Konpainia: Kamikaz kolektiboa. Testuak, zuzendaritza eta jantziak: Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola, Miren Gaztañaga. Musika: Paula Olaz. Antzezleak: Edurne Azkarate, Iraia Elias, Oier Guillan, Mikel Ibarguren, Amaia Irazabal. Lekua: Bilboko P6 aretoa. Eguna: Urtarrilak 27.
Käffka eremuetan bizi dira 2049. urteko nerabeak, emoziorik gabeko gizarteak ezin duelako beren aldarteak eta pasio menderaezinak toleratu. Horrelako zentro batean ezagutuko dira Lirian eta Orion, eta elkarrekin bilatuko dute beren bizitzeko eta nahietarako bidea.
Gehitu eta Ortzadar LGTB elkarteen enkarguz sortu du Kamikaz kolektiboak lan hau. Ikusleak kokatzearren, esan beharra dago bihotzak eta tripak umore basatiz astintzen dabilen Agur eta Dolore hori eurena ere badela —Ttak! kolektiboarekin sortu zuten—, eta, printzipioz, oraingo hau nerabe eta gaztetxoei zuzenduta dagoela. Hala ere, aretoa leporaino bete duten ikusle helduek eta askoz gazteagoek gozamen handia hartu dute egiaren bilaketaz, bizitza librearen abenturaz eta sexu berekoen amodioaz hitz egiten duen lan suabe, baikor eta aurreratu honekin.
Robot itxurarekin agertu dira Käffka eremuko zaindariak hasiera batean, eta hori izan da proposamenaren lehen tanto nagusia, arroparen diseinu orokorrak berdin balio izan duelako irakasle zein ikasleentzat, eta nolabaiteko informaltasuna gehitu diolako uniformeen ukitu futuristari. Bestetik, robot zaindarien itxurak aipamen berezia merezi du, sukaldeko tresnekin egindako apaindura eta gauzengatik. Argien diseinua ere izan da erabakigarria ikusleak lehen eszenatik etorkizunera bidaltzeko; gero ere, fokuen koloreak eta intentsitatea emozioen bideragarri izan dira, bereziki bi neskek beren arteko maitasuna onartu dutenean eta amaierako eszena hunkigarrian.
Batere artifiziorik gabe, dena gertatu da ikusleen aurrean, zintzotasuna nagusi, horixe eskertzen dutelako lan honek xede dituen ikusleek. Eskailera metaliko bat eta haren osagarriak izan dira elementu eszeniko ia bakarrak, eta haiekin eratu dira argumentuak behar zituen egoerak. Beste elementu nagusia kinkilari misteriotsuaren orgatxoa izan da —egurrezkoa, kasurako—, saltzaile itsuak aspaldiko gauzak erakusten dizkielako harengana hurbiltzen ausartzen direnei. Musu-truk eman ere, parabola askotan bezala, jende arruntak baino askoz hobeto ikusten duelako. Eta, bide batez esanda, zein ausart eta dibertigarria Andoni Ikurrinak delakoari emandako rola!
Pertsonaien aldaketa ugariak ere ia agerian gauzatu dira, ikusleen konplizitatearen laguntzaz, eta ederto zaindu da lan osoaren erritmo sostengatua. Eta gero pertsonaiak daude; oso pertsonaia sinesgarriak eta politak, batez ere nagusiak irudikatzen dituztenak: kinkilari misteriotsua, Käffka eremuko andereño arduraduna, kanpotik etorritako ikuskari beldurgarria.... Amaitzeko, azpimarratzekoa da emanaldiari ez dariola inolako gurasokeriarik, horixe baita nerabeek helduengandik onartuko luketen azken gauza.