taldearen Antigone eta Dejabu Panpin Laborategiaren Naon Tokin izeneko site specific paregabea. Festibalen egutegian aurrera eginez, ZAA! Zestoako Antzerki Astea egin zen (Gipuzkoa), baina herriko pabiloi industrial bat egoera berezirako egokituta, eta han Mairu taldearen Iluntzen, Artedrama eta Huts Teatroaren Atzerrian lurra garratz, Eromen produkzioak-en Guateke eta Xake produkzioak-en Fadoak entzuten zituen gizona bezalako lan indartsuak programatu zituzten. Bestetik, Artedrama plataformak Aulestin (Bizkaia) antolatzen ditu urtero ADEL jardunaldiak antzerki eskola trinkoak eta emanaldiak konbinatuz, baina aurten ere, bigarrenez, irailean egin zituzten, Pazko astean egin beharrean. Euskal Herriko konpainia eta lan enblematikoenetariko batzuk programatu zituzten —Antigone, Atzerrian lurra garratz, Amua, Porno vs Afrodita, Lurrun minez...—, baina data haietan Donostiako Zinemaldiarekin batera gertatu, eta galtzaile atera zen euskarazko antzerki aurreratua erdarazko zinema ahalguztidunaren aurrean.

      Betiko legez, Azpeitiko Antzerki Topaketak izan ziren udagoienean (Gipuzkoa), eta haietan estreinatu ziren Jon Ander Alonsoren Tempus fugit bakarkako lana eta bi konpainia sonaturen obra bikainak: Atx Teatroaren Lubaki lainotsua eta Kamikaz kolektiboaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi, azken hori Soreasu antzokia topera beteta zegoela eta ikusleen harrera apoteosikoarekin. Azkenik, urteko emanaldi eta jaialdien zikloari amaiera emanez, Sormene delako kultur ekimena jarri zen bigarrenez abian Galdakaon (Bizkaia) —Torrezabal jauregian, nagusiki— eta antzezlanen artean arestian esandako Kamikaz kolektiboaren eta Goitibera taldearen Amatxik dixit single baina onest eta sakona programatu zituzten.

      Hala ere, ezin dugu atal hau itxi jaialdietatik kanpo iaz ikusi genituen bi pieza aipatu gabe. Bata Maitasunaren itxiera dugu —Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoiren arteko duelu eszeniko ikaragarria—, eta bestea Ogiak hizketan baleki izeneko lana da: Gasteizko Mamiak kolektiboak estreinatu zuen Oihaneder euskararen etxean, egia-ostea eta antzerki dokumentala bikain uztarturik.

 

Agertokietatik kanpokoak

      Bitartean, emanaldietatik kanpo, beste kontu batzuetan jardun zuen iaz ere euskarazko antzerkigintzak. Alde batetik, Ehaze elkarteak bi ikerketa plazaratu zituen 2021ean. Haietariko batean Maddi Goikoetxeak euskal antzerki eskolen zentsua osatu zuen, eta bestean euskarazko estreinaldien inguruko azterketa egin zuen Lali Marimonek, 2016. eta 2020. urteen arteko epea kontuan hartuta.

      Antzerki liburugintzan ere izan zen oparoa 2021a: Susa argitaletxeak eta EHAZEk elkarlanean daramaten Ganbila bilduman beste sei liburu atera ziren iazko bi labealdietan. Lehen hirurak Jon Gerediagaren Dama, Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan eta Agus Perezen Aititaren betaurrekoak Donostiako Kasilda liburutegian aurkeztu ziren apirilean, baina beste hiruren aurkezpena Amancay Gaztañagaren 39 lore, Peru Calabaza Sabanen 99 pauso ganorabakoen aldamenean eta Patricia Urrutia Urietaren Porno vs Afrodita Durangoko Azokan izan zen, eta Ehazeren salmahaian antzerkizaleen elkarteak berak argitaratutako beste liburu bi saldu ziren: Galder Perez eta Ane Zabalaren 25 gau eta bat gehiago, Gilkitxaro taldearen 25 urteak gogoratuz, eta Oier Guillan eta Metrokoadrokaren Miss Karaoke. Haiekin batera, Eider Adeletxen Alamedako dantzaldia liburua argitaratu zuen Eztena jaialdiak, bertan izandako performance birtual batean oinarrituta, eta esan daiteke liburuok erosleen harrera ona izan zutela eta etorriak izan zirela gure antzerki aurreratuaren fede ematera.