Antzezlanak: Zom-2, Amatxik dixit, Anulados, Que siempre estemos todos y un cocodrilo en el techo. Lekua: Bilboko P6. Egunak: Apirilak 27 eta 28.
Zazpigarren urtez antolatu du Bilboko P6k Antzerki Arina izeneko zikloa. Hasieratik darabilten formula erakargarriarekin, ikusleek ibilbide bati jarraitzen diote hogei bat laguneko taldeetan, eta geldialdi bakoitzean obra labur baten lekuko dira, hurbiltasun handiz eta kokapen berezietan. Aurten lau pieza ikusi ditut, bi euskaraz eta beste biak erdaraz.
Anodino Teatroaren Zom-2-k site specific bezala funtzionatzen du, inguruko lantegi abandonatu haietariko batean gertatzen delako, bertako eskailera, zutabe, horma eta ateari nolabaiteko etekina ateraz. Ez nik espero nukeen bezainbesteko etekina, baina tira! Mikel Fernandinoren argumentuan diru gose den enpresari putre batek (Patrizia Urrutia) leherketa kontrolatu bidez eraitsiko duten eraikina bisitatzen du teknikari baten laguntzaz (Aitor Fernandino), ikusleok bertan gaudela. Denok espero bezala —baina espero ez dugun eran— aurkituko du merezi duen patua, eta bitartean dialogo ironikoez eta bi antzezleen bizitasunaz gozatu dugu, sano gozatu ere.
Zalantzarik gabe eta ikusle askoren iritziz, aurtengo sari nagusia merezi du Amatxik dixit lanak. Testua eta zuzendaritza Saioa Iribarrenenak dira, eta bera izan zen, Ander Basalduarekin batera, ziklo berean Beltxarga beltza nabarmengarri hura duela lau urte eskaini ziguna. Oraingo honetan, egilearen amamak (Nerea Ariznabarreta) Espainiako Gerra Zibilean eta gerraostean bizi zituen izugarrikeriak eta bere senargai anarkistaren (Ander Basaldua) erbestea azaldu dizkigute, Gaizka Chamizoren pertsonaiaren kontrapuntu bizigarriaren laguntzaz. Esan bezala, lan honek ikusleen harridura piztu du, eta emaitza horretan eragin zuzena eduki dute eremu eszenikoaren disposizioak, jantzi egokiek, musikaren erabilerak —ahotsak, gitarra eta txirula—, erritmo sostengatuak, soinu-efektu politek, euskara txukunaren jariotasunak eta, zelan ez, hiru antzezleen entrega eta dohain ukaezinek. Espero dugu lan hau edo haren balizko luzapena beste leku askotan ikusi ahal izatea.
Larunbateko ibilbidea amaitzeko, Anulados ikusi genuen. Teresa Caloren zuzendaritzapean sortu den lan honek genero-biolentziaren disekzio ia klinikoa egiten du, atzekoz aurrera doan ekintza eszenikoaren bidez. Iņigo Dierez da testuaren egilea eta berak egiten du bikoteko gizonarena, Andrea Covadongarekin batera emakumearen rolean. Esan bezala, testu eredugarria da, eta bien antzezpen bikainek sinesgarritasun osoa ematen diote matxismoaren izurritearen salaketari.
Igandean ikusi nuen lan bakarrak —Que siempre estemos todos y un cocodrilo en el techo— Gabon zaharrean formulatzen ei diren desio etiliko haietariko bati egiten dio aipu. Eszenako lau neskak —Getari Etxegarai, Olatz Ganboa, Nagore Gonzalez eta Ane Pikaza— pastel gamako tonuetako arropekin azaldu ziren, eta Maria Goirizelaiaren testua bide beretik ibili zen —leun, samur, atsegin...— lauren ama eta amamen borroka pertsonalak bihotzetik gogoratuz eta diapositiba-proiektore batekin familia-irudiak erakutsiz. Haietariko baten amama ikusleen artean zegoen, eta denok eskertu genion emakume aitzindari haiek egindako bidea.